Hiesak 25 urte, eta gehiago
2008/05/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Duela 25 urte, 1983ko maiatzaren 20an, Pasteur Institutuko ikertzaileen lan garrantzitsu bat argitaratu zuen Science zientzia-aldizkariak. Hain zuzen, hiesa eragiten zuen birusa identifikatu zutela eman zuten jakitera artikulu hartan. Giza immunoeskasiaren birusa zen, GIBa.
Ordutik, hiesaren aurkako txertoa osasun-ikerketen helburu nagusietako bat izan da, baina ez dute lortu. Bitartean, birusak 60 milioi pertsona infektatu ditu, eta 25 milioi hil ditu. Aitzitik, birusa identifikatu zuten garaian, iragarpenak ez ziren hain ezkorrak, inondik inora. Adibidez, 1984an, hiesaren txertoa bi urteren buruan proba-fasean izango zela iragarri zuen Estatu Batuetako orduko osasun-arduradunak. Begi-bistakoa da oso oker zegoela.
25 urte hauetan, bi txerto besterik ez dira iritsi proben azken fasera, alegia, pertsonetan probatzera, eta emaitzak etsigarriak izan dira. Azkeneko saiakera, esaterako, Merck farmazia-konpainiak eta Estatu Batuetako osasun-sailak finantzatu dute. 2004an hasi ziren garatzen, eta birusaren hiru gene espresatzen zituen birus errekonbinante bat zen. Saio klinikoen lehenengo faseak gaindituta, eta tximinoetan emaitza onak lortu ondoren, pertsonetan probatzeko unea iritsi zen.
Ikertzaileek boluntarioak lortu zituzten, eta dagoeneko birusak infektatuko pertsonak zein pertsona osasuntsuak txertatu zituzten. Emaitzak , baina, benetan txarrak izan dira: batetik, txertoak ez du birus-kopurua jaitsi lehendik infektatuta zeuden pertsonen odolean, eta, bestetik, ez du infekzioa eragotzi pertsona osasuntsuetan. Areago: badirudi boluntario batzuetan infekzio-arriskua areagotu egin zela txertoa jaso ondoren.
Esperimentuak agerian utzi du ikertzaileek ez dutela behar bezain ondo ezagutzen GIBa, ezta gizakien immunitate-sistemarekin duen elkarrekintza ere. Hala ere, oraindik badute txerto bidez hiesaren aurkako babesa lortzeko itxaropena. Izan ere, ikerketan erabiltzen diren primate batzuetan, bai, lortu dute txerto bidezko immunizazioa. Horrez gain, infektatutako pertsona gutxi batzuetan, tratamendua jasota birusa desagertu egin zaiela frogatu dute. Behintzat, gaur egungo detekzio-metodoekin ez diete birusik topatzen, eta batzuek 25 urte daramate horrela. Antza denez, gutxi horiek sendatzea lortu dute. Gainerakoetan, berriz, tratamendu egokia hartzeko aukera badute, hiesa gaitz kroniko baina sendaezina bihurtzen da. Eta tratamendurik jasotzen ez dutenentzat, hilgarria da.
Munduko Osasun Erakundearen arabera, txertoa lortu ezean, 2030erako hiesa gaixotasun larriena izango da. Aurreikusten dutenez, beste gaixotasun infekzioso batzuk kontrolpean izango dira ordurako, hala nola malaria, beherakoak eta tuberkulosia, eta hilgarriena bihotzeko gaitza izango bada ere, hiesak eragingo ditu osasun-arazo larrienak.
Birus ahaltsua
(Argazkia: CDC/C.Goldsmith)
Alabaina, ikertzaileek badakite txertoa lortzea oso zaila izango dela, birusak berak dituen ezaugarriengatik. Hasteko, hiesaren birusak, GIBak , aurpegi ugari ditu. Mutatzeko eta konbinatzeko gaitasun izugarria du, eta, horren ondorioz, birusaren aldaera genetiko asko daude mundu osoan barreiatuta.
Ikertzaileek hiru talde handi identifikatu dituzte, M, N, eta O, eta M taldea, adibidez, 9 azpitaldetan banatuta dago, eta horien konbinazioak ere badaude. Hala, infektatutako pertsona bakar baten gorputzean GIB mota gehiago daude gripe-izurri batean mundu osoan sortzen diren gripe-birus motak baino. GIBaz infektatuta 33 milioi pertsona daudela kontuan hartuta, birusaren hainbeste aldaera egoteak izugarri zailtzen du denetatik babestuko dituen txerto bat garatzea.
Beste oztopo handi bat da immunologia-sistemaren zelulak infektatzen dituela. Hain justu, zelula horien funtzioa gorputza erasotzaileetatik babestea da; hortaz, gorputza infekzioaren aurka borrokatzeko ahalmenik gabe uzten du GIBak. Gainera, birusak eboluzionatu egin du immunologia-sistemaren estrategiei ihes egiteko. Gordelekua ere topatu du: birusak bere material genetikoa txertatzen du linfozitoen kromosoman; horri esker, infektatutako pertsonak botikarik gogorrenak hartu arren, birusak beti du ugaltzeko aukera. Horrenbestez, txertoak, aldaera pila batetik babesteko gai izatea gutxi ez, eta azkar lortu behar du babes hori, GIBak material genetikoa ezkutalekuan gorde baino lehen.
Hori dena aintzat hartuta, Science aldizkarian argitaratu berri dutenez, ikertzaileek uste dute txertoa lortzeko ikerketetan atzera egin behar dela, eta birusa hobeto ezagutzeko ahalegina egin behar dutela. Eta horretarako dirua bideratzea eskatu dute. Birusa bera ez ezik, immunologia-sistemak eta baita txertoek ere nola funtzionatzen duten hobeto ulertu behar dutela aitortzen dute. Izan ere, lehen txertoa 1796an lortu bazen ere, eta ordutik hainbat eta hainbat txerto eraginkor egin badituzte ere, oraindik ez dakite erabat ondo nola lortzen duten gorputza babestuta geratzea.
Hala eta guztiz ere, Afrikan aritzen diren aditu batzuk ez daude guztiz ados; ez dute uste hori denik lehentasuna. Haien esanean, hiesaren heriotza-tasa mundu osoan % 3,7koa da, baina osasunari bideratutako diru-laguntzen % 25 jasotzen du. Beraz, iruditzen zaie dirua osasunaren aldetik herrialdeen artean dagoen desoreka berdintzera bideratu beharko litzatekeela. Haientzat hiesa arazo larria da, oso larria, baina ez okerrena.
Gara -n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia