}

Hegazkinak, prezipitazioen eragile?

2010/07/18 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Zientzialariek urteak daramatzate aireko trafikoak prezipitazioetan izan ditzakeen eraginak aztertzen; kontuak zalantza eta espekulazio ugari sortu ditu, gainera. Alde horretatik, ikerketa berri baten datuak argigarriak izan litezke. Hegazkinek kondizio zehatz batzuetan hegan egitean euria edo elurra eragin dezaketela egiaztatu dute.
Hegazkinak kondizio batzuetan prezipitazioak eragiteko gai direla oraintsu baieztatu dute ikertzaileek.
Swaminathan

Ez da berria gizakiaren jarduerak eguraldiaren jokabidean nabarmen eragiten duela. Eta, era berean, hegazkinek lainoetan uzten dituzten arrasto bitxiak ere ez zaizkigu ezezagun. Baina, prezipitazioei eragitera iristen ote dira? Hori argitu nahi izan du, bada, Estatu Batuetako NCAR Atmosfera Ikertzeko Zentro Nazionaleko ikertzaile-talde batek.

Hegazkin turbohelizedunek eta erreakzio-hegazkinek altitudean gora eta behera egin ahala, zenbait kondizio atmosferikotan, oharkabean, erdi-mailako lainoak sortu, eta elur- edo euri-banda estu batzuk eragin ditzaketela azaldu dute; banda horiek prezipitazio gisa jaits litezke gero lurrerantz. Fenomeno horren bitartez, lainoetan forma irregularra duten zuloak edo kanal ikusgarriak uzten dituzte.

Zientzialariek diote lainoetan zulo horiek eratzeko “gakoa” 0 azpiko tenperaturako ur-tantetan (-15 Celsius gradu baino gutxiago) legokeela. Altitude eta tenperatura jakin batean, lainoak 5 Farenheit graduan (-15 ºC) hoztutako ur-tantaz betetzen dira. Uraren purutasuna dela eta, tantak likido mantentzen dira 0 azpiko 34 graduan ere. Baina lainoa askoz gehiago hoztuz gero, ur-tantak izoztu egiten dira; hala, ura izotz bihurtzen da, gero euri edo txingor forman jaits daitekeena.

Zenbait hodei zulamakina handi batek zulatu izan balitu bezala ikus ditzakegu. (Argazkia: Alan Sealls ) .

Hegazkin baten mugimenduek efektu hori sor dezakete, helizeen eta hegoen atzean hoztu egiten baita airea. Ondorioz, aipatutako tantak izoztu eta prezipitazioak sor daitezkeela diote NCAReko kideek: “Kondizio zehatz horietan hegan dabilen edozein hegazkinek lainoak modu zehatz batean asaldatzen dituela ikusi dugu, eta prozesu horren ondorioa gertuko prezipitazioak izan daitezke”.

Badirudi prezipitazio horiek nahiko ohikoak izan litezkeela Pazifikoko ipar-mendebaldean eta Europako sartaldean, super-hoztutako ur-tantaz beteriko laino-kapa ugari hautematen baitira bertan.

Hodei "zulatuak"

Itxuraz zulamakina handi batek egindako zuloak dituzten lainoak zergatik sortzen diren argitu nahian, 1940ko hamarkadan hasi ziren lanean mundu osoko zientzialariak.

Abiazioarekin lotutako zenbait kausa posible proposatu izan dira harrezkero: hegazkinek eragindako talka akustikoen uhinak, hegazkinen ibilbidean gerta litekeen airearen berotze lokala edo jet-en kondentsazio-lorratzean izotza sortzen dela aipatu izan da, adibidez.

Lainoen egitura eta itxura bitxiek betidanik sortu izan dute harridura. (Argazkia: Paulo Ordoveza ) .

Hasieran erreakzio-hegazkinen eraginak aztertzera mugatu baziren ere, 1980ko hamarkadan ohartu ziren helize-hegazkinek super-hoztutako tantak izotz-kristal bihur zitzaketela. Eta 1990ean hasi ziren fenomeno horren ezaugarriak zehazten.

Aireontzi batek elurra eragin dezakeela orain baieztatu da, ordea, NCAReko kideek Denver inguruan 2007an egin zuten hegaldi bati esker lortutako datuak baliatuta. Hegaldi hark ezohiko oihartzun bat utzi zuela hauteman zuten, eta prezipitazio-banda hark azkar (eta forma bitxi batekin) eboluzionatu zuela jakin ahal izan zuten.

Datuak aztertuz, altokumuluz (altuera ertaineko hodeiz) osatutako plataforma solido batean zulo bat ikusi zuten, baita lurreraino iristen zen elur-ufada bat ere. Bada, zulo haren norabideak bat egiten zuen eskualde horretako hegazkin komertzialen hegaldi-ibilbideekin. Hala, adituek ondorioztatu zuten laino artean hegan zebilen beste hegazkin batek nolabait izotz-partikulak sortu ahal izan zituela. Elurte azkar bat eragin zuen, atzean kanal formadun laino “zulatu” bat utzita.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia