Hekimenek berretsi egin du euskarazko hedabideek beharrezkoa dutela COVID-19aren ondorioei aurre egiteko laguntza
2021/12/17 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bingen Zupiria sailburuak Legebiltzarrean eman dituen azalpenak entzun ondoren, Hekimen elkarteko zuzendariaren arabera ezinbestekoa da COVID-19aren ondorioei aurre egiteko Jaurlaritzak emandako laguntzak gainerako euskarazko komunikabideei zabaltzea
Hekimenek zabaldutako oharra:
Gaur Gasteizko Legebiltzarrean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak COVID-19ak eragindako kalteak arintzeko Eusko Jaurlaritzak zenbait komunikabideri esleitutako laguntzen inguruan emandako azalpenak entzun ondoren, Igor Astibia Hekimen elkarteko zuzendariaren arabera ezinbestekoa da laguntza horiek gainerako euskarazko komunikabideetara zabaltzea.
Hekimen elkarteko zuzendariaren esanetan, ez dago ez-ohiko laguntza horiek eguneroko prentsara edo irratietara mugatzeko arrazoi objetiborik. COVID-19ak eragindako kalteak komunikabide guztiek pairatu dituzte eta pairatzen ari dira, bai eta euskarazko komunikabideak ere. Hortaz, ez da ulergarria laguntzak komunikabide batzuetara mugatzea. Laguntza horiek zabaldu egin behar dira, euskarazko komunikabideek ere Covid-19ak eragindako kalteei aurre egiteko laguntza behar baidute.
Euskarazko komunikabideek pandemia garaian ahalegin berezia egin dute, ez bakarrik informazio-gaitasunari eusteko, baizik eta gaitasun hori indartzeko. Ahalegin berezia, bakoitzak bere esparruan pandemiak eskatzen zuen neurrian erantzuteko. Eta herritarrek ahalegin hori eskertu dute. Ikusi besterik ez dago pandemia garaian nola handitu den euskarazko komunikabideen kontsumo digitala. Horrelako laguntza puntualek edota berrikuntzari lotutako inbertsioek euskarazko komunikabideak kontuan hartzen ez badituzte, zaila izango da aurrera egitea.
Honegatik guztiagatik, Hekimen elkartetik Eusko Jaurlaritzari berresten diogu bere garaian egindako eskaera, alegia, Covid-ak eragindako kalteak arintzeko helburuz onartutako laguntza hauek euskarazko gainerako komunikabideei ere zabaltzea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia