}

Hegazkinak: Supersonikoen garaia

2000/03/19 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Duela urte batzuk, ez asko egia esan, oporretara aberatsak baino ez ziren joaten. Gerora, ia urte osoan lanean eman eta gero oporraldia herritik edo hiritik kanpo igarotzeko ohitura hedatu egin da. Hasieran, hala ere, etxetik gertu samarrera joaten ziren gehienak; azkenaldian, berriz, 3-4 jai-egun izanda ere, urrutiko tokiak aukeratzen dira maiz. Besteak beste, industria aeronautikoaren eboluzioak zer ikusi handia izan du horrekin.

Gero eta bidaiari gehiago, gero eta hegazkin gehiago, gero eta konpetentzia handiagoa hegaldi-konpainien artean… beraz, gero eta bidaia merkeagoak eta azkarragoak. Ondorioz, urtetik urtera hegazkinen zirkulazio errekorrak hausten dira. Dena den, badirudi gaur egungo hegazkinak mugara iritsi direla, ezin direla erosoagoak eta bizkorragoak izan. Horregatik, hegazkin supersonikoen arloko ikerkuntza indarberritu egin da. Izan ere, zer gehiago eska dakieke egungo hegazkinei, abiada handiagoa eta segurtasun handiagoa ez bada?

Aeronautika-enpresak horretan ari dira, baina inbertsio ekonomiko handiegiekin egin dute topo, gehiegizkoak beharbada enpresa pribatuendako. Ikerketa-lerro horren lehen bagoian, Europa eta Estatu Batuak daude. Inork ez du trena galdu nahi. Izan ere, emaitza onak lortzen dituen lehenak, maila altuko teknologiaz gain, bidaiarien hegazkinen merkatuaren jabe egingo da.

Etorkizuna hegazkin supersonikoena izango da. Hala ere, bidea ez da erraza. Hegazkin horiek bizkorrak izan beharko dute, eraginkorrak, seguruak, eta, batez ere, ingurugiroa hondatuko ez dutenak. Europan dagoen bidaiariendako hegazkin supersonikoak, Concordek, azken betebehar horretan huts egin du. Eta, besteak beste, horregatik ezin izan du beste merkatuetarako jauzirik egin. Gaur egungo teknologia, ordea, gai da Concorderen akatsak zuzentzeko -poluzio atmosferikoa eta akustikoa-. Abian jartzea, besterik ez zaio falta.

Estatu Batuen asmoak

Zerua, eta zeruko teknologia, estatubatuarrenak izan dira orain arte. Boeing, McDonnel Douglas, Lockhed Martin eta abar hegazkingintzako lider dira. Era berean, hegaldi-konpainia amerikarrak munduko boteretsuenak dira, urtero bidaiari gehien garraiatzen dituztenak. Baina horiei ere hasi zaie konpetentzia iristen. Adibide bat? Europako Airbus.

Egoera horrelakoa izanda, estatubatuarrak etorkizunari begira jarri eta hegazkin supersonikoen inguruko ikerketak egiten hasi ziren. Egitura eta material berriak, diseinu berritzaileak, ingurugiroa hondatuko ez duten propultsio-sistemak… Estatu Batuetako ikerlarien eguneroko agendan egon ziren. Horiek garatzen diren egunean, hegazkina bera eraikitzen hasteko ez da eragozpenik izango. NASA sartu zen tartean. Espazio-agentziak 1990. urtean HSR (High Speed Research) programa jarri zuen abian. Programaren helburua lehen esandakoa da, hegazkin supersonikoa eraiki ahal izateko ikerketak egitea.

NASAk Boeing eta McDonnell Douglas enpresei azterketa egiteko eskatu zien: bidaiariendako hegazkin supersonikoen zerbitzuak nolako eskaria izango zuen azter zezatela. Txostenaren emaitzak bikainak izan ziren, horrelako zerbitzua jarriz gero bidaiari transozeanikoen kopurua % 200etik gora haziko litzateke. Horrek esan nahi du 2005 eta 2015 urteen artean 500 hegazkin supersoniko baino gehiagorendako merkatua egon egongo litzatekeela. Baina txostenak gehiago ere argitzen zuen: eskaria sortuko litzateke, baina baldin eta hegazkinek atmosfera hondatuko ez balute, zarata gutxi aterako balute, eta azken belaunaldiko hegazkin subsonikoen pareko izango balira.

Txostenaren emaitzak ezagutu ondoren, HSR programa bizkortu egin zen. Boeing eta McDonnell Douglas enpresek 300 bidaiariendako tokia, eta Mach 2,4ko abiadan -soinuarena 2,4 aldiz- mugitzeko gai izango ziren hegazkinen diseinu aerodinamikoak landu zituzten. Horrekin batera, beste enpresa batzuk motorren garapenean murgildu ziren, potentziari eta ingurugiroari kalte ez egitea helburu izanda.

Programaren arabera, 2001. urterako lehen prototipoak eraikiko dira; lehen hegaldiak, berriz, 2005. urtean. Dena den, badirudi kontua hoztu egin dela. NASAk aeronautika-ikerketarako zuen aurrekontua asko murriztu zen iaz, eta orain inork ez daki Estatu Batuek noiz izango duten prest bidaiariendako hegazkin supersonikoa. Helburu teknologikoei eusten zaie, baina ez dago jakiterik praktikan gauzatuko diren edo ez.

Eta Europan zer?

Estatubatuarren ahaleginak ikusirik, Europan ere lanean ari dira hegazkin supersonikoen alorrean. Beharbada arrazoi handiagoarekin, gero eta argiago ikusten baita Concordek ez duela arrakastarik izango. Muga ere jarri diote Concorderi, 2010. urtea. Bidaiariak eramateko lehen hegazkin supersonikoa izanik, Concorderen diseinua ez zen oso ausarta izan, horregatik pisutsua eta garestia da. Boeing 747 hegazkinak baino lau aldiz garestiagoa da Concorderen mantenimendua.

Europako hainbat enpresa lankidetzan ari dira ESRP (European Supersonik Research Program) programan: Rolls-Royce, Aerospatiale, Daimler-benz, Aerospace, British Aerospace, SNECMA etab. Enpresa horien guztien artean landu duten proiektuak estatubatuarren proiektuaren antz handia du: 250 bidaiarirendako tokia eta Mach 2ko abiadura. Eragozpena, bera, teknologia garestiegia da eta oraindik ez dago Europako herrialdeen lehentasunen artean.

Oraindik ez dago batere garbi horrelako proiektuak finantzatzeko behar beste diru egongo den edo ez, baina itxura guztien arabera bidaiariendako hegazkinen etorkizunak supersoniko abizena du. Bide horretan aurrera eginez gero, gainera, supersonikoen ondorengo etorkizun hipersonikoan pentsatzen hastea ere badago. Batzuk dagoeneko hasiak dira horretan pentsatzen -estatubatuarren X-30 NASP hegazkina adibidez-, baina kontua da oraindik lehenengo urratsa ere ez dela bete. Dena den, ez da zientzia-fikzioa, denbora-kontua besterik ez.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia