}

Hiesari dagokionez, aurrerapen gutxi

2003/07/18 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Parisen mundu osoko adituek bilera egin berri dute hiesaren inguruko azken aurrerapenak eta berriak elkarri jakinarazteko.

Oiartzun gehien birus-zepa erresistenteei buruzko gaiak izan du. Europan egin den ikerketa baten arabera, berriki GIBaz kutsatutakoen hamarretik batek zepa erresistentea du , hau da, birusaren aurka erabiltzen diren botiketako batek gutxienez ez dio eragiten. Ondorioz, egun erabiltzen diren botika guztiekiko erresistenteak diren birus-zepak gero eta ugariagoak direla esan liteke.

Hala ere, ikerketa ezin da bere testuingurutik atera; izan ere, ikerketa 1.600 europarrekin egin dute eta kontuan hartu behar da Europan nagusi den GIBa B aldaerakoa dela. Ez hori bakarrik Europan ia hogei urte daramagu hiesaren aurkako tratamenduak egokitzen, eta horrek esan nahi du birusak mutatzeko denbora izan duela tratamendu horiei aurka egiteko. Afrikan eta Asian, aldiz, ez dago ia B aldaerako birusik eta gaixotasunaren aurkako tratamenduak ez daude guztien eskura. Hala, beste aldaerako birusen % 3,3 bakarrik da erresistentea botikaren baten jarduerarekiko.

Beste tratamendu guztiek balio ez duten kasuetarako, Fuzeon izeneko sendagaia aurkeztu du Roche etxeak. Botika hori eraginkorra omen da edozein birus-zepataren aurrean. Baina oraindik ez dute merkaturatzerik lortu eta birus erresistenteenen kasuan bakarrik erabiltzen da, beste aukerarik ez dagoenean.

Bileraren beste helburuetako bat birusaren aurkako azken tratamenduen berri ematea zen. Tratamendu horien artean bularra hartzen duten haurrak birusaz ez kutsatzea lortzen duena nabarmendu da. Dirudienez, ama seropositiboen haurrek % 15eko probabilitatea daukate birusa bereganatzeko. Sendabide honi esker, probabilitatea % 1era jaisten da. Funtsean, helduek hartzen duten botika-multzo bera da baina dosi txikiagoetan.

Edoskitzaroko tratamendu horren aurrean , ikertzaile asko eszeptiko xamar agertu dira, birusetan sor dezakeen erresistentzia ez baita ikertu.

Dena dela, zientzia mailan aurrerapausoa izan dela onartu beharrekoa den arren, ez dirudi oso erabilgarria izango denik. Izan ere, birusaz kutsatutako amari bularra ez emateko aholkua ematen zaio, eta, normalean, haurra elikatzeko beste baliabiderik ez duenak baino ez dio ematen bularra. Eta esnea erosteko dirurik ez duenak izango al du haurraren tratamendua bere gain hartzeko aukerarik? Nekez, birusaz kutsatutakoen % 1ek bakarrik jasotzen baitu tratamendua Saharaz azpiko herrialdeetan.

Informazioa osagarria:

Ihesik ez hiesari dosierrean

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia