}

Hezurrik gabeko arrainak

2000/05/14 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Hilabete baino gutxiago izango da marrazoen eta minbiziaren arteko loturaren berri eman zela orrialde hauetan bertan. Gogoratze aldera, han aipatzen zen marrazoen kartilagoetan odol-hodirik ia ez zegoela, eta horregatik uste zela ezin zutela minbizirik izan. Kartilagoen berezitasuna deigarria denez, arrain kartilaginoso ezagunenak izango dira ondorengo lerroetako protagonista: marrazoak eta arraiak.

Arrain kartilaginosoen biologiari eta eboluzioari buruz adituek dakitena gero eta gehiago den arren, oraindik oso gutxi da. Azkenaldian aurkikuntza berri ugari egin dira, gehienak harrigarri samarrak.

Marrazoak eta arraiak oso espezie zaharrak dira, 300 milioi urte inguru omen dituzte. Itxuraz arras ezberdinak izan arren, badute ezaugarri komun bat baino gehiago: kartilagozko hezurdura, azal berezia, eta kanpoaldera irekitako 5 eta 7 brankia artean -alboetan marrazoetan eta sabelaldean arraien kasuan-. Marrazoen zein arraien ahoa sabelaldean dago; aurrealdean, berriz, aurpegia. Arrain biek usaimen eta ikusmen bikaina dute. Marrazoek eta arraiek arnasa hartzekosistema bera dute, espirakulu izeneko zulotxotik ura hartzen dute eta zakatzetara eraman. Marrazoen kasuan espirakulua, zakatzen aurrean egoten da; arraietan, aldiz, begi ostean.

Esan bezala, marrazoen eta arraien arteko desberdintasunik handiena itxuran dago. Marrazoek gorputz luzexkoa dute, hidrodinamikoa. Horregatik, gehienak ur zabalean bizi dira, itsas hondoetara hurbildu barik. Gorputz luzexkoa errematatzeko, bi lobuluko buztana dute, gehienetan asimetrikoa. Begi-parea izaten dute, buruaren alboetan, eta -arrazaren batean izan ezik- ez dute betazalik. Marrazoek hagin asko izaten dituzte, erortzen direnean -arraza gehienetan- berriro irteten diren haginak alegia. Hala eta guztiz ere, itsas hondotik gertu bizi diren marrazoei, haginak behin erorita ez zaizkie berriro irteten.

Marrazoen gorputza ez bezala, arraiena zapala da, eta horregatik arraiak itsas hondoetan bizi dira. Buztana ere badute, zartailu-itxurakoa. Arraiek ere begi-parea dute, baina bizkar gainean eta betazalekin. Hagin-kontuan arraiek ez dute marrazoek bezainbesteko zorterik, erortzen zaizkienean erori zaizkie eta kitto, ez zaizkie berriro irteten.

Hegats-motari dagokionez, denetarik aurki daiteke arraien eta marrazoen artean: bularrean dituzte, alboetan, bizkarrean, eta ipurtaldean -arraietan eta marrazo batzuek ez-. Hegats-motak ugari badira, zer esanik ez arraien eta marrazoen tamainari dagokionez, txiki-txikiak badaude eta handi-handiak ere bai. Marrazorik handiena marrazo balea da, 12 metroko luzera izatera ere irits daiteke; txikiena, berriz, marrazo nanoa, 15 zentimetro ingurukoa. Arraiarik handiena manta izenekoa da, 7 metro izatera ere irits omen daiteke.

Bizi-ohiturak

Salbuespenak badiren arren, arrain kartilaginoso gehienak haragijaleak izaten dira. Bizi izateko nolako habitata duten, halako hortzeria izaten dute, eta horren arabera haragijale izan daitezke edo ez. Denetarik jaten saiatzen direnez, marrazoen elikadura oso aberatsa da -arrainak, hegaztiak, dortokak, eta krustazeoak jaten dituzte-. Bitxikeriak aipatze aldera, marrazoen artean badira hiru espezie -Cetorhinus maximus, Rhincodon typus, eta Megachasma pelagios- elikatzeko itsasoko ura iragazten dutenak; horregatik, horrelako marrazoei planktoniko ere deitu zaie. Marrazo parasitoak ere badaude -Isistius generokoak-. Txiki-txikiak izaten dira eta elikagaia beste arrain handi batzuen kontura lortzen dute, marrazo handiagoak, baleak, edo eta itsas- gaztunak. Arraiek beren elikagaiaren parterik handiena itsas hondotik hartzen dute -moluskuak, zefalopodoak, lurpeko arraintxoak… - edo planktona eta arraintxoak zurgatzen dituzte -mantek egiten duten bezala adibidez-.

Depredatzaile diren heinean, marrazoek zer egin garrantzitsua dute itsasoaren oreka ekologikoan. Beren elikatze-ohiturak direla eta, osasun-zaintzaile direla esan daiteke; izan ere, gaixorik edo ahulduta dauden arrainak jaten dituztenez, gaixotasunen hedatzea gerarazteko gai dira.

Ugalketari dagokionez, arraiek zein marrazoek barne-ernalketa dute. Ernalketarako arrek sabelaldeko hegatsen azpian badute egitura-pare bat -pterigopodioak edo zakilak-. Marrazoek -espezie batekoak edo bestekoak izan- arrautzak edo enbrioiak egin ditzakete; arraia-espezie guztiak, berriz, arrautza bidez ugaritzen dira.

Munduko itsaso guztietan aurki daitezke marrazoak eta arraiak. Itsasoetan ez ezik, espezieren bat ur gezatan bizi izatera ere egokitu izan da. Abiada handian igeri egiten duten marrazo pelagikoak -hondoetatik urrun ibiltzen direnak- kosmopolitak dira, munduko itsaso guztietan ibiltzen baitira. Uraren tenperaturaren arabera, mugak edo esparruak ezartzen dituzte, geografikoki horren arabera mugitzen dira.

Igerian egin ahal izateko, hezurra duten arrainek gasez betetako igeri-maskuriaz baliatzen dira; marrazoak, berriz, olio ugari dute gibelean eta, horri eta oreka gordetzeko beste hainbat estrategiari esker, igerilari bikainak dira. Marrazoek orduko 60 kilometroko abiadura har dezakete.

Orain arte 350 marrazo-espezie eta 470 arraia-espezie identifikatu dira. Kopuruak ikusita ezin esan gutxi direnik, baina gizakiaren eraginez -beste hainbatetan bezala- marrazoen eta arraien populazioa arriskuan dago orain. Eta hamarkada bateko kontua izan da, ugari izatetik arriskuan dauden espezien zerrendetan sartzera. Neurri tinkoak hartzen ez badira, zientziarentzat eta itsasoetako biziarentzat altxor garrantzitsuak galduko dira.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia