Hego Polo magnetikoan!
2003/01/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hego Polo magnetikora iristea ez zen hain garrantzitsua, eta, beraz, Shackletonen espedizioak ez zuen izan bi urte geroagoko espedizio norvegiarrak adinako oihartzuna. Espedizio hartan, Admunsen norvegiarra eta beste hiru kide Hego Polo geografikora iritsi ziren 1911ko abenduaren 14an.
Espedizio horiek ez ziren esplorazio hutsak; britainiarrek egin zituztenak, adibidez, Royal Geographical Society erakundeak babestu zituen, eta, beraz, ikerketa zientifiko ugari egin zituzten. Shackletonek 1907an antolatutakoak, Nimrod ontzian, marinelak, medikuak, sukaldariak eta zientzialariak baino ez zituen eskifaian.
Itsasontziak Antartikaraino eraman zituen esploratzaileak, eta horiek lehorrean zurezko txabola bat eraiki zuten. Horrela, itsasontziak iparraldera itzultzeko aukera izan zuen, izotzetan harrapatuta geratu baino lehen. 1908ko otsailaren 22an Nimrod ontzia Zeelanda Berrirako bidean zegoen.
Negua gertu
Taldea lanean hasi zen, uda-garaia bukatu baino lehen. Jameson Adams meteorologoak neurketak egiteari ekin zion; Edgeworth David-ek elurraren maila neurtzeko gailu bat egin zuen; Douglas Mawson-ek anemometro bat instalatu zuen inguruko muino altuenaren gainean. Txabolaren paretetatik zintzilikatutako pertzetan elurra eta izotza pilatuta lurruntze-abiadura ere neurtzen zuten.
Bestalde, James Murray biologoak, arraildura batetik behera jaitsitako kaxa batez, arrainak eta krustazeoak harrapatzen zituen. Kaxa igotzerako izozturik egoten ziren, baina, desizoztu ondoren, bizirik irauten zuten.
Erebus sumendia ere igo zuten, eta kraterra neurtu zuten. Espedizioaren lehenengo lorpen handia izan zen hura; kontuan hartu behar da sumendi aktibo hori 3.794 metro altu dela. Ez zen erraza izan; igoera horretan, Sir Philip Brocklehurst geologoari behatzak izoztu zitzaizkion.
Martxoan, Eguzkia ezkutatzen hasi zen, eta eguneroko lana gero eta neketsuago bilakatu zen. Neguari aurre egiteko prestatu behar zuten.
Noski, negua iluna zen, zirkulu polarraren barruan zeudelako, eta, beraz, ez zuten Eguzkia berriz ikusiko hurrengo hilabeteetan. Udaberrirako planak egiteko, eta, batez ere, bizirik irauteko garaia zen, bai fisikoki bai eta psikologikoki ere. Txabola barruan jarduera murriztu egin zen, taldekideek binaka egiten zuten lo gela txiki batzuetan, eta ahalegin handia egin behar izan zuten bizimodu gogor horri aurre egiteko.
Eguzkia berriz ikusi zutenean, planak martxan jarri zituzten: talde bat Hego Polo geografikorantz joango zen, eta bigarren bat Hego Polo magnetikora.
Hego Poloa gaur egun.Bidean
Shackleton, Adams, Marshall eta Wild hegoalderantz abiatu ziren; 2.700 kilometro baino gehiago egin behar zituzten joan-etorrian. Bidaia neketsua izan zen. Laguntzeko poneyak zeramatzaten, baina, egoerak hala eskatuta, hil egin behar izan zituzten batzuk, eta haien okela eta haientzako zuten artoa jan. Ia bi hilabete eta erdi ibili ondoren, etsi eta buelta eman behar izan zuten, polotik 150 kilometrora. Urrutien 88º 23' hego-longitudean egon ziren, 1909ko urtarrilaren 9an. Martxoaren 4an, neguaren hasieran, Nimrod itsasontzian zeuden lau esploratzaileak, arriskutik kanpo.
Beste taldeak, ordea, espedizioaren bigarren helburua lortu zuen. David, Mackay eta Mawson eskarmenturik gabeko esploratzaileak ziren. Iparralderantz abiatu ziren oinez, lehen zatirako ibilgailu baten laguntzaz, besterik ez. Ibilgailuak pare bat janari-biltegi hornitzeko balio izan zuen. Ibilgailuaren motorra gehiegi berotu zen eta ezin zen askoz gehiagorako erabili.
Gainerako bidea animaliarik gabe egin zuten. Bidean, elikagaiak urritu egin zitzaizkien, eta noizean behin baten bat erortzen zen arraildura batean. Mawsonek, zientzialari petoak, horrelako batean barruan zegoela paretetako izotz-kristalak aztertu zituen.
1909ko urtarrilaren 15ean, Mawsonen iparrorratza ia-ia bertikal zegoen. Bertikaletik 15 minutu bakarrik zegoen desbideratuta. Ia bertan zeuden. Pisuzko gauzak lurrean utzita, Hego Polo magnetikoraino ibili ziren. Iritsitakoan, Davidek eta Mackayk Britainia Handiko bandera jarri zuten, eta hiruren argazki bat egin zuten. Davidek honako hau esan zuen: "Orain Hego Polo magnetikoa dagoen eremu honetaz jabetzen naiz inperio britainiarrarentzat". Hitz horien ondoren, Edward VII.a erregearen alde egin zuten oihu, eta bueltako bideari ekin zioten. 1909ko otsailaren 5ean Nimrod itsasontziak jaso zituen. Abentura bukatu zen, eta esploratzaileak salbu zeuden, Shackleton eta bere kideak noiz etorriko zain.
Hego Polo magnetikoa asko mugitu da geroztik; nolabait, zortea izan zuten esploratzaileek, askotan itsasoan izaten delako.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia