Hierarkia, uso-saldoetan ere
2010/05/09 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Ezagunak ditugu guztiok usoen hegaldi artistikoak. Maiz gelditu izan gara hegazti hauen mugimendu ikusgarriei begira, eta ohituta gaude haien pirueta eta norabide-aldaketa azkarrekin ere. Baina zeren arabera aukeratzen du uso-saldo batek bere hegaldiaren norabidea? Talde-erabakia izaten al da? Bada, hori misterio bat izan da orain artean, batik bat zailtasun teknikoengatik, ia ezinezkotzat jotzen baita uso-talde baten mugimendu oro kamera batekin grabatu ahal izatea.
Nolanahi ere, Budapest eta Oxfordeko unibertsitateetako zientzialariek oraintsu argitu dute hegaldi azkar horietan taldeko lider edo buru den usoari jarraitzen diotela beti hegaztiek. Alegia, posizioa ez ezik, erabakiak ere hierarkikoki hartzen dituztela. Budapesteko Eötvös Loránd unibertsitateko biofisikarien esanetan, txori-talde baten erabakitze hierarkikoa frogatzen duen lehenengo ikerketa hauxe da. Gainera, uste dute beste animalia batzuen portaera kolektiboa ulertzeko ere balio dezakeela.
Saldoko liderrak erabakitzen du norabide-aldaketa noiz eta norantz egin, eta gainontzekoek segundo gutxitan imitatzen dute mugimendua . (Argazkia: Zsuzsa Ákos ) .
GPS sistemak ahalbidetu du oraingoan ondorio horretara iristea. Sistemaren “miniaturizazioa” izan da, zehazki, ikerketako gakoa. Izan ere, usoei bizkar-zorro baten bitartez jartzen zaien tresnak 16 gramo baino ez ditu pisatzen, eta, hala, esperimentuak txorien mugikortasunean eraginik izan gabe haien hegaldiak zuzenean kontrolatu eta behatzea lortu da.
Bada, GPSek segundo-frakzioetan antzematen diete norabide-aldaketei. Hori hala, entrenatutako hamar usorekin egin dute esperimentua, eta 0,2 segundotik behin horietako bakoitzaren posizio zehatza ezagutzeko beta izan dute. Hamabost bat kilometroko hegaldi libreak aztertuz, uso bakoitzak egindako norabide-aldaketen berri izan dute ikertzaileek. Gainera, aldaketa horiek egin dituzten usoak taldean zein lekutan zihoazen eta saldoko kideek mugimendu hori zer maiztasunekin imitatu ote duten ere aztertu dute.
Lortutako emaitzak Nature aldizkariak plazaratu ditu. Hain zuzen, ikertzaileek ongi definitutako hierarkia hauteman dute saldoetan. Usoek taldeko buruak egindako norabide-aldaketak imitatzen dituzte (0,4 segundoko tartean), eta normalean liderra taldearen aurrean kokatu ohi da. Gainera, bitxikeria gisa, besterik ere ikusi da: uso arruntek liderrak baino beherago eta eskuinalderago egiten dute hegan. Zergatik? Bada, adituen ustez, txoriek nahiago dutelako ezker begiko ikusmena baliatu liderrak hobeto kontrolatzeko (txorien garunaren egiturarekin eta informazioa prozesatzeko moduarekin lotuta dago).
“Oreka liluragarria”
Usoekin egindako ikerketa baliagarria izan daiteke beste animalia batzuen portaera kolektiboa ulertzeko ere. (Argazkia: Zsuzsa Ákos ).
Dena den, saldoetako buruzagiak ere aldatu egiten dira, ez dira beti berdinak. Batzuetan, gainera, ustez egitura hierarkikoan posizio xumeenetan doazen usoek hartzen dute hegaldiaren gidaritza. Ia demokratikoki jokatzen dutela ere iritzi diote adituek. Haien aburuz, horren arrazoiak zerikusi handiagoa du, ziurrenik, espeziearen eboluzioarekin gidaritza politikoarekin baino.
Oro har, ikerlariek askoz hobea deritzote lider eta jarraitzaileen artean halako portaera malgua eta dinamikoa izateari beti lider baten menpe egoteari baino, erabakiak hartzeko modu benetan eraginkorra izan daitekeelakoan. Princeton Unibertsitateko biologoek ere argi dute: “Uso-saldoetan dagoen demokraziaren eta kontrol hierarkikoaren arteko oreka liluragarria da”.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia