}

Hitz egiten hasi aurretik egin beharreko urratsak

2001/06/25 Astobiza, Amaia


Gainerako animaliekin alderatuta, gizakiaren ezaugarri nabarmenenak, beharbada, hanka biren gainean ibiltzea eta hitz egiteko gaitasuna izatea dira. Beste ezaugarri bat, ostera, buruari etengabe galderak egitea da. Adibidez, honako hau: aipatutako bi ezaugarri horien artean, zein izan zen gizakiak garatu zuen lehena?

Horren erantzuna aurkitu nahian, Estatu Batuetako Baltimore Konderriko Maryland-eko Unibertsitatean diharduen Robert Provine neurozientzialaria txinpantzeen barre-algarak aztertzen aritu da. Orain arte, barrearen inguruan egin diren ikerketa gehienen helburua txinpantzeen umorea aztertzea izan da. Kasu honetan, ordea, Provinen asmoa barrearen eta harreman sozialen eta jolasaren arteko erlazioa aztertzea zen.

Horretarako, Atlantan dagoen eta primateak aztertzen dituen Yerkes Zentroko txinpantzeak aukeratu zituen. Horien jolas eta barre-algara zaratatsuak aztertuta, ondorio honetara iritsi zen: lehenengo, gizakia zuzen ibiltzen hasi zen; gero, horri esker, hitz egiteko gaitasuna garatu ahal izan zuen. Beraz, zuzen ibiltzeko gai izango ez bagina, hitz egiterik ere ez genuen izango. Zergatik?

Barre-algara bakoitzeko, txinpantzeek arnasa hartu behar dute. Gizakiok, ordea, arnasaldi bakoitzean hainbat barre-algara egiteko gai gara. Era berean, lau hankako animaliek arnasa hartu behar dute ematen duten urrats bakoitzeko eta, modu horretan, ezinezkoa da arnasa hartzeko sistema garatu eta hitz egiteko gaitasuna lortzea. Beraz, dio Provinek, bi hankaren gainean ibiltzeko gaitasunak arnasa hartzeko modua aldatu zuen, eta, ondorioz, berba egiteko gaitasuna lortu genuen.

Aurrerago ere, zenbait ikertzailek bi hankaren gainean ibiltzeko eta hitz egiteko gaitasunaren arteko erlazioa aztertu du. Providence-ko Brown Unibertsitateko Philip Lieberman, esaterako, gizakion ahots-aparatua aztertzen ari da. Horren esanean, Provinen teoria bat dator berak egindako aurkikuntzekin. Horretaz gain, bi hankaren gaineko lokomozioa kontrolatzen duten burmuin-egiturak ere mintzamena kontrolatzeko ezinbestekoak direla uste du. Beraz, dio zientzialariak, bi hankaren gainean ibiltzen hastean burmuinaren egitura aldatu egin zen eta, geroago, egitura hori baliagarria izan zen mintzamena garatzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia