Hezurrak osatzeko kontrolik zehatzena, digitala
2010/03/07 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Hezur baten haustura sistema informatiko baten aginduen arabera osatzeak abantaila nabarmen bat, behintzat, badu: "ordenagailuek ez dutela huts egiten", dio José Ignacio Martínezek, Poliklinika Gipuzkoan sistema hori lehenengoz erabili zuen medikuak.
Taylor kanpo-finkagailu bat da, hiru dimentsiokoa: bi eraztun ditu, eta sei barra bi eraztunen artean. Hezurrari lotzeko, eraztunetatik plaka bana ateratzen dira. Hala, osatu beharreko hezurrari buelta osoan eusten dio.
Demagun gaizki osatutako hezur bat dugula; alegia, hezur-puskak ez direla lerrokatuta soldatu. Horrelakoetan, hautsi egin behar izaten da hezur hori, eta behar bezala kokatu, behin betiko zuzen solda dadin. Bada, Taylor finkagailua ezin hobea da horrelako kasuetarako. Hala diote, behintzat, hura erabili duten espezialistek.
Taylor kanpo-finkagailuak buelta osoan eusten dio osatu beharreko hezurrari (Argazkia: Iñaki Martínez).
Gailua finkatzeko, bere posizio neutroa zein den "erakusten" diote; posizio horretan, sei barrak distantzia berera egongo lirateke elkarrengandik, eta, hortaz, luzera berekoak izango lirateke guztiak. Hori zehaztutakoan, gailua deformatu, eta gaizki osatutako hezurraren posiziora egokitzen dute: eraztun bakoitza hausturaren alde banatan jartzen da, eta bien arteko barrak luzatu eta laburtu egiten dira,posizio hori hartu arte.
Orduan, sistema informatikoa martxan jartzen da: ikusten du zer posiziotan dauden barrak, eta zer egin behar duen posizio neutrora bueltatzeko. Jakina, posizio neutroa bat dator hezur-zatiek berez izan beharko luketen kokapenarekin. Hortaz, bata posizio neutrora iristean, bestea ere bere berezko kokapenera itzularaziko du.
Sistema informatikoak agintzen duenez, pazienteek ez dute aldian-aldian medikuarengana joan beharrik finkagailua egokitzera; sistemak esaten die, zehazki, zein barra luzatu edo laburtu behar duten, noiz mugitu eta zenbat.
Hamahiru egunean, prest
Bere lehenengo ebakuntza eman du Martínezek sistemaren funtzionamenduaren adibide gisa. Orain dela urtebete inguru izan zen, 43 urteko gizon batekin. Lan-istripu batean tibia hautsi zuen, eta garai hartan gaizki jarri zizkiotenez bi hezurrak, ebakuntza egiteko unean zangoa okertua zuen (eta, okerdura horren ondorioz, motzagoa ere bazen zango hori). Zehazki, 20 gradu zegoen okertuta berez izan behar zuen posiziotik.
Oinetakoekin doazenei, oinetakoaren zolak bakarrik arintzen die talka, eta ez oinetako kuxinek eta giltzadurek (Argazkia: Morten Liebach).
"Ebakuntza konplexua izan zen" dio Martínez doktoreak. Hala ere, hurrengo egunean pazientea gai izan zen zangoa lurrean jartzeko. Izan ere, gailuak hezurraren goiko eta beheko zatiei eutsi zien, eta, hortaz, gorputzaren pisuak ez zion kalterik egin hezurrari.
Egunero , ordenagailuaren aginduei jarraitu zien pazienteak, eta "hamahiru egunean guztiz zuzendua zuen hezurra", adierazi du Martínezek. Ondoren, hezurren arteko hutsunea bete arte itxaron besterik ez zuen egin behar izan.
Betetze hori berez egiten du gorputzak. Hezurrak gai dira hezur-ehuna sortzeko, eta falta den lekuetan hezurra eratzeko. Hortaz, hezurrei behar bezala eusten dien gailuekin, Taylorrekin, esate baterako, hausturak tratatzea ez ezik, bestelako esku-hartzeak ere egin daitezke. Esate baterako, enanismoak jotako pertsonen hezurrak luza litezke. "Aspalditxotik dakigu hezurrak nahi adina luza daitezkeela", esan du Martínezek.
7K- n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia