}

Hirietan kantuan, larri

2008/09/16 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Egunsentia da, hiria esnatzera doa, txorien kantua da inguruko soinu bakarra... Ez, eguna argitzerako hiri asko martxan daude, eta arreta pixka bat gehiagorekin begiratuz gero ikusiko dugu lokartu ere ez direla egiten.
Txoriek moldatu egin behar izan dute hirietan bizitzera, hirietako zalapartan bizitzera, alegia. (Argazkia: Tatiana Demchenko )

Egunaren hogeita lau orduetan dago mugimendua hiri handi eta ez hain handietan, eta autoak direla, kamioiak direla, lantegiak direla... etengabeko inguru-zarata izatera ohituta gaude. Txorien txioak zalaparta handi horrek itzalita gelditzen dira.

Denoi egiten digu enbarazu hirietako zarata horrek, batzuei handiagoa besteei baino, eta txorien kanturik ez entzuteak bihozmina eragingo dio baten bati. Txorientzat, ordea, hil edo biziko arazo bilakatu da. Moldatu egin behar izan dute hirietan bizitzera, eta moldatu ez direnek, elkarri entzun ezinda, hirietatik alde egin behar izan dute.

Kalte handia eragiten die txoriei hirietako inguru-zaratak: batetik, estali egiten ditu hurbiltzen zaizkien harraparien soinuak nahiz arriskuren bat dagoela abisatzeko zenbait txorik egiten dituzten deiadarrak, eta, bestetik, txori kantariek bikotekidea bilatzeko eta lurraldea markatzeko erabiltzen dituzten kantuak itota gelditzen dira.

Horren aurrean, moldatu egin behar
Txantxangorriek utzi egin diote hiri jakin batzuetan egunsentian eta ilunabarrean kantatzeari, ordu horretan baitago hirian zalapartarik handiena. (Argazkia: OhWeh)

Hirietako zarataren aurrean txori batzuek eta besteek nola erantzuten duten jakin nahian, hainbat ikerketa egin dituzte Europako zenbait unibertsitatetan. Oro har, ikusi dute hiru bidetatik jo dutela hiri gero eta zaratatsuagoetan moldatzeko. Batzuek, hala nola txantxangorriak, kantuan aritzeko garaia aldatu dute. Txoriok, tradizioz, bereziki egunsentian eta ilunabarrean kantatzen dute. Izan ere, garai horietan dira haizearen zaratak eta zurrunbiloak txikienak, eta, hortaz, hotsa azkarrago garraiatzen da.

Kontua da hirietan haizeak baino indar handiagoa duten zaratak daudela, bereziki puntako orduetan (alegia, goizeko lehen orduan eta arratsaldeko azkeneko orduan). Hortaz, egunaren garai isilenean, hau da, gauez, kantatzeari ekin diote.

Beste batzuk ozenago kantatzen hasi dira. Esate baterako, Berlingo urretxindorrak aztertu zituen St Andrews Unibertsitateko ikertzaile batek. Ikusi zuen goizeko bostak eta hamarrak bitartean hiriko urretxindorrak basoko ahaideek baino 14 dezibel ozenago aritzen zirela, eta 95 dezibeleko bolumenean kantatzera ere iristen zirela (giza belarria kaltetzeko moduko bolumenean, alajaina!). Ikusi zuen, gainera, inguruko zarataren arabera igotzen edo jaisten zutela kantuaren bolumena.

Hirietako kaskabeltz arruntek tonu altuagoan kantatzeari ekin diote, euren burua entzungarri egiteko. (Argazkia: Peter Mulligan)

Azkenik, beste batzuek kantatzeko tonua aldatu dute. Hirietako zaratak maiztasun txikiko uhinak izaten dira (hau da, nota baxuak); hortaz, nahikoa dute tonua aldatu eta nota altuagoetan kantatzea ahotsa entzungarriago egiteko. Modu horretan moldatu dira, besteak beste, kaskabeltz arruntak eta txolarreak.

Beraz, argi dago kantatzeko modua aldatzeko gaitasuna izatea abantaila paregabea dela hirietako txorientzat. Dena den, ez pentsa hirietan ikasi dutenik kantua modulatzen. Basoan ere baliagarria izan daiteke gaitasun hori batzuetan, hala nola ur-jauzietatik hurbil dauden lekuetan (oso ingurune burrunbatsuak dira, hirien antzekoak, neurri batean). Kondizio horietan ikasi zuten txori batzuek kantatzeko modua aldatzen, eta orain, baliagarri zaie ikasitako hura guk sortutako hiri zalapartatsuetan.

Baina txori guztiak ez dira inguru burrunbatsuetan bizi basoetan, eta, hortaz, guztiek ez dute garatu horretarako gaitasuna, ez baitie ezertan laguntzen. Hain zuzen, horiek dira hirietan bizitzeko zailtasun handiena dutenak, eta, bereziki, hirietako zarataren pareko doinuetan, maiztasun txikikoetan, kantatzen dutenak.


Deia -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia