}

Hidrogenoak ekar lezakeen kaltea

2003/06/17 Elhuyar Zientzia

Energia-iturri alternatiboa izan daiteke hidrogenoa; hori uste dute adituek. Itxaropen handia dute gas horrekin, erregai gisa erabiliz gero, hidrogenoa oxidatuz gero alegia, prozesu horretan ura sortzen delako. Horrek esan nahi du hondakin arriskutsurik ez dela sortzen, eta, beraz, ingurumenarentzat erregai garbia dela. Baina, orain, zientzialari batzuek zalantzak dituzte ideia horren inguruan.

Zer gertatuko litzateke hidrogenoa gure energia-iturri nagusia izango balitz? Kasu horretan, hidrogeno asko erre beharko litzateke, eta horretarako azpiegiturak erabat egokitu beharko lirateke. Ez da gauza bera probak eskala txikian egitea, laborategi batean adibidez, eta hidrogenoa kantitate handietan ekoiztea. Zientzialarien ustez, ekoizpen industriala ez da erabat eraginkorra izaten, eta, beraz, hidrogeno asko isuriko litzateke atmosferara.

Isurketa horiek izango lituzketen ondorioak aztertu dituzte: hidrogenoa estratosferaraino iritsiko litzateke eta hango ozonoak oxidatu egingo luke. Hori gertatuz gero, ozono-geruzari eragiteaz gain, atmosfera hoztu egingo litzateke eta hodei asko sortuko lirateke.

Zaila da hidrogenoaren eragina zehazten faktore askok hartzen dutelako parte, baina adituen ustez, ingurumenari kalte egingo lioke, era batean edo bestean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia