“Hizkuntza gutxituen defentsa instrumentu ahaltsua da planetaren jasangarritasuna lortzeko”
2021/04/22 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lan handia egiten ari zarete naturaren balioak aztertzen eta eztabaida zientifikoaren erdigunean txertatzen. Balio instrumentalak, balio intrintsekoak eta harreman-balioak bereizten dituzue, ezta?
Bai, duela urte batzuk abiatu genuen hausnarketa hori, nazioarteko talde batean. Izan ere, ikusten genuen jasangarritasunaren zientzian eta goi mailako politiketan etengabeko dikotomia bat sortzen dela naturaren balioaz hitz egitean: alde batetik, diskurtso oso instrumentalista, naturak gizarterako edo pertsonentzako sortzen dituen baliabideez hitz egiten duena, ekonomiaren filtrotik pasata (lanpostuak sor ditzakeela, turismoa sustatu…). Ekonomiaren berdeaz hitz egiten dugunean, esaterako. Oso lotua dagoena mendebaldeko ikuspegiarekin, eta beti oso instrumentalizazio bortitz batekin. Eta, beste aldetik, biologiatik datorrena eta naturak berez duen balio intrintsekoa azpimarratzen duena, guri eman dakigukeen baliabideez harago. Batzuetan, natura zaintzeko erantzukizun-sentsazio handi baten eskutik datorrena. Eta bien artean talka etengabea dago; konfliktoak sortzen dira.
Euskal Herrian adibide piloa dauzkagu. Egunkaria ireki eta tokian tokiko hainbat gatazka daude, egunero: orain, Bolintxu dago bolo-bolo, Bilbon Supersur errepidea AP-68arekin lotzeko proiektua. Baina hamaika gatazka egon dira gurean: Itoizko urtegia, Leitzarango autobia, AHT… Etengabeko talka soziala ikusten dugu, eta uste dugu badagoela beste balio-mota bat beharrezkoa dena auzi hori ulertzeko eta gainditzeko: naturarekin dauzkagun harreman emozionalak. Harreman-balioak dira, pertsona bakoitzarentzat desberdinak izan daitezkeenak. Baso batek balio emozional handia izan dezake giza talde batentzako. Harreman horiek ulertu eta mapeatu egin behar ditugu, agendan jartzeko. Ez dira abstraktuak, asko eragiten dute gugan. Erabakiak hartzeko orduan, instrumentalizaziotik eta biozentrismotik haratago, ekuazioan sartu beharreko aldagaia dira. Baina, horretarako, izena jarri behar diogu.
Harreman horiek hizkuntzarekin ere lotu dituzue. Zergatik?
Harreman-balioek zerikusi handia dute gure identitatearekin. Eta identitate hori hainbat gauzarekin elikatzen da: euskaldunok lotura estua dugu gure paisaiarekin eta baita euskararekin ere, gure identitatearen parte dira. Euskarak egiten gaitu, naturak egiten gaitu… Eta jakin nahi genuen euskararekiko harreman emozional horrek ba ote duen zerikusirik guk natura hautemateko moduarekin eta, beraz, naturari atxikitzen dizkiogun baloreekin; horien artean balio instrumental, intrintseko eta batez ere harreman-balioekin.
Inuit batek bere kulturatik (bere begi kultural horietatik) hautematen du eta errealitate horri zentzu bat ematen dio. Natura eta bizitza ulertzeko modu bat ematen dio. Natura eta bizitza ulertzeko modu bat ematen dio. Kulturak eta hizkuntzak errealitate hori hautemateko eta interpretatzeko gakoak (edo gramatika bat) ematen dizkigute.
Jakin nahi izan genuen euskara ba ote den bitartekari bat balio-harremanetan, eta zein modutan baldintzatzen duen jendeak naturarekiko espresatzen dituen balio horiek. Ea euskarak garrantzia ote duen balio harreman horiek sortzerakoan, elikatzerakoan, eta gure egunerokotasunean adierazten ditugunean.
Eta zer ondoriotara iritsi zarete?
