}

Hitzen jario elektrikoa

2004/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Elektrizitatez astindutako garuna azkarragoa da. Denbora-tarte jakin batean normalean baino hitz gehiago gogoratzeko balio du, behintzat.

Oso korronte txikia nahikoa da. Izan ere, bi miliampereko korrontea besterik ez da behar garuna aktibatzen laguntzeko, gutxi gorabehera, etxeko tresna elektriko batek behar duen baino bostehun aldiz korronte txikiagoa.

Maryland-eko neurologo-talde batek egin du esperimentua 103 pazienterekin. Hogei minutuz izan dute paziente bakoitza elektrodoak buruan jarrita, eta, gero, denbora-tarte batean letra jakin batekin hasten diren hitzak esateko eskatu diete.

Korronte elektrikorik gabeko esperimentuetan, laurogeita hamar segundoan hogei hitz inguru gogoratzen zituzten pazienteek. Baina, korrontea aplikatuz gero, batez beste lau hitz gehiago gogoratzeko gai ziren, hau da, % 20ko hobekuntza lortzen zuten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia