}

Historiaurreko emakumearen irudi berria

2005/07/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Historiaurreko emakumearen irudia kobazuloko suari lotuta agertu izan da orain dela gutxi arte. Gizon ehiztariaren menpeko fidel, ume ugariren ama eta zaharren zaintzaile gisa irudikatu dute gehienek. Joan den mendearen hasieran emakume tradizionalak etxean zuen rol bera eman zioten Paleolitoko emakumeari adituek ere. Oraingo adituek, ordea, beste ikuspuntu bat dute, eta, ondorioz, historiaurreko emakumearen irudia aldatu egin da.

Duela gutxi arte, rol nagusia gizonari eman diote antropologoek.

Argazkia: National Park Service

Onartu beharra dago: ez da erraza jakitea nola bizi ziren gure arbasoak. Antropologoak aztarnetan eta etnologian oinarritzen dira, baina aztarnak ez dira ondorio garbiak ateratzeko bezain ugariak eta argiak. Beraz, ulertzekoa da aztarna horiek interpretatzen dituztenak beste zerbaitetan ere oinarritu behar izatea historiaurreko garaiak nolakoak ziren azaltzean. Eta, askotan, bizi eta ikusten duten horretan oinarritzen dira. Horregatik, ez da harritzekoa emakume otzanaren rola eman izana Paleolitoko emakumeari; izan ere, horixe zen emakumearen rol tradizionala. Ehiztari, artista eta xaman gizonek izan behar zuten, ezinbestean.

Antropologiak, baina, etengabe egiten du aurrera, gizarteak berak bezala. Duela urte batzuk baino datu eta aztarna gehiago dituzte zientzialariek, eta, ziurrenik, baita aurreiritzi gutxiago ere. Hori dela eta, zenbait adituk zalantzan jarri dute emakume etxekoi eta menpekoaren irudia, eta beste era batera begiratu diote historiaurreko emakumeari. Ondorioz, badirudi Paleolitoari ere iritsi zaiola genero-berdintasunaren garaia, eta azkenaldian aurkeztu duten historiaurreko emakumearen irudia lehen baino koloretsuagoa eta biziagoa da orain. Hori bai, ezin jakin lehengo irudia baino gehiago hurbiltzen den egiazkora!

Nolanahi ere, joera berriaren arabera, Paleolitoko emakumeak ehizan ere aritzen ziren, adibidez. Beharbada ez zituzten erabiliko gizonek ibiltzen zituzten arma berak, baina badaude zantzuak uste izateko emakumeek ere animaliak ehizatzen zituztela. Azterketa etnologikoek ere horren alde egiten dute. Esate baterako, Kanadako ojbwa tribuko emakumeek eta Astraliako tiwi tribukoek ere egiten dute ehizan, eta horretarako erabiltzen dituzten armak ez dira gizonezkoenak bezalakoak.

Janaria lortzeko garaian, bushmen tribuko emakumeak ez dira gizonaren mendeko.

Afrikaren hegoaldeko bushmen tribuaren gaineko ikerketak ere asko lagundu zien antropologoei begiak zabaltzen eta gizarte-egitura eta rol-banaketa beste era batera ikusten. Antropologoek pentsatu zuten agian haien antzera bizi zirela gure arbasoak! Ikerketa duela hogeita hamar bat urte egin zen, eta ordutik bizimodua aldatu egin dute, baina lehen nomadak ziren, eta emakumea ez zen mugatzen etxea eta umeak zaintzera. Ez zen gizonaren menpeko jatekoa lortzeko garaian, eta jana biltzen aritzen zen, eta baita ehizan ere.

Emakume ehiztaria eta biltzailea

Adituen ustez, oso litekeena da gizartea eta, ondorioz, emakumearen rola, aldatzea Paleolitotik Neolitora iragatean. Neolitoan gizakia nekazari eta abeltzain bilakatu zen, eta lan-banaketa lehen baino espezializatuagoa izatea eskatzen zuten jarduera berri horiek. Baina ez dago arrazoirik pentsatzeko emakumeek ez zutela parte hartzen jana lortzeko lanetan Paleolito garaian.

Aztarnak interpretatzeko, datu objektibo gutxi dituzte arkeologoek eta antropologoek.

Animalia handiak ehizatzeko ezinbestekoa zen talde-lana eta indarra; horregatik, gizonari eman izan zaio lehen mailako rola. Hark ehizatzen zuen animalia, heroia zen. Emakumeak, berriz, ehizatutakoa jaso, garbitu, txikitu eta prestatu egingo zuen, edo, beste bertsio baten arabera, hondakinekin konformatu beharko zuen. Gainera, umeentzat eta zaharrentzat ere zerbait gorde beharko zuen emakumeak.

Alabaina, tresnak eta jaten zituzten animalien zatiak ikertuta, hainbat antropologok ondorioztatu dute ehiza ez zela jarduera nagusia Paleolitoan. Seguru asko, beste harrapari batzuk hildako animaliak harrapatzen saiatzen ziren. Hau da, saia eta hiena bezala, ehiztaria baino gehiago sarraskijalea izango zen gizakia. Eta jarduera horretan berdin-berdin ariko ziren, nonbait, gizonak eta emakumeak. Beste zenbait haratago joan dira, eta iradoki dute tresna finen egileak emakumeak zirela, eta haiek asmatu zituztela soka eta ehungintza duela 20.000 urte.

Sexu-kontuak

Feminismoaren garaian, matriarkatuaren ikurtzat hartu ziren Paleolitko emakume-estatuak.

Paleolitoko bizimodua nolakoa ote zen azaltzen saiatu direnean, askotan aritu dira sexuari buruz. Garai hartako jarduera sexuala eta emakumearen zeregina imajinatu dituztenean, denetik aipatu dute adituek. Batzuen ustez, emakumeak trukeko txapon gisa erabiltzen zituzten gizonek. Gizonak erabat menperatzen zuen emakumea, eta halaxe azaltzen da irudi tipiko batean: gizonak tximetatik heltzen dio emakumeari, eta arrastaka eramaten du haitzulora. Karikatura bat da, bai, baina horrelakoxea zen duela hamarkada batzuk arte zegoen irudia eta ustea.

Ideia hori, ordea, asko aldatu zen feminismoak indarra hartu zuenean. Paleolitoko emakumeen estatuak hainbat eratara interpretatu izan dira, eta, adibidez, matriarkatuaren ikurtzat hartu zituzten 1970eko hamarkadako feministek. Berez, ideia ez zen berria, greziarrek ere emakumeek menperatutako gizarte primitiboak imajinatu baitzituzten Egeoko irla batzuetan eta Asiako estepan. Feministek, baina, estatu horietan oinarrituta eraiki zuten teoria, eta asko zabaldu zen ordutik aurrera.

Argi dago: Paleolitoko emakumearen irudia aldatu egin da denborarekin, eta etorkizunean ere egingo dira interpretazio berriak. Ez bakarrik zantzu gehiago lortuko direlako, baizik eta begirada bera ere aldatu egingo delako

7K-n argitaratua.