Ikerketa mendebaldeko Pirinioetan egin genuen, Nafarroako iparraldean eta Zuberoan: Irati, Amezkoa eta inguru horretan. Gune horretan, hiru hizkuntza hitz egiten dira: euskara, baina baita gaztelania (hegoaldean) eta frantsesa (iparraldean) ere. Ikusi nahi genuen baldintza horietan ea ikusten den patroiren bat non perfil soziolinguistikoek harremanen bat duten natura balioztatzeko moduarekin. Metodologia semikuantitatiboa-semikualitatibo bat erabili genuen horretarako. Estatistika erabiltzen duen arren, helburua ez da gizarte osoaren erradiografia bat egitea. Giza talde ezberdinak identifikatzen saiatu ginen, talde bakoitzean naturaren balioekiko perspektiba bat edo beste gailentzen diren ikusteko.
Basoa hartu genuen eredu gisa, baina itsasoa edo beste edozein har zitekeen. Basoarekiko harreman-mota guztiak aztertu genituen: instrumentalak (turismoa erakartzea, egurra ateratzea…), esperientzia bitalak eta emozionalak (zer sentitzen duten basoan daudenean), moralak (erantzukizuna, basoa hurrengo belaunaldientzat mantentzearen beharra adierazten duten)… Literaturatik eratorritako esaldiak sistematizatu genituen, hiru multzotan: harreman-balioekin zerikusi handia zutenak (adibidez, “basoa beharrezkoa dut nire identitate kulturala ulertzeko”), balio instrumentalekin zerikusia zutenak (adibidez, “basoak ahalbidetzen duen turismoak ongizate ekonomikoa dakar”) eta intrintsekoekin zerikusia dutenak (adibidez, “basoko zuhaitzek berebiziko balioa dute”). Ehun pertsona inguruk parte hartu zuten ikerketan, eta esaldi horiekin, bertako pertsonek basoarekiko zer perspektiba dituzten argitu genuen.
Ikusi genuen gizarte horretan hiru perspektiba nagusi azaltzen zirela, pertsona bakoitzean maila desberdinean azaltzen direnak: perspektiba nagusietako bat da “zaintzaileena”. Hauek naturarekiko duten pertzepzio nagusia da badutela erantzukizun bat basoa ondo ustiatzeko, onura ekologiko eta sozial asko dituelako, eta hurrengo belaunaldiei zor dietelako. Pixkanaka txertatzen ari den diskurtso oso indartsua da, zaintzaren erantzukizuna.
Beste perspektiba nahiko orokortu bat izan zen “eudalmonia” deitzen dena, basoak bizitza betea eskaintzen diela eta espiritualki asetzen dituela adierazten duena. Basorik gabe, beren bizitzan zerbait oso oinarrizkoa faltan izango luketela uste dute.
Eta hirugarren perspektiba oso indartsua dutenen pertsona taldeari “euskarian” deitu diogu. Ikuspegi hau azaleratu duten pertsonek bizi diren tokiarekiko atxikimendu indartsua dute, kultur identitatearekin oso erlazionatuta dagoena; eta basoarekiko balio harreman-mota hauek , euskararekin dute zerikusia. Alde batetik, ezin dute bereizi bertako basoa eta natura, bere kultur identitatetik eta tokian tokiko haien atxikimendutik. Eta euskara bitartekari bat da guzti horretan, euskarak baldintzatzen du tokian tokiko atxikimendua, kultur identitatea eta naturarekiko atxikimendu hori.
Euskararen bitartekaritza ezagututa, eta ingurumen-larrialdi honen baitan, zer estrategia zenuke bizimodu jasangarriagoa sustatze aldera?
Batez ere, balio moral-intriseko eta instrumental-ekonomizisten dikotomia hori hautsi behar dugu, eta naturarekiko ditugun harreman-balioak sartu behar ditugu eztabaidan. Badirudi hizkuntzak, eta batez ere hizkuntza minorizatuen defentsa, instrumentu ahaltsua izan daitezkeela harreman-balio horiek mantendu eta sustatzeko, eta jasangarritasunaren agertoki horretara iristeko. Bestela, gure herrialdearen jasangarritasunarekiko bidaia askoz ere malkartsuagoa eta zailagoa izango da. Hain beharrezkoa dugun jasangarritasuna ez da inoiz iritsiko balio instrumental eta intrintsekoen eskutik bakarrik. Hirurak kokatu behar dira, politikan erabakiak hartzeko.
