Hodeien laborategia
2006/06/11 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hodeiak egin eta ikertuko dituen laborategia prestatzea zazpi urteko lana izan da. Erabiliko duten tresnak LACIS du izena (Leipzip Aerosol Cloud Interaction Simulator), eta Leipzip-eko ikerketa-institutu batean dago, hain zuzen ere, Alemanian. Asmoa aerosolen eta hodeien arteko harremana sakonean ikertzea da.
Aerosolen eragina
Aerosolak, oro har, airean esekita dauden partikula solido eta likidoak dira. Aerosolak dira, esate baterako, itsas gaineko lanbro gazia, sumendiek jaurtitako hauts eta kedarrak, edo industriak eta errekuntza-motorrek askatutako partikulak.
Dirudienez, hodeiak osatzen dituzten ur-tantak aerosoletan sortzen dira. Horregatik da hain garrantzitsua aerosolak aztertzea hodeien sorrera eta garapena ikertzeko.
Atmosferan gertatzen dena laborategian simulatzeko hodi luze bat prestatu dute, zortzi metro luze den hodi bertikal bat. Hodi horretan oso fin zehazten dira garaiera desberdinetara tenperatura (-50 ºC eta 20 ºC bitartean, gradu ehuneneko baten zehaztasunez) eta hezetasuna (% 0,1eko zehaztasunez). Horrela, kanpoko giroan, atmosferan, altueraren arabera izaten diren kondizioen gorabeherak simulatuko dituzte.
Hodeien garapenari jarraitzeko, berriz, espektrometro optikoak jarri dituzte hodian zehar. Hodeiak azken finean ur-tantak dira; eta espektrometroak tanta horien neurria eta kopurua neurtuko ditu.
Laborategitik kanpora, satelite bidez
Bestalde, hodeiak ikertzeko beste proiektu baten barruan, bi satelite jaurti dituzte: CloudSat eta CALIPSO . Satelite horiek atmosferako hodeiei buruzko datuak jasoko dituzte. Elkarrekin egingo dute lan: elkarren atzetik joango dira datuak bilduz. Hain zuzen ere, datu horiek erabili nahi dituzte ulertzeko hodeiek Eguzkiaren erradiazioa nola absorbatzen duten eta nola islatzen duten. Izan ere, bi efektu horiek berebiziko eragina dute Lurraren kliman.Gainera, ez dira bakarrik egongo, bat egingo baitute dagoeneko orbitan diren beste hiru sateliterekin: Aqua , Aura eta PARASOL Lurra behatzeko sateliteekin, hain zuzen ere. Horrela, Lurraren kliman eragina duten hainbat eragile aztertuko duen satelite-konstelazio bat osatuko dute.
Lurreko hodeiak aztertzeko bi satelite jaurti berri dituzte: CloudSat eta CALIPSO . (Argazkia: NASA)
Sateliteek jasotako datuekin eta laborategian egindako ikerketarekin, eredu klimatikoak aberastu egingo dira. Batez ere, hodeiei dagokien atala indartuko dute. Izan ere, hodeiek eragin handia zutela bazekiten; hodeien garaierak, dentsitateak eta koloreak, besteak beste. Baina orain arte ezin izan dute zenbakitan jarri faktore hori. Hodeien eragina era kuantitatiboan neurtuta, eredu klimatikoetan (eredu matematikoak dira) erabili ahal izango dira aurreikuspenak egiteko.
Beraz, hodeiek kliman duten eragina datu zehatzekin ezagutzea izango dute helburu ondorengo hilabete eta urteetan egingo diren ikerketek.
7K-n argitaratua.