}

Hizkuntza indoeuroparren historiako katebegi galdua aurkitu dute, ikerketa genetiko bidez

2025/02/17 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hizkuntza-indoeuroparren-historiako-katebegi-galdu
Zaldiak Rostovsky erreserban. Inguru haietan hasi ziren etxekotzen zaldiak. Arg. Igor Petrovitx Shpilenok/Wikipedia/CC 3.0

K. a. 6.400 eta 2.000 urteen artean Eurasian bizi izandako 435 pertsonaren DNA zaharra aztertu dute, hizkuntza indoeuroparraren jatorria argitzeko. Ikerketan, Iñigo Olalde Marquinez EHUko BIOMICS taldeko ikertzaileak parte hartu du, eta Nature aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak. Ondorioztatu dutenez, duela gutxi identifikatu duten populaizo bat, Kaukaso-Behe Volgakoa, hizkuntza indoeuropardun herri guztiekin lotu daiteke.

Munduko populazioaren ia erdiak hitz egiten du hizkuntza indoeuroparren bat. Denak hizkuntza protoindoeuroparretik datoz, eta guztira 400 baino gehiago daude. Haien artean daude, besteak beste, germaniera, erromantzea, eslaviera, indo-iranera eta zeltera. Ikertzaileak XIX. mendetik dabiltza hizkuntza indoeuroparren jatorria eta zabalkundea ikertzen, baina oraindik hutsune handia dago.

Lehendik egindako ikerketa genetikoek frogatua zuten Jamna edo Yamna kultura (Itsaso Beltzaren eta Kaspiar Itsasoaren iparraldeko estepa ponto-kaspiarretakoa) K. a. 3.100 urte ingurutik aurrera hedatu zela, bai Europarantz, bai erdialdeko Asiarantz. Horrek azaltzen du estepako jatorria agertu izana K. a. 3.100 eta 1.500 urte bitarteko Europa osoko populazioetan.

Estepako populazioaren migrazio horiek eragin handiagoa izan dute Europako gizakien genometan azken 5.000 urteetan izandako beste ezein gertaera demografikok baino, eta uste orokorra da ziurrenik migrazio horien bitartez hedatu zela hizkuntza indoeuroparra.

Ordura arte, estepako jatorririk ageri ez zuen hizkuntza indoeuroparren adar bakarra anatoliera zen, eta haren barruan, hitita. Familiatik lehenik banatu zen adarra izan zen segurutik, eta horregatik gorde zituen beste adar guztietan gerora galdu ziren arkaismoak. 

Orain argitaratu den artikuluaren arabera, aurreko ikerketetan ez zen aurkitu estepako arbasorik hititen artean, eta horren arrazoia da hizkuntza anatoliarren sorburua beste hizkuntza bat zela, orain arte behar bezala deskribatua egon ez den gizatalde batena. Orain jakin dutenez, populazio hori eneolitikoa zen —K. a. 4.500 eta 3.500 urteen artean datatu da— eta Ipar Kaukasoko eta Behe Volgako mendien arteko estepetan bizi izan zen. Populazio hori iturri genetikotzat erabilita, Anatoliako aro hititaren aurreko edo aro hititako bost gizakik gutxienez agertu dute eskualde horretako arbasorik.

Frogatu dutenez, Jamna populazioak Kaukaso-Behe Volgako taldean du bere jatorriaren % 80 inguru. Brontze Aroko erdialdeko Anatoliako biztanleek ere (hititera hiztunek) beren jatorriaren % 10 zeukaten talde horretan. Beraz, Kaukaso-Behe Volgako talde hori indo-anatolieraz mintzo ziren herri guziekin lotu daiteke, eta eta oso litekeena da eskualde horretan K. a. 4.400 eta 4.000 urteen artean indo-anatolieraz mintzo zen herria izatea.