}

Hegazti zikinak

2001/06/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hegaztiak oso txukunak izaten dira eta bere lumak garbi-garbiak edukitzen dituzte. Bada, ordea, salbuespen bat: harkaitzetako eper zuria. Izan ere, Artikoko hegazti horrek nahita zikintzen du bere lumajea. Baina batzuei jokabide okerra dela iruditzen bazaie ere, hori egiteko arrazoiak dituela ikusi dute ikertzaileek.

Harkaitzetako eper zuriak neguan kolore zuriko lumajea izaten du; horrela, elurretan ia ikusezina da etsaientzat. Udan, aldiz, tundrako liken eta harri artean edo lurrean ezkutatzeko, lumaje marroi jaspeztatua du. Elurra urtu bezain laster, emeak zuritik marroira aldatzen du bere lumajea. Baina arrak aste batzuetan kolore zuriko lumajearekin jarraitzen du; beraz, etsaientzat harrapakin erraza da. Ikertzaileen ustean, era horretan arrak arriskuei aurre egiteko gaitasuna erakusten die bai emeari baita ar aurkariari ere.

Kanadako Kingstongo Queens Unibertsitateko Robert Montgomerie-k eta bere taldekideek harkaitzetako eper zuriaren jokaera aztertu zutenean, arrak bere lumaje zuria lohiz estaltzen dutela ikusi zuten 1981ean. 17 urte iraun dituen azterketa sakona egin ondoren, arra emeak arrautzak errundakoan lohitzen dela jakin dute. Gainera, emeak habia galtzen duenean, arrak lumak garbitu eta beste eme baten bila hasten da.

Aukeraketa sexualak muda atzera dezakeela erakusteaz aparte, jokaeraren gain eragiten duela erakusten du Behavioral Ecology aldizkarian argitaratutako lan horrek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia