}

Hilobiak miatzen, Australiako misterioa argitu nahian

2007/02/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Paleontologoek altxor bat topatu dute Australiaren hegoaldeko Nullabor lautadan: kareharrizko hiru kobazulotan, duela 800.000-400.000 urte bizi izan ziren animalien hezur fosilduak aurkitu dituzte. Asko gaur egun desagertuta dauden eta ezagutzen ez ziren espezieenak dira, eta denetarik dago, hasi animalia txiki-txikietatik eta hiru metroko erraldoira arte.

Australiako hiru kobazulotan, sekulako altxorra topatu dute paleontologoek.
(Argazkia: C. Bryce/Western Australian Museum)

Kobazulo berean hainbeste animalia pilatzea ez da ohikoa, baina leku horretako geologia berezia da. Lautadaren erraietan kareharrizko kobazulo ugari daude ezkutatuta. Milaka urteko zikloetan, kobazulo horietarako sarrerak ireki eta itxi egiten dira, eta irekita daudenean, tranpa bat izaten dira inguruko animalientzat. Hala, animalia asko erori, pilatu eta fosildu dira hiru horien barruan.

Aurkikuntzak parerik gabeko aukera eman die ikertzaileei Australiako faunaren eboluzioa argitzeko. Izan ere, oraindik ez dakite zergatik desagertu zen Australiako megafauna duela 45.000 urte inguru.

Megafaunaren galera

Lehoi martsupialio baten hezurdura osoa topatu dute, lehen aldiz.
(Argazkia: C. Bryce/Western Australian Museum)

Duela 50.000-40.000 urtera arte, Australian animalia handi asko zeuden: errinozeroen neurriko martsupialioak, 7 metro luzeko muskerrak, eta zuhaitzetan bizi ziren lehoi haragijaleak... Garai hartan, ordea, gizakia kontinentera iritsi zen, eta, horrekin batera, animalia handi haiek desagertzen hasi ziren. Milaka urte gutxi batzuetan, megafaunaren % 90 galdu zuen Australiak.

Baina, zergatik desagertu ziren? Hipotesi baten arabera, animalia handiak ez ziren gai izan glaziazio-garaian klimak izan zituen aldaketei aurre egiteko. Zehazki, garai hartan izan zen lehorte izugarriaren ondorioz hil ziren.

Alabaina, kobazuloan topatu dituzten animalien hezurrak aztertuta, zer jaten zuten eta zer ingurutan bizi ziren ondorioztatu dute, eta ikusi dute animalia haiek bizi ziren garaian ere ingurua oso lehorra zela. Beraz, ez dirudi klima-aldaketa izan zenik espezie horiek galtzeko arrazoi nagusia.

Gainera, klima ez ezik, beste zerbait ere aldatu zen garai hartan: gizakia heldu zen Australiara. Paleontologo batzuen iritziz, gizon-emakumeek ekarri zituzten gaitzak berriak ziren hango faunarentzat; ondorioz, animaliak gaixotu eta hil egin ziren.

Sua eta ehiza

Lehoi martsupialioaren irudia, ordenagailuz sortuta
(Argazkia: C. Bryce/Western Australian Museum)

Hala ere, askorentzat hori baino sinesgarriagoa da galera suak eta ehizak eragin zutela dioen hipotesia. Nonbait, sute ugari izan ziren denbora haietan, batzuk gizakiak piztutakoak eta besteak berez sortutakoak. Klima lehorra izanagatik, dena zuhaitzez estalita zegoen, baina suak landaretza aldarazi zuen.

Edozein landare jateko gai ziren animaliek iraun egin zuten, baina beste animalia batzuek landare jakin batzuk bakarrik jaten zituzten, eta, haiek gabe, ezin izan zuten aurrera egin. Ikertzaileek fosilak aztertuta jakin ahal izan dute nola aldatu behar izan zuten dieta garai hartako animaliek, eta garbi dute aldaketa handia izan zela. Batzuentzat, handiegia.

Horrez gain, gizakiak animalia haiek ehizatu ere egiten zituen, jateko. Noski, horrek ere mesede txikia egingo zien desagertzeko zorian zeuden espezieei. Dena dela, ez zen hori izango arrazoi bakarra. Seguru asko, denek izan zuten eragina, neurri batean edo bestean, klimak, suak eta ehizak.

Orain aurkitu dituzten fosilek ez diete balio izan megafaunaren galeraren misterioa argitzeko. Edonola ere, aurkikuntza garrantzitsua izan da, zalantzarik gabe: hiru kobazuloetan, 68 ugaztun, hegazti eta narrastiren hezurrak eta molusku bat topatu dituzte. Tartean, hogeita hiru kanguru-espezieren fosilak erauzi dituzte, zortzi erabat ezezagunak, eta lehoi martsupialio baten hezurdura osoa. Gainera, inguruan antzeko hilobi gehiago egon daitezkeela uste dute. Hortaz, altxorraren bila jarraituko dute.

Deia-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia