Hiesaren aurkako botika berri bat
2002/07/09 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Zientzialariak etengabe ari dira arazo larri horren irtenbidea izan daitekeen botika aurkitu nahian. Azken berrikuntza T-20 deitzen den botika da. Zientzialari estatubatuar eta espainolen elkarlanari esker sortu da, eta botika-mota berri baten lehen adibidea da. Birusaren infekzio-prozesuaren zati oso espezifiko batean eragiten du: birusa CD4 linfozitoetara atxikitzea galarazten du.
Birusak harrapatu berri duen zelula kutsatzeko, derrigorrezkoa da lehenik eta behin zelulara atxikitzea. Hori gertatzen ez bada, ezingo du bere informazio genetikoa zelulara pasatu eta ezingo da ugaldu. Horrela, odolean dagoen birus-kontzentrazioa jaistea lortzen du botika berri horrek.
Botika probatu duten gaixoen % 37 k odolean zuten birus-kopurua ez detektatzeko modukoa izatea lortu da: birusaren 400 kopia odol mililitro bakoitzeko. Kasurik ikusgarrienean, odol mililitro batean birusaren milioi bat kopia izatetik 25era jaitsi zen birus-kopurua.
Hala ere, oraingoan ere ez dira guztiz berri onak. Botika berria urteetan beste botiken koktelak hartzen ibili diren gaixoentzat bakarrik da egokia, eta koktela hartzen jarraitu beharko dute ezinbestean. Gainera, ez du birusa guztiz desagertarazten eta, diotenez, birusak nahiko erraz sortzen ditu erresistentziak botikaren aurka.
Horrek guztiak ez du botika, oraingoz, leku pobreenetan erabiltzeko aproposa egiten. Alde batetik, lurralde horietan botika-koktelak hartzen dituzten gaixoen kopurua oso txikia delako, eta bestetik, botika kantitate handitan ekoiztea oso garestia delako.
Hiesaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero,
egin klik hemen .
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia