}

Helioak esango du zein den biderik laburrena

2002/05/17 Lasa Iglesias, Aitziber - STEAM Hezkuntza arloko arduraduna

Hondartzara joan nahi duzu, baina bidean krema erosi eta lagun bat jaso behar duzu. Eta, hori bai, ez duzu segundo bat bera ere galdu nahi. Nola erabaki zein kaletatik jo? Nola jakin zein den biderik laburrena?

Ez da gauza berria horretarako tresnak egon badaudela. GPS sistemaren bidez aparatu batean etxea, hondartza eta geldiuneak kokatu eta ordenagailu batek kalkulatuko du ibilbide guztien artean laburrena zein den. Baina geldiune-kopurua handituz doan heinean, ordenagailuak ebatzi behar duen sistema matematikoa hain da konplexua, ezen batzuetan soluziorik ezin baita lortu. Izan ere, matematikari eta informatikariek urteak daramatzate sistema horien ebazpena hobetzeko lanean.

Orain, Londresko Imperial College of Science, Technology and Medicine -ko Andreas Manz-ek eta Hardvard-eko Unibertsitateko George Whitesides-ek eta horien lantaldeek erabat desberdina den sistema bat asmatu dute. Horren muina helioan datza.

Lehenik, Londresko mapa beirazko txipean grabatu eta beirazko beste xafla mehe eta leun baten bidez estali dute. Horrela, Londresko kaleek ‘hodi-sarea’ eratu dute txipean eta, ondoren, helioz bete dituzte hodiak. Ibilbidearen lehen puntua eta azkena markatu eta bide guztietan laburrena dena ‘piztu’ egiten da. Baina, nola?

Potentzial elektriko desberdineko bi puntu lotzen direnean iragaten da korronte elektrikoa. Ur-jausietan ura goitik (altuera handienetik) behera (altuera txikienera) doan bezala, korronte elektrikoa potentzial handienetik txikienera joaten da. Baina, horretarako, bidea jarri behar zaio, bai kablea dela edo bai, kasu honetan bezala, ioniza daitekeen gasa dela (helioa, adibidez). Alegia, bitarteko materiala jarri behar da elektroien korrontea (korronte elektrikoa, hain zuzen ere) borne batetik bestera iragateko.

Txip berri honetan, ibilbidearen hasierako eta bukaerako puntuak bornetzat hartu eta elektrodoen bidez potentzial-diferentzia aplikatzerakoan, mendiko urak bide maldatsuenetik jaisten diren bezala, bi puntuen arteko biderik laburrenetik doa korronte elektrikoa; alegia, bide laburrenean distiratuko du helioak. Hodi-sare horretako helioak bonbilla fluoreszenteetan egoten diren gasen portaera bera du; hau da, tentsio desberdineko bi borneren artean dauden gas-atomoak ionizatu egiten dira eta argia askatzen dute. Beraz, biderik laburrena argiztatzen dena da.

Dena dela, posible izango ote da sarrera debekatuta duten kaleak, semaforoak eta derrigorrezko norabideak kontuan hartzea? Beharbada, azken hori izan daiteke asmakizunaren oztoporik handiena. Izan ere, zaila da ordenagailu digitalei lehia serioa egin ahalko dieten gailuak aterako direla pentsatzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia