}

Hezeguneen Nazioarteko Eguna

2001/02/02 Elhuyar Zientzia

Gaur, otsailaren 2a, Hezeguneen Nazioarteko Eguna da, hain justu, hezeguneei buruzko hitzarmenak 30 urte betetzen dituen egunean. Ez da, beraz, aitzakia txarra hezeguneak pixka bat gehiago ezagutzeko.

Lehen lana hezeguneak zer diren definitzea dugu, ezaugarri morfologiko lausoak eta izaera aldakorra izaki, definizio egokia bilatzea ez baita erraza. Zenbait zientzialarik definizio bitxia eman diete hezeguneei, oinak bustitzeko balio duten arren, igeri egiteko balio ez duten alderdiak direla esatea proposatu baitute. Eta ez dabiltza oso oker, hezeguneen ezaugarri nagusiak biltzen baititu definizioak: ura egotea eta honen sakonera txikia izatea. Ez du hezegune-mota guztientzat balio, baina nahiko orokorra da. Kutsu zientifiko handiagoz definituta, hezeguneak inguru urtarraren eta lehortarraren arteko elkarrekintzak baldintzaturiko sistema naturalak dira.

Oro har, garrantzi ekologiko handiko eremuak dira, eta zaindu beharrekoak. Denbora luzez babesgabe eta osasungaitzat jo badira ere, aberastasun natural handiko eskualdeak direlako eta ingurugiroaren osasun ekologikoaren adierazle ere badirelako. Azken urteetan dagokien lekua berreskuratzen ari dira eta, zorionez, geroz eta gutxiagotan ikusten dira argazkikoa bezalako hezegune poluituak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia