}

Hego poloko hotza ez da betidanikoa

1991/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hego poloko bihotzean zuhaitz baten hostoez osatutako fosilak aurkitu dira. Aurkikuntza honen bidez, hego poloa orain dela hiru milioi urte hain hotza ez zela adierazten zutenei arrazoi eman behar zaie.

H

ego poloko bihotzean zuhaitz baten hostoez osatutako fosilak aurkitu dira. Zuhaitz hau Nothofagus espeziekoa zen. Aurkikuntza honen bidez, hego poloa orain dela hiru milioi urte hain hotza ez zela adierazten zutenei arrazoi eman behar zaie.

Nebraska-ko unibertsitateko David Harwood ikerlariak fosil hauetako 50 kg baino gehiago bildu ditu. Zuhaitz hau pago-mota bat da eta garai bateko ingurugiroaren ideia eman dezake. Espezie honen eboluzioa oso geldoa denez, ez zuen hego poloan gertatu zen klima-aldaketara egokitzerik izan.

Hegoamerikan, gaur egun, aurki daitezke zuhaitz hauek eta, beraz, beren ekosistema ezaguna da.

Bildutako fosilak oso egoera onean daude. Antza denez, pago-mota honen hostoak oso azkar erortzen ziren udazkenean zuhaitz ondoan horbela sortuz.

Aztertutako hostoen bena eta poroetatik atera daitekeenez, onddoen arrastoa ere ba omen dago. Hauetatik, garai hartako hezetasun, tenperatura, fotosintesi eta karbono dioxidoaren maila estimatzerik badago.

Hortaz, datuak aurreratzea baldin bada ere, hego poloko tenperatura udan 5ºC-ra iristen omen zen; gaur egun baino 15ºC gehiago alegia. Neguko tenperaturari buruz egin den estimazioa -20ºC-koa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia