}

Hegoak ziztu bizian mugitzeko, miosina malguki

2005/01/24 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Harrigarria da intsektuek zer azkar astintzen dituzten hegoak, ezta? Bada, fenomeno horrek txundituta dauzka Estatu Batuetako Illinois Institute of Technology-ko ikertzaile batzuk, eta hegoak hain azkar nola mugitzen dituzten jakin nahi izan dute; baita lortu ere. Ikusi dutenez, miosina eta aktina proteinetan dago erantzuna, miosinan batez ere.

Lehendik ere ezaguna zen proteina horien hartu-emanak egiten du hegaleko muskulua uzkurtzea eta erlaxatzea. Kontua da hain mugimendu azkarra ezin dela nerbio-bulkadek kontrolatutakoa izan. Eta aurkitu dute miosinak, malgukiek egiten duten eran, energia elastikoa gordetzen duela uzkurdura bakoitzean, eta, horrela, hurrengo hegal-kolpean askatzen duela.

Aurkikuntzak berak garrantzi handia du, baina erabili duten teknika ere ez da txantxetakoa; izan ere, miosinaren jarduerari bat-bateko argazkien bidez jarraitu diote, eta, horretarako, X-izpiak hegoen mugimenduarekin sinkronizatu dituzte.

Argazkia: Michael Dickinson.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia