Hidrogenoa ez da denerako erantzunik onena, Natureren editorialaren esanean
2022/11/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hidrogenoa da erregai onenetakotzat jotzen da, fosilak ordezkatzeko eta berotegi-gasen zero igorpenera gerturatzeko. Alabaina, horretarako, hidrogenoa baino erregai hobeak eta eraginkorragoak badaudela ohartarazi du Nature aldizkariak, bere azken editorialean. Are gehiago: hidrogenoak zero igorpenaren helburua arriskuan jar dezakeela ere nabarmendu du.
Editorialean aipatzen denez, 2050. urterako, hidrogenoaren ekoizpena gaurkoa baino bost aldiz handiagoa izango dela kalkulatzen da. Izan ere, oso egokia ozan daiteke karbonoan oinarritutako erregaien ordez erabiltzeko, ia denean, hasi garraiotik eta beroa sortzeko, karbonorik askatu gabe. Arazo handi bat du, ordea: ez dago aske, baizik eta beste atomo batzuei lotuta, eta haietatik askatzeko prozesuetan energia asko behar da. Horretarako energia berriztagarriak erabiltzea ez da eraginkorra. Eta, gainera, karbono asko isurtzen da atmosferara, adibidez, metanotik erauztean.
Hori guztia dela eta, beste ordezkorik ez dagoen erabileratara mugatu beharko litzatekeela uste du editorialgileak. Eta hidrogeno berdea deitzen zaiona, benetan berdea dela bermatzeko, nazioarteko estandarrak eta ziurtagiriak ezarri behar direla adierazi du. Hori ari da eskatzen Hidrogeno Batzordea (Hydrogen Council), Bruselan kokatutako industria-talde bat.
Araudiak eta ziurtagiriak beharrezkoak badira ere, editorialak azpimarratu du politikariek kontuan izan behar dutela helburua zero igorpena dela. Onartzen du oso erakargarria izan daitekeela, adibidez, industria deskarbonizatzeko, baina argi dio, gehienetan, hidrogenoa ez dela erantzunik onena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia