Hiri Galduko tximiniak
2005/03/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Atlantikoaren hondoan toki berezi bat aurkitu dute. Hiri Galdua izena eman diote, eta gasak isurtzen dituzten tximiniez josita dago. Batzuk oso handiak dira, 30 m luze altuenak, eta orain arte ezagutzen ziren tximinietatik erabat desberdinak dira.
Tximinia hidrotermal gehienek gas azidoak isurtzen dituzte, eta han bizi diren mikroorganismoek karbono dioxidotik hartzen dute energia. Hiri Galduko tximiniak, ordea, karbonatuzkoak dira, gas oso basikoak isurtzen dituzte, eta, besteetatik hain desberdinak izanik, inguruan dituzten mikroorganismoak ere bestelakoak dira. Adibidez, zientzialariek frogatu dute haien metabolismoa ez dela oinarritzen karbono dioxidoan, eta metano ugari sortzen dutela.
Hiri Galduan egiten ari diren ikerketa mikrobiologikoak biziaren sorrera ulertzeko bide berriak ireki ditu. Nolanahi ere, horrez gain beste alderdi asko ere ari dira ikertzen Hiri Galduan, hala nola, tximinien egitura geologikoa, fluidoen zirkulazioa, prozesu kimikoak...