Hegazkinen arrastoek eguraldian eragiten dute
2002/08/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Hegazkinen arrasto zuria ur-lurrun kondentsatuz eta partikula txikiz osatuta dago. Aire lehorrean berehala desagertzen da arrasto hori, baina, hezetasun handia badago, zirruen moduan hedatzen da. Zirruak hodei zurixka xeheak dira, eta jakina da mota horretako hodei naturalek, eguzki-izpiak islatzen dituztenez, tenperatura jaitsi egiten dutela egunez. Gauez, aldiz, ez diote Lurraren berotasunari alde egiten uzten; beraz, zeru garbiarekin baino tenperatura altuagoa egoten da zirruak daudenean.
Zientzialarien ustean, aire-zirkulazio handia dagoen tokietan, hegazkinek atzean uzten duten arrastoaren eraginak zirruenaren antzekoa izan beharko luke. Eta atentatuaren ondoren izan zen aukera ez zuten alferrik galdu. Irailaren 11tik 14ra ia hegazkin guztiak lurrean gelditu zirela baliatuz, hiru egun horietako gaueko eta eguneko tenperaturak neurtu zituzten, eta 1971tik 2000ra bitarteko irailetan antzeko eguraldia egin zuen egunetako tenperaturekin alderatu zituzten. Emaitza argigarria izan zen: hegazkinik gabeko egunetan, gaueko minimoaren eta eguneko maximoaren arteko aldea gradu bat handiagoa zen hegazkinak zeudenean baino. Eta aldea are handiagoa zen hiru egun horien aurreko eta ondorengo hiru egunetako datuekin alderatuz gero; hain zuzen ere, 1,8 °C-ko aldea zegoen.
Atmosfera osotasunean hartuta, tenperaturaren aldaketa horiek hutsalak dirudite, baina aire-zirkulazioa oso handia den tokietan kontuan hartzeko modukoak dira. Gainera, eragina are handiagoa izan daiteke etorkizunean, toki batzuetan hegazkin-zirkulazioa urtean
% 5 haziko dela aurreikusten baita. Ikerketaren emaitzak esanguratsuak badira ere, ikertzaileek oraindik oso gutxi dakite hegazkinek utzitako arrastoen inguruan; ondorioz, ezin dira kontuan hartu eredu klimatikoak egitean.
Ikerketa Nature aldizkarian argitaratu da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia