Hegaztien jatorria hobeto ezagutzeko gakoak eman ditu Txinako fosil batek
2023/09/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hegaztien arbasoen eboluzioa nahiko ezezaguna da, fosil gutxi baitaute. Antzinakoenak Archaeopteryx generokoarenak dira; Jurasiko Berantiarrekoak dira, eta dinosauro terapodoen eta hegaztien ezaugarriak ditu. Orain, hegaztien eta dinosauroen ezaugarriak nahasian dituen beste espezie bat aurkitu dute, Txinaren hego-ekialdean, eta Fujianvenator prodigiosus deitu diote.
Txinako eremu hori oso aberatsa da Jurasiko Berantiarraren eta Kretaziko Goiztiarraren garaiko fosiletan. Zengheko faunaren izenez ezagutzen dira, eta garai geologiko berezian sortu ziren. Hain zuzen, duela 148-150 milioi urte, eremu hartan jarduera tektoniko bortitza zegoen, plaka paleopazifikoaren subdukzioaren ondorioz; baldintza haietan, espezie ugari geratu ziren fosilizatuta, gehienak, ornodun urtarrak eta erdi urtarrak. Haien artean aurkitu dute Fujianvenator prodigiosus.
Nature aldizkarian eman dituzte xehetasunak. Azaldu dutenez, ezaugarri berezienetako bat tibiaren luzera da, femurra baino bi aldiz luzeagoa baita. Litekeena da, beraz, korrikalari azkarra izatea, edo paduran bizi zen limikola bat izatea. 641 gramo pisatuko zituela kalkulatu dute, eta besoak lumaz estalita zituen. Ez dute uste belarjalea izango zenik.
Ikertzaileek ondorioztatu dute hegaztien arbaso zuzena zela, eta terapodoetatik eratorri zela, Jurasikoaren amaieran. Horrez gain, aurreratu dute Zengheko fauna ikertzen jarraituko dutela, informazio baliotsua lor dezaketelakoan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia