}

Hirien hazkundea berdin hondamendi ekologikoa?

2001/01/28 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Egun turistak ibiltzen dira Angkorreko tenplu eta eskultura artean ahoa zabalik dutela, baina antzina Asiako hego-ekialdeko erreinurik handienaren hiriburua izan zen, Khemerren inperioarena. Kanbodiako lur haiek Khemerren inperio handi eta boteretsuaren sorleku izan ziren IX. eta XV. mendeen artean. Gerrateen eta ezegonkortasun politikoen ondorioz gainbehera egin eta oihanak irentsi zuela kontatzen du kondairak, baina hainbat arkeologo ez daude ados. Hiria gehiegi hazi eta kolapso ekologikoa gertatu zela uste dute.


Garai batean Hegoaldeko Txinako Itsasotik Tailandiaraino eta Laosetik Malakar penintsularaino hedatzen zen Khemerren inperioa. XI. mendean ia milioi bat biztanle izatera iritsi zen haren hiriburu Angkor, baina 400 urte geroago betiko desagertu ziren bai hiria eta bai inperioa. Zer gertatu ote zen? Hitzarmenezko teoriak ezegonkortasun politikoei egozten die errua. Hiriko agintariek boterearen kontrola galdu zuten, matxinadak izan ziren probintzietan eta bizilagunen erasoak jasan zituzten. Azkenean, inbasio baten ondoren hiria betiko utzi zuten angkortarrek 1431. urtean.


Baina esan bezala zenbait arkeologo ez datoz teoria horrekin bat. Horien artean Roland Fletcher australiarra eta Christophe Pottier kanputxearra dira beste azalpen baten bila gartsuki lanean dabiltzanetako bi. Angkor gune zeremoniala baino zerbait gehiago izan zela uste dute haiek, eta kolapso ekologiko baten ondorioz, gainbehera egin zuela.


Bizitegi-auzoak


Kolapso ekologikoaren teoria 1992. urtean hasi zen forma hartzen. Pottierrek 600 bat eraikinen hondakinak aurkitu zituen hiriaren hegoaldea esploratzen ari zenean eta jende arruntaren bizilekuaren aztarnak izan zitezkeela ondorioztatu zuen. Tenplu eta monumentuak xumeak ziren eta eskultura gehienak zurezkoak. Museoetara eramateko moduko deus ez zegoen bertan, baina bai ideia eta teoria berriak indartzeko adina informazio. Angkorreko populazioa ez zen hiriaren erdialdean pilatuta bizi, inguruetan ere bizi zen. Are gehiago, Pottierren ustez, Angkorreko biztanle gehienak erdiguneko eraikin izugarrietatik kanpo bizi ziren, zurezko etxeetan sakabanatuta.


Arkeologo konformagaitzak izaki, teoria frogatzeko bideak jorratzen hasi ziren eta zerutik etorri zitzaien aukera paregabea. Angkorren lanean ibili zen beste arkeologo batek Endeavour misioak Angkorreko irudi batzuk har zitzala eskatu zion NASAri. NASAk baiezkoa eman zion eta 1995ean eskuartean izan zituen irudiak. Aditu guztiak aho zabalik geratu ziren, irudiek lursailez, bidez, tumuluz eta ureztatze-kanalez beteriko sarea erakusten baitzuten, hiriaren erdigunetik hasi eta iparralderantz hedatzen zirenak. Orotara, Angkorrek 1.000 kilometro karratuko azalera hartzen zuen.


Pottier eta Fletcherrentzat argi zegoen argazki haien esanahia. Angkorren uste baino jende gehiago bizi zen, ikaragarrizko estres ekologikoa jasan zuen urtetan eta azkenean kolapsatu egin zen. Gertakarien segida horrelakoa izan zen gutxi gorabehera: hiria hazi ahala lur gehiago lapurtu zitzaizkion basoari nekazaritzarako, eta iparretik hegora ibaia sedimentuz betetzen joan zen. Sedimentuek hiriko kanalak buxatu egin zituzten, baita inguruko ibaiak ere. Ureztatze-sistema degradatzen hasi zen, kanalak higatzen hasi ziren eta lurrak geroz eta pobreago bilakatu ziren. Desoreka muturreraino eraman zuten Angkorreko biztanleek eta azkenean dena pikutara joan zen.


Teoria sinesgarria

Geroztik egin diren ikerketek kolapso ekologikoaren teoria indartu egin dute. Halaere, ez dago guztiz argi kanalak garraiorako eta ureztatzeko soilik erabiltzen ziren ala haien inguruan jendea bizi zen. Hori frogatzeko kanaletako sedimentuen laginak atera dituzte, kolapso ekologikoaren teoria zuzena bada eta kanal haien inguruan jendea bizi bazen, sedimentuetan giza okupazioaren aztarnak agertuko baitira.


Bestalde, sedimentu horiek Angkorreko ingurugiroak estresa sufritzen zuen edo ez jakiteko bidea ere badira. Sedimentuetan harrapatutako polena, organismo txikiak eta ikatza aztertuta basoaren azalera-aldaketari eta laboreen presentzia edo gabeziari buruzko aztarnak jaso ditzaketela uste dute. Informazio horrekin XV. mendeko kondizio ekologikoak zein ziren jakin ahal izango da, baita Angkor eta bere ingurunea osotasunean irudikatu ere. Bestalde, Angkorreko hegoaldeko aintziratik ere antzeko pistak atera nahi dituzte. Hiriko kanal eta errekek Tonle Slap aintziran isurtzen zituzten euren urak eta, beraz, baso-garbitzearen ondoriozko hondakinen arrastoak han ere egongo dira.


Azpimarratzekoa da ere, kolapso ekologikoaren teoria frogatzeko NASAk eman dien laguntza. Lurra behatzeko NASAren PacRim misioak Angkorreko irudi berriak hartu zituen joan den urtean. Endeavourrek hartutakoak baino hurbilagotik egin dira eta zehaztasun handiagoa dute. Oraingoz irudi bakarra ailegatu da arkeologoen eskuetara eta itzela dela adierazi dute. Irudi horiek guztiek Angkor bere testuinguru ekologikoan ezagutzea ahalbidetuko dute eta hiriaren mugak zehatzago identifikatu ahal izango dira.


Iraganeko irakasgaia


Argi dago ikuspuntu arkeologikotik oso interesgarria dela Angkor hiria zergatik eta nola desagertu zer argitzea. Baina kanputxearrentzat ere badu interesik, bereziki angkorratarrak bezala Mekong ibaiaren ertzetan bizi direnentzat.


Tonle Slap aintzira elikagai-, ur- eta ongarri-iturri paregabea da oraindik ere. Urteko lehen hilabeteetan apenas egiten duen euririk Mekong arroan, baina montzoien garaian uraren maila 20 metro baino gehiago igo daiteke. Ibaiak eta ibaiadarrek gorde dezaketen baino ur gehiago jausten da lurrera eta soberakinaren zati handiena Tonle Slap aintziran biltzen da. Bidean labore-lurrak ongarriz asetzen ditu. Ongarriez gain, uholdeek arrainak garraiatzen dituzte iparraldetik aintziraraino.


Mekong ibaia eta Tone Slap aintzira aberastasun-iturri dira bertakoentzat, baina noiz arte? Txinak Mekong ibaiaren adar nagusian presa hidroelektriko bat eraiki du eta beste 14 egiteko asmoa du. Tailandia, Laos eta Vietnamek 15 presa eginak dituzte Mekong-en ibaiadarretan eta Kanbodiak beste 9 eraiki nahi ditu. Hainbeste presak goitik behera aldatu dute ibaiaren ur-emaria eta oreka ekologikoa. Badirudi 600 urte geroago historia errepikatu egin daitekeela. Gertakariak berdinak dira: habitata murrizten ari da eta aintziraren ekologia globala aldatzen; biztanleak geroz eta gehiago dira eta nekazaritza intentsiboa da nagusi. Iraganetik ikasteko betarik emango al die?


Kanbodiatik mundura


Nork ez du inoiz ikusi pelikula estatubatuarrik? Nork ez ditu ezagutzen film amerikarretako familien auzoak? Lorategia, garajea eta etxebizitza familiabakarra. Bata bestearen ondoan, kalearen bi aldeetan eta guztiak berdinak. Auzo horiek dentsitate txikiko okupatze-ereduen arabera egiten dira. Etxebizitza askoko eraikinak leku txikitan egin ordez, azalera handiak betetzen dituzte etxe txikiekin. Noski, eremu zabalak eskura izatea ezinbestekoa da dentsitate txikiko ereduak aplikatzeko.

Horregatik, eredu hori oso hedatua dago Estatu Batuetako mendebaldeko kostaldean, nahiz eta Europako eta Australiako zenbait tokitan ere ikusten diren halako auzoak. Geroz eta handiagoak dira eta badirudi hedatzeko gaitasun mugagabea dutela. Printzipioz ez dirudi kalte berezirik eragin dezaketenik. Pottier eta Fletcher, ordea, ez daude hain ziur. Haien ustez Angkor dentsitate txikiko okupatze-ereduaren adibide bikaina da. Erdigune zeremonialaz eta ehunka kilometro karratu hartzen zituzten auzoez zegoen osatuta. Zoragarria zen baina porrot egin zuen. Arkeologoen ustez bizitegi-auzoekin antzekoa gerta liteke mugarik gabe hedatzen uzten bazaie.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia