}

Hidrogenoz elikatutako etorkizuna

2000/12/10 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Hidrogenoa Unibertsoko elementurik ugariena eta bizitzarako ezinbestekoa da. Oxigenoarekin batera ura osatzen du eta karbonoarekin batera hain preziatuak diren erregai fosilak. Baina berak bakarrik ere balio handia du energia-iturri gisa. Duen masa txikirako, beste edozein elementuk baino energia gehiagoz horni gaitzake, energia garbiz gainera. Autoa gasolinaz bete ordez hidrogenoz beteko dugun eguna ez omen dago hain urruti.


Industri-iraultza gertatu zen arte egurra izan zen errege energiaren erreinuan. Ikatza etorri zen geroago eta segidan petrolioak zein gas naturalak hartu zioten txanda. Gaur egun, erregai fosilak amen batean amaituko direlakoan ordezkoen bila ari dira buru-belarri energi konpainia guztiak. Ingurugiroaren gaineko kezkak direla eta, energia berriztagarriak jaso dira ordezkoen lehen postuetaraino eta, horien artean, hidrogenoa da konpainia handiek begi onenez ikusten dutena.


Hidrogenozko erregai-pilak


Erregai-pilak, funtsean, bateriek bezala ibiltzen dira. Hidrogenoa eta oxigenoa konbinatzean sortzen den energia elektrizitate bihurtzen dute eta eratortzen den ia hondakin bakarra ur-lurruna da. Hau da, baterien modu beran sortzen dute energia baina poluitu gabe. Hala ere, errekuntza motoreak bezala erregai-pilak ere kanpotik elikatu behar dira.

Erregai-pilak prestatzeko lehen urratsak 1839. urtean eman ziren, Willian Grove fisikari galestarraren eskutik. Lehen zelula praktikoak, berriz, estatubatuarrek garatu zituzten euren espazio-programarako. Baina teknologia Lurrean da dagoeneko eta, horri esker, hidrogenoz elikatutako etorkizuna eskuragarriago egin da. 90eko hamarkadan kostuak asko murriztea lortu delako erregai-pilen sektoreak iraultza ezagutu du.


Munduko konpainia energia-ekoizle handienek eta autoen industriak euren begiak ipini dituzte dagoeneko erregai-piletan. Lehenengoek hidrogenoa energia-iturri tradizionalen lehiakide gisa ikusten dutelako eta bigarrenek autoak elikatzeko oso aukera interesgarria delako. Shell konpainiak esaterako, hidrogenoaz arduratuko zen saila sortu zuen 1998. urtean eta Buenos Aires-en egin zen Hidrogeno Energiaren Mundu Biltzarrera ordezkaria bidali zuen. Gaur egun petrolioarekin lanean dabilen konpainia handienetako bada ere, petrolio-ondoko arorako planik aurreratuenak berak ditu eta 2050 urterako energia-beharren erdia iturri berriztagarrietatik asetuko duen mundua iragarri du.


Shell-en iritziz hidrogenoa etorkizuneko erregaia izango da eta, beste edozer tarteko konponbidea baino ez da izango.

Automobilen industriak ere ez du atzean geratu nahi eta fabrikatzaile gehienek badauzkate erregai-pilak ikertzeko programak. Izan ere, tenperatura baxuan lan egiten dute eta, ingurugiroaren gain eragin txikia dutenez, barne-errekuntzako motorrak ordezkatzeko egokiak izan daitezke. Daimler-Chrysler etxeak Chicago eta Vancouverren erregai-pilez elikatutako autobusak erakutsi zituen duela bi urte eta arrakasta erabatekoa izan zen. Aditzera eman dutenez, Europako errepideetan 2002 eta 2004 urteetan ibiliko dira halako lehen autobus eta autoak. 40.000 bat auto prestatu nahi dituzte ordurako.


Zailtasunak


Erregai-pilak erabiltzen dituzten ibilgailuek ez dute poluitzen eta apenas sortzen dute zaratarik. Alde horretatik ametsezkoak dira. Ametsetatik esnatu beharra izaten da, ordea, eta honakoa ez da salbuespena. Teknologia honen kostuak handiak dira oraindik, hidrogenoa seguru gordetzeko zailtasunak daude eta ibilbide luzeetarako adina hidrogeno nola gorde ere asmatzeke dago. Hain zuzen ere, hidrogenoa garraiatzeko eta gordetzeko sistema egokiak eta errentagarriak bilatzen joango da astirik gehiena.


Horregatik, askotan metanola erabiltzen da lehengai gisa. Ibilgailua zuzenean hidrogenoz elikatu ordez, metanola gehitzen zaio eta, ondoren, autoak eskatu ahala metanola hidrogeno bihurtzen da.Azken finean prozesua bera da baina bi urratsetan egina. Metanolaz gain, etanolak, gas naturalak eta gasolinak ere funtzio bera bete dezakete. Metodo honekin, ordea, ez da lortzen erregai fosilekiko menpekotasuna saihestea. Eta gainera, hidrogenoa gailenduko omen da etorkizunean.


Adituen ustez, petroliotik hidrogenora zuzenean pasatzea petrolio-metanol-hidrogeno bidea egitea baino garestiago suertatuko da epe laburrean, baina behin azpiegiturak osatuta, errentagarriagoa bilakatuko da. Ingurugiroari begiratuta ere, trantsizio zuzena egitea jotzen da bidezkoen bezala.


Nola ekoitzi


Hidrogenoa naturan berezkoa bada ere, urria da eta zeharkako bideetatik ekoitzi beste aukerarik ez dago. Oro har, erregai fosilak eta ura dira ohiko abiapuntuak. Metodorik egokiena ura erabiltzea da,ziklo erabat garbia eta berriztagarria lortuko bailitzake horrekin: uraz baliatu hidrogenoa ekoizteko eta ura bakarrik produzitu hondakin bezala. Erreakzioa eraginkorra da baina ez merkea. Dena dela, laster hidrogenoa uretatik erauzteko metodo emankorragoak eta merkeagoak izango direla espero da.


Bitartean hidrogenoa ekoizteko modurik merkeena gas naturala erabiltzea da. Hain zuzen, gaur egun hidrogeno gehiena metodo horren bidez ekoizten da, batez ere, metanotik abiatuta. Baina horrela erregai fosilekiko menpekotasuna ez da saihesten eta ez da ziklo erabat garbia lortzen, erretzeko orduan poluitzen ez bada ere ekoizteko orduan bai egiten delako. Horregatik, hidrogeno-iturri gisa energia berriztagarriak erabiltzeko joera indartzen ari da.

Islandia, aitzindarien artean lehena


Europaren iparraldean Atlantikoan ia galduta dagoen irla energia berriztagarriak erabiltzen behintzat eredu dela esan daiteke. Hirietatik kanpo, etxeen % 90 energia geotermikoak berotzen ditu eta hirietan, berriz, guztiak. Bestalde, elektrizitatearen % 19 energia hidroelektriko bidez ekoizten dute. Islandiako elektrizitate-sistemaren % 99 iturri berriztagarrietan, energia geotermiko eta hidroelektrikoan batik bat, oinarritzen da eta energia-sistema osoaren % 58 ere bai. Energia-sistema osoa esaten denean ibilgailuak ere kontuan hartzen dira.


Eredu izate aldera, Islandiak beste herrialde askok ez duen abantailaz gozatzen duela ezin ahantz dezakegu, ordea; hau da, energia-sistema berriztagarria osatu ahala izateko baliabide natural ezin hobeak dituela. Bestalde, Islandian ez dago petroliorik ez eta gas naturalik ere eta, beraz, erregai fosiletan oinarritutako sistemak atzerriarekiko erabateko menpekotasuna sortuko lieke. Horregatik, aspalditik saiatu dira euren baliabideak ustiatzen.


Hidrogenoari dagokionez, Islandia izan zen estatu gisa energia iturri hori garatzeko konpromezua hartu zuen lehena eta bakarra. 1998. urtean erregai-piletan mundu mailan puntan dabiltzan enpresek eta Islandiako gobernuak kontratu bat sinatu zuten estatu-mailako esperimentua egiteko. Partaideak Daimler-Chrysler automobil-fabrikatzailea, Shell petrolio-konpainia, Norks Hydro Norvegiako enpresa hidroelektrikoa eta erregai-pilen disenatzaile den Ballard Power System Vacouver-ekoa izan ziren. Helburua ez da nolanahikoa: 30 urte barru hidrogeno bidez funtzionatuko duen Islandia prestatu nahi dute.


Islandiarentzat estrategikoki garrantzitsua da pausoa ematea eta proiektuan parte hartu nahi izan duten enpresentzat, berriz, euren ideia eta prototipoak estreinatzeko aparteko laborategia. Trarnsizioa garraioaren alorrean geratuko da bereziki, erregai fosilekiko menpekotasuna handien den sektorean. 30 urtetan Islandiako autobus-zerbitzu publiko eta pribatuetako ibilgailuak eta baita arrantzuntzia ere hidrogenoz ibiliko omen dira. Gasolindegiek hidrogenoa salduko dute eta ixuri hodiek berriz ura besterik ez dute jariatuko. Bestalde, bertan ekoitzitako hidrogenoa esportazeko aukera ere oso kontuan hartu dute. Asmo handiko proiektu horrek fruituak emanez gero, nork daki Islandia ez ote den iparraldeko Kuwait bilakatuko.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia