Hirien egitura garunean
2009/11/28 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Lehenengo begiratu batean, inork ez luke esango inolako antzik dutenik hiriek eta garunek. Lehenengoak guk sortu ditugu; orain dela 5-15 mila urtekoak dira ezagutzen diren hiri zaharrenak. Pertsonen bizileku dira hiriak, jende-multzo gutxi gorabehera handien bizilekuak.
Garunak, berriz, orain dela 535 bat milioi urte sortu ziren hainbat animaliatan, inoren esku-hartzerik gabe. Bizidunen hainbat funtzio kontrolatzen dituzte: zentzumenak, mugimendua, portaera, adimena, baita bihotzaren taupadak eta gorputzaren tenperatura ere, gutxi batzuk aipatzearren.
Bada, ustez inolako loturarik ez duten bi horien artean antzekotasunak aurkitu dituzte Estatu Batuetako Rensselaer Institutu Politeknikoko ikertzaile batzuek. Egindako ikerketa batean ikusi dute antzera eboluzionatu dutela hiriek eta garunek. Edo, zehatzago esateko, batzuetako eta besteetako komunikazio-sareek.
Handitu ahala, konplexuagoak
Zenbat eta handiagoak izan, orduan eta konexio gehiago dituzte, bai garunek eta bai hiriek. Eta, gehiago izateaz gainera, konplexuagoak ere badira. Komunikazio-sare konplexuak behar dituzte garunean bizidunek adimen aberatsagoa eta konplexuagoa izateko, eta errepideetan hiriek populazio handi eta produktiboak eduki ahal izateko. Beharra bera da bietan: interkomunikazio-maila nahikoa handia izatea sistemak behar bezala funtziona dezan.
Ikertzaileek adierazi duten bezala, gizakion neurriko garun bat sortzeko, ez litzateke nahikoa izango bi zakur-garun elkartzea. Ez lirateke sortuko giza garunean dauden lotura eta konexio konplexuak, eta, hortaz, garun horrek ez lituzke izango gizakiok dugun buru-ahalmena.
Gauza bera gertatzen da hiriekin. Hiri handietan ezinbestekoa da errepide-sare konplexuak eta eraginkorrak izatea, hiriak funtzional izaten jarrai dezan. Hortaz, handitu ahala, gero eta azpiegitura konplexuagoak eratzen dira: saihesbide gehiago, autobide gehiago hirien inguruan, errepideetan errei gehiago, autobideetan irteera gehiago, eta abar.
Hau da, garunen kasuan gertatzen den bezala, ez litzateke nahikoa izango bi hiri txiki elkartzea hiri handi baten komunikazio-sarea lortzeko. Garunen eta hirien antolaketa-sarearen desberdintasun bakarra da, ikertzaileen esanean, neuronek informazioa garraiatzen dutela, eta autobideek eta errepideek, berriz, pertsonak eta materialak.
Presioaren eraginez moldatuak
Nola liteke hain antzekoak izatea hirien eboluzioa eta garunarena? Bada, ikertzaileek uste dute antzekoak direla horien atzean dagoen "indar eragilea". Naturan, hautespen natural esaten zaio eboluzioaren erregulatzaileari: bizidunetan aldaketak agertuz doaz, eta inguruneko kondizioetara hobekien egokitzen direnek egiten dute aurrera.
Inguruneko kondizioak ere aldatuz doaz denbora aurrera joan ahala, eta, halaxe, animaliak pixkanaka moldatzen eta aldatzen joaten dira. Garunen tamainan eta egituran horixe gertatu da, eta horregatik du animalia-espezie bakoitzak neurri jakin bateko garuna.
Hirien eboluzioan hautespen naturalak ez du inolako eraginik, noski. Hirietan eragin zuzena dutenak politikariak eta enpresariak dira. Bada, ikertzaileen arabera, naturan hautespen naturalak duen eragin bera dute politikak eta ekonomiak hirietan. Bi kasuetan eragina ez da zuzena, zeharkakoa edo pasiboa baizik. Eta bietan emaitza bera lortu da gutxi gorabehera. Horra!
Ortzadar-e n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia