Hesteetako bakterioa, botika-emailea
2009/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Bakterio bat genetikoki eraldatu dute, kolitisa sendatzeko proteina bat aska dezan
Kolitisaren aurka ahoz hartzen diren botikek arazo bat dute: sarritan, konposatu aktiboak ez-aktibo bihurtzen dira helburura iritsi baino lehen. Hori gainditzeko, Britainia Handiko Elikagaien Ikerketa Institutuko mikrobiologoek hesteetako bakterio bat genetikoki eraldatu dute, sendagaia (proteina bat) sortu eta aska dezan. Eta emaitza onak lortu dituzte.
Ez da bide horretatik saiatzen diren lehen aldia. Esaterako, 2000. urtean, Belgikako Ghent Unibertsitatean, Lactococcus lactis eraldatu zuten, kolitisa sendatzen duen interleukina-10 proteina aska zezan. Baina ez ziren gai izan proteinaren ekoizpena kontrolatzeko.
Oraingoan, Elikagaien Ikerketa Institutukoek Bacteroide ovatus eraldatu dute. Hesteetako mintza osasuntsu egoteko ezinbestekoa den proteina baten genea sartu dute bakterioaren DNAn (keratinozitoaren hazkuntza-faktore 2), eta baieztatu dute bakterioak xilanoa jaten duenean bakarrik espresatzen duela gene hori, hau da, orduan bakarrik sortzen duela proteina. Hortaz, xilano-dosiaren bidez kontrola daiteke proteina-ekoizpena.
Saguetan frogatu dute proteina horrek hesteetako hemorragiak gelditzen dituela eta mintza osatzen duela, eta ez duela albo-ondoriorik. Sistema horrek beste sendagai batzuk askatzeko ere balio dezakeela uste dute; hala, dozena bat lerro ikertzen ari dira, tartean, minbiziaren aurkako bat.
Hala ere, Nature aldizkariaren webgunean, albistearen berri emateaz gain, Bartzelonako Vall d'Hebron ospitaleko Francisco Guarner hesteetako medikuaren iritzia ere aipatzen dute. Haren ustez, esanguratsua da 2000. urtetik bide horrek ez ematea emaitza onik, eta, beraz, zuhurtasunez hartu du oraingo ikerketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia