Hegaztiak eskalatzaileak izan ziren lehenik
2003/01/17 Elhuyar Zientzia
Ez dago batere argi hegaztiek nola garatu zuten hegan egiteko gaitasuna, baina, teoria berri baten arabera, maldan gora errazago igotzeko ahaleginen ondorioa da.
Teoria berria Kenneth Dial biologo estatubatuarrak plazaratu du Science aldizkarian. Aitortu duenez, ideia 15 urteko semeak eman zion. Dial eperren, galeperren eta indioilarren hegoen dinamika aztertzen ari zela, semea konturatu zen belar-fardo bertikaletan gora eskalatzen zutela. Hori ikusita, aitak hegaztiak grabatzeari ekin zion abiadura handiko kamerak erabilita eta semeak esandakoa egia zela ikusi zuen.
Grabazioetan ikusten denez, hegalak astinduz hegazti helduak gai dira 105 graduko makurdura duten paretetan buruz behera ibiltzeko eta jaioberriek gaitasuna dute 45 graduko angeludun aldapak igotzeko, hegalak modu batera edo bestera mugituz.
Dialen arabera, oso posible da lehenengo hegaztiak ere horrela mugitzea.
Informazio gehiago Nature aldizkariaren web gunean
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia