Hiesaren ikertzaileak haserre, antisorgailu baten arriskua ez zelako kontuan hartu
2011/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nature aldizkariaren webgunean azaldutako artikulu baten arabera, hiesean espezializatutako ikertzaile asko sutan daude antisorgailu injektagarri bat erabiltzeak hiesa pairatzeko arriskua areagotzen duela frogatu delako. Izan ere, badira 15 urte horren susmoa zutela, baina orain arte ez dituzte aintzat hartu.
Lancet Infectious Diseases aldizkari espezializatuak argitaratu du antisorgailu injektagarriaren eta hiesaren arteko erlazioa frogatzen duen ikerketa. Ikerketa horretan, 3.700 bikote aztertu dituzte, Saharaz Hegoaldeko Afrikako zazpi herrialdetan, eta ikusi dute antisorgailu injektagarria erabiltzen duten emakumezkoek gainerakoek baino bi aldiz arrisku handiagoa dutela hiesaz kutsatzeko.
Hain zuzen ere, 90 milioi emakumek erabiltzen dute antisorgailu injektagarria mundu osoan, eta bereziki ohikoa da aipatutako eremu horretan. Hiru hilez behin injektatu behar da, progesterona hormona du, eta Pfizer etxeak ekoitzi eta merkaturatzen du. Ikerketaren emaitzek haren onurak eta arriskuak berriro aztertzera behartu ditu osasun-arduradunak. Hala, Munduko Osasun Erakundeak gaiari buruzko kontsulta teknikoa egiteko asmoa du, datorren urtearen hasieran.
Adituen iritziz, baina, guztiz onartezina da hori gertatu izana, 1996an argitaratu baitzen Nature Medicine aldizkarian progesteronak hiesaz kutsatzeko arriskua areagotzen zuela frogatzen zuen ikerketa. Ikerketa hura rhesus makakoekin egin zuten, eta, haietan, 7,7 aldiz gehiago kutsatu ziren progesterona inplantea zutenak plazeboa zutenak baino.
Preston Marx mikrobiologoa izan zen ikerketa haren burua, eta haserre mintzatu da Nature webgunean: "Ez da gure lana egin eta aldizkari ilun batean argitaratu bagenu bezala. Antisorgailuak egiten dituztenek ez dute aitzakiarik hori ez jakiteko eta kontuan ez hartzeko, 1990eko hamarkadaren amaieratik. Duela 10 urte jakin behar genuen eragin hori zuela gizakietan".
Are gehiago: uste du osasun-arduradunak eta antisorgailuen adituak ebidentzia horien aurka zeudela, haientzat arazo bat zelako, progesterona injektagarria merkea eta erabilerraza baita eta oso zabaldua baitago garatze-bidean dauden herrialdeetan.