}

Higaduraren errudun nagusia: gizakia

2005/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lurrazalaren higaduran gehiago eragiten dute giza jarduerek naturaren prozesu guztiek batera baino. AEBetako Michigango Unibertsitateko ikertzaileek historiaurreko higatze-tasak eta giza jardueraren ondorio direnak alderatu dituzte, lurra goldatzea, zelaiak sortzea eta eraikuntza-lanak kontuan hartuta. Eta emaitza horixe izan da.

Berez naturan higatze-tasa zenbatekoa den jakiteko, azken 500 milioi urteetan metatu den arroka sedimentarioa neurtu dute. Kalkuluak egin eta gero, gizakia azaldu baino lehen lurrazala milioi bat urteko 24 m higatu dela ondorioztatu dute. Gizakiak, berriz, 360 m higatu du lurrazala milioi urte bakoitzeko; hau da, giza jarduerek sortzen duten higatze-tasa naturaren prozesuena baino 15 aldiz handiagoa da.

Horrek izan ditzakeen ondorioak ez dira nolanahikoak. Adibidez, etorkizunean nekazaritzako lurrik gabe gelditzeko arriskua dago higatze-tasa horrekin jarraituz gero.