Hipersomnia zerk eragiten duen argitu dute
2012/11/29 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Egunean 10 ordu lo eginda ere, esnatzeko eta esna mantentzeko zailtasunak dituzte hipersomnia duten gaixoek. Hori zergatik gertatzen den argitu dute Emory Unibertsitateko ikertzaileek. Science Translational Medicine aldizkarian argitaratu dutenez, lasaigarri batek bezala jokatzen duen substantzia bat sortzen dute gaixoek.
Hipersomniak ez du zerikusirik apnearekin, ez eta narkolepsia dutenek izaten dituzten bat-bateko lokartzeekin ere. Hipersomnia dutenek lo asko egiteko beharra dute, eta hala ere, inoiz ez dira erabat esna egoten. Fisikoki esna egon arren, mentalki ez daudela hala diote gaixoek, eta lanbro artean baleude bezala sentitzen dira. Estimulatzaileekin edo pizgarriekin tratatu izan dira orain arte, baina ez dute ia eraginik kasu gehienetan. “Balaztatutako auto bat arrankatzen saiatzearen parekoa da egoera —dio ikerketa zuzendu duen David Rye ikertzaileak, Emory Unibertsitatearen prentsa-oharrean—; pentsatu behar dugu azeleragailua gehiago zapaldu nahian jarraitu beharrean, balazta askatu behar dugula”.
32 gaixoren likido zefalorrakideoaren laginak aztertuta, ondorioztatu dute identifikatu ez duten substantzia batek GABA neurotransmisoreari eragiten diola. Hain zuzen ere, GABAK neuronen jarduera moteltzen du. Laborategiko zelulei gaixoen likido zefalorrakideoa gehitzean, ikusi dute GABAren eraginkortasuna ia bikoiztu egiten dela. Efektu hori bera dute, hain juxtu, benzodiazepinan oinarritutako lasaigarriek, Valium-ek esaterako.
Mekanismoa zein den jakinda, saio pilotu bat ere egin dute, zazpi gaixorekin, benzodiazepinen aurkako eragina duen flumazenil botikarekin (lasaigarrien gaindosiak tratatzeko erabiltzen da botika hori). Eta gaixo guztiei berdin eragin ez dien arren, nahiko emaitza onak lortu dituztela diote ikertzaileek. Haien esanean, hurrengo pausoak izango dira substantzia eragilea identifikatzea, eta flumazenilarekin saio kliniko handiagoak egitea.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia