Hilekoaren aurreko nahastea detektatzea errazten duen test bat sortu dute
2013/01/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hala ere, ez dago asaldura hori definitzeko eta diagnostikatzeko irizpide adosturik, eta, horren ondorioz, “zaila da sintomak pairatzen dituzten emakumeekin esku-hartze egokiak bideratzea”, Aperribaik azaldu duenez. Hala, tesian, lehenik asaldura definitzen saiatu da. Horretarako, Estatu Batuetako Psikiatria Elkartearen buru-nahasteen diagnosi- eta estatistika-eskuliburuaren laugarren bertsio berrikusian oinarritu da.
Eskuliburu horrek hilekoaren aurreko nahaste disforikoa definitzen du, eta hura diagnostikatzeko irizpideak proposatzen ditu. Besteak beste, sintomak jendartean edo lanean kalte nabarmena eragiteko bezain larriak direla azaltzen du, eta fase luteinikoan gertatzen direla zehaztu; hau da, obulatu eta hilekoa izan bitartean.
Hortik abiatuta, Aperribaik galdera-sorta bat sortu du, eta hura balioztatu du, EHUko hiru campusetan lanean edo ikasten dabiltzan emakumezkoei egindako elkarrizketen bitartez. Horren bidez, fidagarria dela frogatu du. Hain zuzen, kalkuluen arabera, populazioaren % 3-10ek pairatzen du hilekoaren aurreko nahaste disforikoa, eta, Aperribaik egindako ikerketan, detektatutako positiboak % 15 izan dira.
Egileak azaldu duenez, alde hori “normala da, screening test bat baita. Hau da, ez da diagnostikoa egiteko tresna bat, baizik eta iragazki bat, nahastea izan dezaketen emakumezkoak eta ez dutenak bereizteko”. Alderdi horretatik, oso erabilgarria dela adierazi du Aperribaik, bai ikerketan, bai mediku-zentroetan. “Testa egiteko nahikoak dira 10 minutu, edo are gutxiago, eta horrekin asko aurreratzen da. Gero, positiboak izan diren kasuetan, diagnostiko-probak etortzen dira, eta horiek bi hilabete ere iraun dezakete”. Testa gaztelaniaz prestatu du, eta orain euskaratzen ari direla jakinarazi du Aperribaik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia