Hiriak, lurraren jabe
2005/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gizakiaren eragina erabat nabarmena da, eta espaziotik ere garbi ikusten da. NBEk adibide deigarrienak biltzen dituen liburua argitaratu du aurten. Liburuan, elkarren ondoan azaltzen dira duela hamarkada batzuetako satelite bidezko argazkiak eta oraingoak, eta, horietan, nabarmen azaltzen da azkenaldian aldaketak inoiz baino handiagoak eta azkarragoak izan direla.
Aldaketetako batzuk naturak berak sortuak dira: tsunamiek, sumendiek, lurrikarek eta halakoek indar handia dute, eta gai dira eremu zabalak eraldatzeko. Beste kasu batzuetan ez dago garbi zein den aldaketaren kausa eta zenbaterainokoa den gizakiaren eragina. Adibidez, glaziar askok atzera egin dute, eta, batzuek uste badute ere prozesu naturala dela, beste batzuen iritziz giza jardueraren ondorio da.
Nolanahi ere, ezin da ukatu aldaketa asko gizakiak eragin dituela. Gizakiak soildu ditu Hego Amerikako oihanak, nekazaritzako lurrak izateko, eta gizakiak bihurtu ditu negutegi erraldoi 20.000 hektarea lur Almerian, Espainiaren hegoaldean. Toki horietako irudiak benetan adierazgarriak dira.
Beste leku eta era askotako adibideak ere badaude, nekazaritza-jarduerak ez ezik hirigintzak ere sortzen baititu aldaketak. Esate baterako, oso kezkagarria iruditzen zaie NBEkoei Miamiren bilakaera. Izan ere, hiria mendebalderantz hedatzen ari dela eta, Evergladesen ekosistema arriskuan jartzen ari da. Evergladesek UNESCOren babesa du, munduko hezegune handienetakoa da eta oso ekosistema aberatsa du. Hiria haraino iritsiz gero, kalteak izugarriak izango lirateke.
Hirien hazkundea, geldiezina
Atzera begiratuz gero, are esanguratsuagoak dira datuak. Izan ere, 1800ean populazioaren % 2 bakarrik bizi zen hirietan. 1950ean, berriz, % 30 ziren hiritarrak, eta 2000n, % 47. NBEren arabera, egunean 180.000 lagun gehiago daude hirietan, han jaio direlako edo hara joan direlako bizitzera. Hortaz, 2030. urterako populazioaren % 60 hirietan biziko dela kalkulatzen dute.
Gainera, herrialde pobreetan haziko dira gehien hiriak. Han, 1.900 milioi lagun biltzen ziren hirietan 2000. urtean, eta 2030erako 3.900 milioi izatea espero dute. Aldiz, herrialde garatuetan motelagoa izango da hazkundea: 900 milioitik mila milioikoa izatera pasatuko da.
Gaur egun, herrialde garatuetako populazioaren hiru laurden hiritartuta dago. 2030erako, % 84koa izango da proportzio hori. Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan ere biztanleen hiru laurdenak hiritarrak dira, baina kontuan izan behar da 1960an populazioaren erdia bakarrik bizi zela hirietan. Eta, hala ere, han baino azkarrago ari da areagotzen hiritar-kopurua Afrikan.
Afrikako biztanleria landatarra da gehienbat; populazioaren heren bat baino gehixeago besterik ez zuten hartzen hiriek 2000. urtean. Baina hazkunde-tasa beste inon baino handiagoa da, % 4,97koa hain zuzen; beraz, izugarri ari dira hazten hiritar-kopurua eta hiriak kontinente hartan. Gero, Afrikaren ondotik, Asia dator. Bi kontinente horietan dago populazio-hazkunde handiena, eta hor ari dira hazten gehien hiriak.
Etxean berdintsu
Lurraldetik lurraldera aldea dago, hala ere. Esate baterako, azken hamarkadetan Zuberoa eta Nafarroa Beherea biztanleak galtzen ari badira ere, Lapurdin populazioa hazten ari da. Hain juxtu, kostaldean ari da biltzen jendea batez ere. Bestalde, azkenaldian Zuberoa eta Nafarroa Beherea jendea jasotzen hasi diren arren, kasu askotan bigarren etxebizitza egiteko da, gizarte-arloko hainbat adituk salatzen dutenez. Haien ustez, horrek areagotu egiten du desoreka.
Nafarroan eta Araban ere populazioa kontzentratzen ari da. Iruñea eta Tutera dira hazten ari diren nukleoak Nafarroan; Araban, berriz, Gasteizek biltzen du populazioaren gehiengoa, eta beste edozein gune baino azkarrago ari da hazten. Nukleo horietatik gertu dauden herriak ere ari dira hazten, baina asko lo-hiri bilakatzen ari dira.
Orain bertan eztabaida handia dago Nafarroako Gendulainen egin nahi dituzten etxeen gainean. Iruñetik hamar kilometrora dago Gendulain, eta, dirudienez, hamabost urtean 15.000 etxebizitza eraikitzeko asmoa du eskualdeko eraikuntza-enpresa gehienak biltzen dituen elkarteak. Hori hala balitz, Nafarroako bigarren hiria bihurtuko litzateke.
Gipuzkoan eta Bizkaian, berriz, oso bestelakoa da egoera. Bi lurralde horietan zaila da horrelakorik gertatzea, beste era batera baitaude urbanizatuta. Bien populazio-dentsitatea Europako Batasuneko batezbestekoaren gainetik dago (Europako Batasuneko batezbestekoa 80 biztanle/km 2 da, Bizkaian 506 biztanle daude km 2 -ko, eta Gipuzkoan 340). Euskal Herriko hiri handienak ere bi lurralde horietan daude; beste lurraldeetan ez dago 100.000 biztanletik gorako hiririk, aitzitik, Gipuzkoan bat dago, eta Bizkaian hiru.
Euskal Herriko lurraldeen artean dauden aldeak XIX-XX. mendeetan gertatu zen industria-garapenaren ondorioz sortu dira. Horretaz gain, orografiak ere erabat baldintzatu du urbanizazioa, eta haranetik haranera ere badaude diferentziak. Nolanahi ere, ikuspegi orokor batetik, beste edozein herrialde garaturen joera berbera du Euskal Herriak, alde on eta txar guzti-guztiekin.