}

Hiesaren inguruan

1993/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

“Nature” aldizkarian, joan den martxoan argitaratutako bi artikulutan azaldu zenez, HIES eragiten duten birusak, infekzioen aurka gorputzaren defentsa osatzen duten sistema linfatikoen noduluetan metatzen omen dira.

Sintomarik agertzen ez zen bitartean oso zaila izaten zen birusa odolean detektatzea; oso ale gutxi detektatzen baitziren. Beraz, sintomak agertu aurretik oso zaila izaten zen inmunizazio-sistema erabat desagertzea. Horregatik, zenbait ikerlek duda-muda asko izan du HIES sortzen duen birusaren inguruan.

Sintomarik gabeko fasea urte batetik 13ra edo gehiagora luza daiteke eta ikerlarien ustetan, fase honetan, birusa “T CD4 zelula” deituriko globulu zurien barruan eraginik sortu gabe mantentzen zen. Globulu zuriak oso garrantzitsuak dira gizakiaren defentsa-sistemarako eta, beraz, birusek globulu zuriak kaltetuz gero defentsarik gabe geratuko litzateke gorputza. HIESaren birusek eragiten ez duten bitartean, inmunizazio-sistemako zelulek ez dituzte aipatu zelulak detektatzen.

Globulu zurien kopurua milakakoa izaten da odol-milimetro kubiko bakoitzean eta kopuru hau 500eraino jaisten denean infekzio-arriskua areagotu egiten da. EEBBetako ikerlariek berriki aurkitu dutenez, birusa ez da odolean metatzen; baizik eta nodulu linfatikoen T CD4 linfozitoen % 25ean. Gainera, linfozito infektatuen % 1ean birusa abiadura izugarrian ugaltzen da. Honek, gaixotasunaren azken fasean izaten den defentsa-galera izugarria azaltzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia