Heriotzek aberastu zuten gizona
2003/02/01 Atxotegi Alegria, Uhaina - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zazpi urte besterik ez zituela, bere gurasoek pistola bat desmuntatzen eta muntatzen ari zela atzeman zuten. Handik hiru urtera, Colt gazteak herri osoko biztanleei bere torpedo berritzailearen berri eman zien. Herritik hurbil zegoen lakuko baltsa eztandarazi egingo zuela esan zien. Esan eta egin! Baltsa Hartford herriko zeru gainean ikusi ahal izan zuten bertako biztanleek. Eztanda izugarri indartsua izan zen: ikusleak urez eta lokatzez beteta utzi zituen. Erabat haserre eta amorraturik, herri guztia asmatzaile gaztea harrapatu nahian ibili zen, baina Elisha K. Root ingeniariak babestu zuen Samuel.
Zerk bultzatu zuen Samuel Colt?
1830. urtean, Samuelen aitak semea Corvo izeneko barkura igorri zuen itsasmutil. Arriskua gustuko zuen eta bidaia hark semea zertxobait lasaituko zuela pentsatu zuen aitak. Baina aitaren eta beste askoren kalterako, semeak bere irudimenari eta abenturarako grinari eutsi zien.
Itsasoan zegoela, bere ordu libreetan, buruan zeraman ideia ahal zuen eran gauzatzen saiatu zen: egurrezko zilindro xume bat, ardatz bat eta mailu bat zizelkatu zituen. Kondairak dioenez, hiru pieza horiek barkuko osagaietan inspiratuta sortu zituen: lema, aingura eta aingura eusteko erabiltzen zen trinketa imitatuz, alegia. Etxera iritsi orduko tresna hura material egokiagoak erabiliz egin zuen.
Samuel Colt ez zen errebolberraren lehen asmatzailea izan. Ordurako bazeuden danbor birakorreko eta kanoi aniztuneko armak. Baina Samuel Coltek errebolberra perfekzionatu zuen, tresna horren danborrak automatikoki bira egin zezan lortu baitzuen. Azken batean, hiltzea helburu zuen tresna hura erabilgarriagoa bihurtu zuen.
Colt errebolberren ospea
1836-1842 urteetan, Coltek bere lehen armak industrialki ekoitzi zituen. Tresna berriaren patentea New Jersey-ko Patent Arms Manufacturing Company enpresari utzi zion denbora baterako. Hainbat arrazoirengatik, (Gobernuarekin kontratu on bat lortu ez zuelako, armen garapen eskasagatik…) Colti abentura komertzial hura gaizki joan zitzaion eta porrot egin zuen. Hala eta guztiz, lanean jarraitu eta beste asmakizun batzuk gauzatzeko aukera izan zuen, besteak beste, portuak babesteko itsaspeko minak, elektrizitatea garraiatzeko kablea eta seinale telegrafikoak.
Jakina den lez, armak betidanik diru-iturri izan dira eta hala izaten jarraitzen dute. Horrexegatik, hain zuzen ere, Samuelek errebolberra perfekzionatzen jarraitu zuen. 1846. urtean Samuel Walker kapitain amerikarraren bisita izan zuen. Bi gizon haien arteko harremanaren ondorioz, Colt-Walker errebolber ospetsua sortu zuen. Arma hari esker, eta gobernuarekin errebolber-modelo hura kopuru handian ekoizteko izenpetu zuen kontratuari esker, Coltek txikitako ametsa bete zuen, hots, bere arma-fabrika propioa irekitzea.
Arma-modelo ugari
Walker-aren ondoren sortu zen lehen modelo berria Dragoons izeneko seriea izan zen: Baby Dragoon eta Pocket (1849) errebolber-modelo txikiak, eta baita arrakasta handia izan zuen Navy modeloa ere (1851). Handik urte batzuetara, AEBetan Gerra Zibila hasi zen. Gertaera hark Samuel Colt erabat aberastu zuen. Bere enpresan gau eta egun hasi ziren lanean soldadu denek gutxienez arma bat izan zezaten esku artean.
1862an, 47 urte besterik ez zituela, osasun-arazoen ondorioz hil egin zen Colt. Samuelek pasio handiz sortu zuen tresna pozoitsu hura saltzen jarraitu zuen Elizabeth Jarvis haren alargunak.
Bestalde, 1911n, 45ACP kalibreko pistolari esker, Colt errebolber-egileen fabrika AEBetako enpresarik ospetsuena bihurtu zen. Izan ere, urte hartan AEBetako gobernuak pistola-modelo hori arauzko arma gisa onartu zuen. Horrez gain, Colt enpresak, hirurogeigarren hamarkadan, Vietnamgo gerraterako bereziki, AR-15/M-16 fusil ospetsua sortu zuen.
Onak eta gaiztoak bereizteko balio duen errebolberra
SAA (Single Action Army) errebolber-modeloa sortu eta lehenengo 67 urteetan, hainbatek erabili zuten: saltzaileek, esploratzaileek, soldaduek, poliziek, alprojek, baserritarrek... Baina 1970eko hamarkadaren hasieran, zinemako aktoreen eskuetan ere ikus zitekeen.
John Wayne, Gene Autry eta Roy Rogers cowboyak zer lirateke eskuan errebolberrik gabe? Charlie Chaplin bere bastoirik gabe azaltzea bezala litzateke. John Waynek, adibidez, film gehienetan Peacemaker (bakegilea) izena duen errebolber-modeloa erabiltzen zuen. Westernetan, errebolber-modelo batzuk beti heroi eta protagonista onek erabiltzen zituzten (Peacemaker eta SAA errebolber-modeloak) eta beste batzuk, berriz, gaiztoek. Harrigarria dirudien arren, hiltzeko tresnek ere zintzoak eta maltzurrak bereizteko balio dute. Baina, horrenbeste gizakiren eskuetan dabiltzan errebolberrak onuragarri ote dira zerbaiterako? Tamalez, Elhuyarrek ez du aukerarik izan Samuel Colti galdera hori egiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia