Erliebeari itsatsita zeharkatzen dute antzarek Himalaia
2015/01/16 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mongoliatik Tibet hego-ekialdera edo Indiara migratzen dute antzara indiarrek udazkenean, Himalaian barrena, eta historikoki uste izan da hegazkinen pare egingo zutela bidaia: garaierari eutsita eta, ahal zela, atzeko haizeaz baliatuta. Alabaina, datuek bestela erakutsi dute, orografiari lotuta egiten dutela zeharkaldia.
Zazpi antzara migratzaileri erantsitako gailuen bidez egin dute ikerketa, eta Science aldizkarian argitaratu dituzte orain emaitzak. Antzarei jarritako gailuek lau parametro neurtu dituzte: bihotz-taupaden maiztasuna, sabelaldeko tenperatura eta presioa —azken hori altitudea zehaztu ahal izateko—, eta gorputzaren mugimenduak —hegoen astintze-maiztasuna kalkulatzeko—.
Alde batetik, bildutako datuek erakutsi dute batez beste 4.700 metroko garaierara egin zutela bidaia antzarek, eta hegan pasatako denboraren % 2,3 baino ez zutela igaro 4.800 metrotik gora. Bestetik, agerian utzi dute antzarek maiztasun handiagoz astintzen dituztela hegoak altitudea handitu ahala, aire meheagoaren barrena aurrera egin ahal izateko; eta, bihotz-taupaden maiztasuna esponentzialki areagotzen dela hegoak azkarrago astintzean.
Hain zuzen, jasotako datu horiekin ikertzaileek bi eredu garatu dituzte, hegaldietan gastatutako energia kalkulatzeko. Eredu horien arabera, hegaldiaren kostu energetikoa uste baino azkarrago areagotzen da airearen dentsitatea txikitu ahala: “hegaztientzat, energetikoki eraginkorragoa da dentsitate handiagoko airea bilatuz bidaiatzea altitude txikiagoetara jaitsita”, adierazi dute ikerketaren arduradunek, nahiz eta horrek garaiera handiagoetara iristeko ahalegina eskatu noizean behin. “Estrategia honekin, Lurreko eremu garaiena zeharkatzeko modua aurkitu dute antzar indiarrek, beraien gaitasun fisiologikoak muturrera eraman gabe”, gaineratu dute.