Hego Afrikan bizi-itxaropena luzatzea eta kutsatzeak gutxitzea lortu dute antirretrobiralek
2013/02/22 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
KawaZulu-Natal eskualdea Afrikako hego-ekialdeko eremu pobreenetako bat da. Han, hiesaren prebalentzia oso handia da; helduen % 29 seropositiboa da, eta ehunekoa askoz ere handiagoa da 30-49 urteko pertsonen artean: 30-49 urteko emakumeen ia erdiak dira seropositiboak, eta 35-49 urteko gizonezkoen herenak.
2003. urtean, Osasun Sailak antirretrobiraletan oinarritutako tratamendua hedatzeko programa bat jarri zuen martxan, eta ikertzaileek programak izandako ondorioak neurtu dituzte, batetik, bizi-itxaropenean, eta, bestetik, gaitzaren hedapenean (kutsatze-kopurua).
Lehenengo ikerketan gogorarazi dutenez, munduko leku gehienetan bizi-itxaropena luzatzen ari zen bitartean, hiesaren erruz alderantzizkoa gertatu zen Afrikaren hego-ekialdean 1980ko hamarkadaren azken urteetatik aurrera. XXI. mendearen hasieran, egoerak bere horretan jarraitzen zuen, eta bereziki larria zen KawaZulu-Natalen: 2000tik 2003ra, helduen bizi-itxaropena 55,4tik 51,3ra igaro zen emakumezkoetan, eta 49tik 46,9ra gizonezkoetan.
Ikertzaileek frogatu dutenez, programa hasi zenetik 2011ra bitartean, bizi-itxaropena 9 urte luzatu da gizonetan, eta 11 emakumeetan. Horrekin batera, depresioa, drogen kontsumoa eta suizidioak jaitsi egin dira. Ikertzaileek alderdi ekonomikoari ere begiratu diote, eta ondorioztatu dute programa guztiz onuragarria dela, irabaziak askoz handiagoak baitira gastuak baino (26 aldiz handiagoak, hain justu).
Bigarren ikerketak gaitzaren hedapenean jarri du arreta, eta baieztatu du antierretrobiralen ondorioz kutsatze-kasuak asko gutxitu direla. Emaitza esanguratsua da, bikote ofizialetik kanpoko sexu-harremanak ohikoak baitira han, eta pentsatzen baitzuten horrelako lekuetan kutsatzeak gutxitzea askoz ere zailagoa zela. Usteak uste, baina, antirretrobiralek % 38 gutxitu dute hiesa kutsatzeko arriskua.
Ikerketak 2001ean hasi eta 2011n amaitu ziren, eta, guztira, 101.000 pertsonak parte hartu dute. KwaZulu Nataleko Unibertsitateaz gain, Harvard eta Londresko unibertsiteak ere aritu dira bi ikerketetan.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia