}

Hiria, barrutik eria

2005/11/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nazio Batuen Erakundeak zabaldutako datuen arabera, munduko herritarren % 60 baino gehiago biziko da hirietan 2030. urtean, hau da, hiru biztanletik bi hiritarrak izango dira. Ordurako, neurri egokirik hartu ezean, hiri handi batean bizitzea eta hango airea arnastea ez da batere onuragarria izango osasunerako. Izan ere, gaur egungo hirietan ere hainbat arazo sortzen dira: zaborra, poluzioa, zarata, smoga...
Hiria, barrutik eria
2005/11/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Hiriak, zaborra sortzeko makinak

(Argazkia: MEC)
Baliabide naturalen kantitate izugarriak kontsumitzen dituzte hiriek; besteak beste, ura, elikagaiak eta energia. Gainera, hondakin izugarri pila sortzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoan, esaterako, hiritar bakoitzak urtero 478 kg hondakin sortzen ditu, batez beste. Europako Batasunean, berriz, 540 kg inguru. Hau da, herrialde garatuetan, biztanle bakoitzak egunean kilo bat hondakin sortzen du, edo gehiago.

Hondakinen kudeaketa arazo larria da herrialde industrializatu guztietan. Alabaina, are larriagoa da zaborra bildu eta era egokian tratatzeko sistema garaturik ez duten herrialdeetan, garapen-bidean dauden herrialdeetan, hain zuzen ere.

Hirietako hondakinak tratatzeko sistema nagusia zabortegietan pilatzea izan da, orain arte. Era askotako kalteak sortzen ditu sistema horrek: besteak beste, lur azpiko urak poluitzeko arriskua dago, gaixotasun-iturri diren mikroorganismoak eta arratoiak hazteko inguru aproposak dira, paisaia hondatu eta kiratsa sortzen dute...

Hirietako hondakinak tratatzeko sistema nagusia zabortegietan pilatzea izan da, orain arte.
MEC

Arazoa konpontzeko hainbat bide urratu dira. Errausketa-instalazioei esker, adibidez, toki gutxiago hartzen du zaborrak (zabor-kantitatea % 90 gutxitzen da). Baina osasunari eta inguruneari kalteak eragiteko arriskua ez du desagerrarazten.

Hirietako aireak, berriz, bere horretan jarraitzen du. Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, 1.500 milioi hiritarrek jasaten dituzte neurriz kanpoko poluzio-tasak. Airean dauden poluitzaileen araberakoak izaten dira ondorioak, baita haien eraginpean emandako denboraren araberakoak ere. Arnas hartzeko zailtasunak, minbizia eta metal astunek sortutako arazoak dira larrienak.

Smoga edo ke-lainoa

Aire-poluzioaren eragile nagusiak zirkulazioak sortzen dituen ozonoa, nitrogeno oxidoak eta karbono monoxidoa dira, gaur egun. Lehen, airearen kalitate-arazoen eragilea industria-jardueratik zetorren sufre dioxidoa zen; orain, aldiz, hiri askotan zirkulazioak sortutako smog fotokimikoa da arazo nagusia.

Smog fotokimikoak ibilgailuetan du jatorria. Besteak beste, automobil, kamioi eta autobusak dira haren iturri. Barne-errekuntzako motorretan erregaia (gasolina, gasolioa...) erretzeak karbono dioxidoa eta ur-lurruna besterik ez luke sortu behar, teorian bederen. Baina errekuntza-kondizioak direla eta, nitrogeno-oxidoak ere sortzen dira (zilindroan sartzen den aireak % 70 nitrogeno du), baita konposatu organikoak ere.

Nitrogeno oxidoetako bat --nitrogeno dioxidoa-- birika narritatzaile indartsua da. Sufre dioxidoaren ordez, nitrogeno dioxidoa da gaur egun hirietako poluitzaile nagusietakoa. Gainera, nitrogeno dioxidoak ere urarekin erreakzionatu eta azido nitrikoa sortzen du. Azido nitrikoa konposatu kaltegarria da, toxikoa, eta hainbat erredura eragin ditzake.

Hiriko trafikoa arazo larria bihurtu da azken urteotan.
Artxibokoa
Azido nitrikoa ez da, ordea, smogak dakarren arriskurik handiena. Ibilgailuen ihes-tutuei darien produktu kimikoen 'saltsak' baditu bestelako ondorioak ere. Eguzkiaren erradiazio ultramoreak erreakzio kimikoak sorrarazten ditu 'saltsa' horretan. Erreakzio horiek, berriz, beste hainbat konposatu kimiko sorrarazten dituzte. Horrexegatik deritzo 'smog fotokimikoa'.

Bigarren mailako poluitzaileak, hau da, zuzenean atmosferara igortzen ez direnak, dira arriskutsuenak; konposatu organiko lurrunkorrak eta ozonoa, bereziki. Konposatu organiko lurrunkorretako asko --bentzenoa, esaterako-- kantzerigeno bortitzak dira.

Ozonoaren kasua, berriz, berezia da. Estratosferan Eguzkiaren izpi ultramoreetatik babesten bagaitu ere, lurrazalean oso kaltegarria da: arnasketa eragozten du, zuhaitz eta uztak kaltetzen ditu... Nitrogeno-oxidoek eta konposatu organiko lurrunkorrek eguzki-izpien erradiaziopeko erreakziotik sortzen da ozonoa. Zenbat ozono sortzen den, berriz, meteorologia eragileen eta aurrekarien kontzentrazioen araberakoa izaten da. Ibilgailu-zirkulazioak sortzen ditu, batik bat, kontzentrazio horiek.

Irtenbide bakarra du arazoak: ibilgailu-zirkulazioa murriztea.

Hiriko burrunba

Obretako zarata jasanezina da askorentzat.
MEC

Ikusten ez den arren, zarata ere poluzio-mota bat da; poluzio akustikoa, alegia. Hirietako zarata ez da gaur egungo kontua, noski. Jendea biltzen den lekuetan, berez sortzen da zarata. Ilaran geldituta dauden autoak, zaborra jasotzen duen kamioia, espaloia konpontzeko darabilten zulatzeko makina, lur hartzera doan hegazkina, leihopetik igarotzen den motoa..., zarata horiek guztiak eta gehiago hiriaren parte dira, eta osasunari kalte egiten diote, uraren poluzioak edo airearenak bezalaxe.

Ez da harritzekoa zarata handieneko guneak trafiko handienekoak izatea.

Industria-jardueren eraginez ere ingurumenari kalte handia egiten zaio.
MEC
Euskal Autonomia Erkidegoko zarata mapari esker, 70 dezibel (dBA) baino inpaktu akustiko handiagoko inguru ugari identifikatu dira, eta garbi ikusi da zarataren eragile nagusia zirkulazioa dela, industriak ere parterik baduen arren.

Entzumen-galera, odol-presio altuak, estresa, lo egiteko arazoak, kontzentratzeko eta lan egiteko zailtasunak eta, oro har, bizi-kalitatearen galera eta patxadan egoteko ezintasuna dira 70 dezibeletik gorako zaratak gizakiei eragiten dizkien kalterik aipagarrienak.

Faktore horiek guztiak direla medio, hirietako airearen tenperatura inguruko lurretako airearena baino 5 ºC altuagoa da hainbat tokitan. Hirietako lur gehiena errepideek eta eraikinek hartzen dute. Baina bada arazoari aurre egiteko irtenbide bat: hirietako berdeguneak zaindu eta suspertzea. Izan ere, berdegune horiek klimatologia hobetzen dute, poluitzaile atmosferikoak xurgatzen dituzte eta aisialdirako leku aproposa dira, besteak beste. Inork ez du zalantzan jartzen zuhaitzek hirietako airearen kalitatea hobetzen dutela. Urtean 0,7 tona karbono monoxido, 2,1 tona sufre dioxido, 2,4 tona nitrogeno dioxido eta 6 tona ozono ezabatzen dituzte zuhaitzek hamar mila metro karratuko berdegune bakoitzeko.

Bizimodua aldatzea litzateke irtenbidea, baina, horretarako, orain arteko ohiturak aldatu beharko genituzke. Lantegi zaila, zinez. Bitartean, hiriak handitu eta hazi ahala, hiri horiek asetzeko baliabide-premiak ere areagotuz doaz.

Argirik gabe ez dago bizitzerik, baina argi gehiegirekin ere ez
Hirietan ez dago iluntasunik. Baina jabetzen da inor begi bistako poluzio horretaz? Poluzio-mota ugariren topaleku dira hiriak. Argi-poluzioaren eragina gero eta nabariagoa ari da bihurtzen. Poluzio-mota horren arrazoi nagusia hiriguneen argiztapen desegokia da.
Hiriak gaizki argiztatuta daudelako sortzen den fenomeno horrek inpaktu negatiboak eragiten ditu. Besteak beste, bide-segurtasuna gutxitzen du (itsualdiak) eta ingurumen-kalteak eragiten ditu (adibidez, energia-kontsumoa igotzearekin batera, poluzioa handitu, lanpara-hondakinak ugaritu eta animalia-espezie batzuen erritmo biologikoak aldatu egin dira). Hiri askok gehiegizko argia dute.
(Argazkia: MEC)
Euskal Autonomia Erkidegoan, argi poluzioaren foku nagusia Bilbo Handiaren inguruan dago, han bizi baita EAEko biztanleen % 42.
Satelite bidez jasotako informazioari esker, hirietako argi-mapak egiten dituzte zientzialariek, eta, haien bidez, hirietako dentsitatea eta poluzio-maila neurtzen.
Hirien eboluzioaren erakusle garbiak eta zehatzak izaten dira argi-mapak, argiz betetako hiriak oso erraz ikusten baitira zerutik; lurretik, aldiz, gero eta zailagoa da zeru iluna, izarrak eta ilargia bera ere ikustea.
Kortabitarte Egiguren, Irati
3
214
2005
11
030
Ingurumena
Dosierra
7