Baina argi adierazi nahi dut ez dela euskara jakitea eta hitz egitea bakarrik, baizik eta euskararekiko harremana eta, beraz, atxikimendua sustatzea da gakoa; norberaren identitatean sustraitzea. Identitate hori landu behar da, jakinda euskarak baldintzatzen duela.
Beste artikulu bat ere argitaratu duzu nazioarteko zientzialari-talde batekin, tokian tokiko bizimodua eta bioaniztasuna erlazionatzen dituena hau ere. Mendebaldeko mugimendu kontserbazionistena jarrera kritikatu duzue.
Nature familiakoaldizkari batetan perspective artikulu bat argitaratu dugu. Ez da ikerketa bat, gure ikerketetatik eratorritako artikulu bat plazaratu dugu, eztabaida bat sustatu nahi izan dugulako, aurtengo urrianTxinan munduko bioaniztasunaren inguruan izango den goi-gailurrari begira. Hainbat diziplina zientifikotako erreferente handi batzuk bildu genituen: geografian Bill Adams, ekologian Georgina Mace eta Sandra Diaz… Horietako bakoitza mundu mailako itsas argi bat bezalakoa da bere diziplinan, autoritate handia dute haien komunitate zientifikoan etorkizunera begira estrategikoak izan daitezkeen ideiak plazaratzeko.
Gure eta beste askoren ikerketei erreparatuz, ikusten genuen kontserbazioaren politika batez ere mendebaldeko ikuspegiak menderatuta dagoela, eta askotan hegoaldeko herrietan egiten dituela interbentzioak. Oso ikuspegi taktizista erabiltzen dute. Duela 120 urte kolonialismotik eratorri den naturarekiko pertzepzio bat dutela, natura basatiarena, birjinarena, hor bizi den jendearen balio-sistemaren gainetik pasa behar badu ere. Hala, askotan, oso karismatikoak diren espezieak edo habitatak babesteko, bidezkoak ez diren ekintzak proposatzen dituzte. Bioaniztasuna espezie-kopuruan, geneetan, habitatetan edo prozesu ekologikoetan neurtzen dugu, baina naturan bizi den eta naturarekiko atxikimendua duen jende askok, agian, ez ditu aldagai horiek erabiltzen. Aldarrikatzen duguna da beste ikuspegi hori ere ulertu eta aintzat hartu behar dela etikoki bidezkoa izan behar duen naturaren kontserbazioa sustatzeko.
Adibideren bat jar dezakezu?
Bada, Hegoafrikan edo Indian, esaterako, kolonialismoaren garaitik parke naturalak sortu izan dira megafauna babesteko (elefanteak, tigreak eta abar), askotan koloniak ezarri zituztenen mesederako (ehizarako, adibidez), baina, gaur egungo egoera neo-kolonialean, oraindik ere, han bizi den jendea edo komunitate indigenak kanporatzen eta baztertzen dituzte gobernuek. Injustizia handiak egiten dira, jakinda komunitate indigena horiek izan direla bioaniztasun horren zaintzaile, eta natur gune horretan koeboluzionatu dutela haien kulturak eta lehen aipatatutako harreman-balio garrantzitsu horiek.
Natura hitza gizakiok eraikitzen dugun hitza da, antropologoek dioten moduan. Zer da natura? Gu ere naturaren parte gara? Zer paper dugu guk naturaren eboluzioan? Bioaniztasunaren kontzeptu zientifikoak oso ondo funtzionatzen du gauzak katalogatzeko orduan, hori behar-beharrezkoa da natura ulertzeko eta babesteko, baina giza zientziek ere (antropologiak, historiak, ekonomiak, psikologiak…) zeresan handia dute natura ulertzeko eta naturarekiko gure posizioa zein den ulertzeko. Hori modu gardenean eginda, bioaniztasunaren zientziaren 2.0 bertsioa lortuko genuke.
Zer nolako erantzuna jaso duzue mugimendu kontserbazionistatik?
Uste dugu akademiko askori gustatu zaiola hausnarketa; ia 10.000 pertsonek eskuratu dute artikulua, bizpahiru asteotan. Baina kritikak etorriko direla, jakin badakigu. Mugimendu kontserbazionistak pentsa lezake badugula oso zeregin premiazko bat, adibidez planetaren % 30a babestea, eta gure proposamenak ez duela laguntzen halako zenbaki magikoak ezartzerako orduan. Guk dioguna %30 hori ondo dagoela, baina ezin dela espezien katalogoetan bakarrik oinarritu, leku horietan jendea bizi baita, eta, beraz, kontserbazio politikak eta neurriak han bizi diren pertsonekin diseinatu eta inplementatu beharko liratekeela.
Baina, urte askotan, interes-talka gogorra egon da ikuspegi instrumentalen eta ekozentristen artean. Eta orain arte, talka horretan perspektiba instrumentala edo ekonomizista gailentzen doa poliki-poliki, baita munduko politiketan ere. Harreman-balioetan oinarritutako perspektibak ez dira behar bezala aintzat hartzen eta, beraz, ekonomia gora doan bitartean, natura galtzaile bihurtzen ari da. Beste erara esanda, bataila galtzen ari gara bioaniztasuna modu hertsian ulertuta. Ez gara ausartu modu zabal horretan begiratzera benetan guretzat zer den natura, modu pluralean, eta hortik abiatuta sortzera politika eraginkorrak.
Orain, Txinako goi-gailurrean hurrengo hamarkadarako helburuak ezarriko dira, eta planetako lurrazaleraren % 30 babesteko helburua jarriko da seguruenik, bioaniztasuna babeste aldera. Baina, lehen esan bezela, non jarriko dugu % 30 hori? Komunitate indigenetan, batez ere? Nori eragingo dio onura, nagusiki, eta nori izugarrizko kostu ekonomiko eta sozialak? Hori erabakitzeko aintzat hartu behar da aipatutako pluraltasuna, ezin dira erabili espezieen metrikak bakarrik, non dauden espezie gehien edo espezie endemikoak. Natura ulertzeko prisma zabalduko bagenu, gai bagina gizartearen eta naturaren arteko harremanak eta balio anitzak kontuan hartzeko, babesgune horiek ezartzeak onurak ekarriko lituzke naturarentzat zein jendearentzat. Bestela, babesguneak kokatzeak gatazka berriak sor ditzake, eta, hemendik 10 urtera, nahi genuenaren kontrako efektua lortu.
Jakinda aurten Txinan berebiziko garrantzia duen goi-gailur hau egongo dela, komunitate zientifiko eta politikoa, hau da Nazio Batuekiko harremana duen IPBES plataforma zientifko-politikoa eta nazioarteko bioaniztasunaren konbentzioan dabiltzan eragileak, pixka bat astindu nahi genituen. Nazio Batuetako gune batzuetan hasiak dira jada ideia hau haien eztabaidetan txertatzen, hala jakinarazi digute. Eta noraino helduko den ez dakigu, baina eztabaida hau plazaratzeko beharra sentitzen genuen. Jende asko ari zen horretaz hitz egiten, aspaldi, baina eztabaidak oso modu zatikatuan eman dira, bakoitza bere komunitate txikian, bere burbuilan; gu lau haizetara zabaltzen saiatu gara. Burbuila horiek lehertu arazi nahi izan ditugu.
Oso prozesu zaila izan da guretzat, diziplina desberdinetako ikertzaileek elkar ulertzea eta artikulua harilkatzea, parte hartu duten mundu mailako erreferentziazko ikertzaile horiek badakitelako erantzukizun handia dutela euren komunitatean. Baina astintze-prozesuak oso sortzaileak izaten dira. Bestela, zientzian inertzia batzuk sortzen dira, eta denok dakigu inertzian bidaiatzea oso erosoa dela… Inertzia hori apurtzeko, astindu nahi izan dugu, disruptiboak izan. Ikusiko dugu hurrengo bizpahiru urtetan emankorra izan den edo ez. Nik uste dut baietz, artikulu honen bidez zientzia eta politikaren mundua astintzeko aukera baliatuko dugula.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia