}

Hezur gutxi gizakiaren ibilbidean

2003/03/17 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Zientziaren barruan gizakiaren ikerketak toki berezia du, xarma eta misterio-kutsu nabarmena baititu. Gure arbasoak nolakoak izan ziren askotan kontatu digute, gehienetan hitz handiak eta esaldi biribilak erabilita.

Gainera, ikertzeko moduak berak interes handia sorrarazten du: harrigarria da zenbat datu ondorioztatzen diren lau hezur-puskatatik. Ikerketak Sherlock Holmesentzako aproposa dirudi. Egia esan, dokumentaletan eta dibulgazio-liburuetan erakusten digutena baino gehiago erabiltzen dute ikerketan. Dena dela, kanpotik begiratuta ez da batere zaila zalantzak izatea; hain da harrigarria emaitza…

Hain seguru al daude paleontologoak?

Oso adierazgarria izan da Homo habilis gizakiaren kasua. 1960ko hamarkadaren hasieran topatu zituzten Afrikan espezie horren lehen aztarnak. Gizaki horren garunaren tamainarengatik eta beste hainbat ezaugarrirengatik, Homo generoaren barruan kokatu zuten espeziea; hau da, gure antza nabarmena zuen gizaki horrek.

Hogei bat urte geroago, Homo habilis espeziea bitan banatzea proposatu zuten antropologoek, Kenyako Turkana lakuan topatu berri zituzten beste fosil batzuk garai berekoak baina ezberdinak zirelako. Ezberdintasunak handiegiak omen ziren habilis izateko; beraz, Homo rudolfensis espezie berria deskribatu zuten.

Baina orain historiak atzera egin dezake. 1995ean, beste fosil batzuk aurkitu zituzten Olduvai arroilan, Tanzanian; fosil horiek Homo habilis eta Homo rudolfensis espezieen ezaugarriak dituzte. Hezur horiek beraz, zubi-lana egin dezakete edo, zubi-lana baino gehiago, biak bakar bat direlako hipotesia plazaratu.

Zer ari da gertatzen?

Antropologoek oso hezur gutxirekin egin behar izaten dute lan. Beraz, eskasia horretatik ateratzen dituzten ondorioak kontu handiarekin hartu behar dira. Edozein unetan hipotesi oso bat hankaz gora jartzen duen fosil bat ager daiteke; batek daki.

Gainera, jadanik aurkitutakoak beren espezieen adierazgarri diren ala ez esatea ere zaila da. Nola jakin daiteke hezur horren jabea ez zuela gaixotasun batek desitxuratu? Edo bereziki txikia edo handia ez zela? Denak ez gara gure espeziearen eredu perfektuak.

Eta horixe da paleoantropologiaren muga nagusia. Hezur bakar batzuk ikusita ezin da igarri zein den normaltasun-eredua.

Hori jakinda, jarrai dezagun arbasoekin amets egiten, ikerketaren mugak ezagutzeak ez baitie misteriorik edo xarmarik kentzen.

Herri Irratirako prestaturiko iritzi-artikulua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia