}

Himiko, urruneko gas-hodeia

2009/04/23 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Irudiak ez du gauza handirik esaten agian, baina inoiz ikusi den objekturik urrunenetako bat da; hidrogeno-gasez osatutako hodei erraldoi eta amorfo bat da. Himiko izena jarrio diote Kaliforniako Carnegie Institutuko behatokiko astronomoek. Unibertsoak 800 milioi urte zituenekoa da (gaur egun, unibertsoak 13.600 milioi urte ditu). Astronomoak harrituta daude. Izan ere, ez dakite oso garbi nola sortu zen objektu hori, ez baitator bat Big Bang-aren teoriarekin. Teoria horren arabera, lehenik eta behin objektu txikiak eratu ziren, eta, horiek fusionatu ahala, sistema handiagoak sortzen joan ziren. Baina Himiko handiegia da unibertsoa hain gaztea zenekoa izateko. Horrek hamaika zalantza sortu dizkie zientzialariei.

Urruneko hodei hau aurkitzeko, uhin-luzera ezberdinetako munduko hainbat teleskopio erabili dituzte. Astrophysical Journal aldizkarian emango dute aurkikuntzaren berri.

Irudia: M. Ouchi et al.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia