Holografiaren isla gaurko teknologian
2003/08/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Holografiaren aplikazio batzuk hain dira egunerokoak, ezen jende asko ez baita ohartu ere egiten. Baina esku artean duen billeteari erreparatuko balio, berehala ikusiko luke atzealdean eta eskuinean goitik behera dagoen zerrenda distiratsua. Hori holograma bat da; bertan, billetea mugituz gero, euroaren ikurra eta billetea zenbatekoa den azaltzen dira. Kreditu- eta telefono-txartelek ere, benetakoak direla egiaztatzeko, ageri-agerian dute holograma bat.
Holografia 1940ko hamarkadan sortu zen. Hain zuzen ere, Nobel saria jaso zuen Dennis Gabor zientzialariak egin zuen lehen holograma. Bere asmoa mikroskopio elektronikoa hobetzea zen, irudien erregistro fotografiko baten bidez. Erregistro hori bi pausotan oinarritzen zen; plaka fotografiko batean erregistroa egin, eta, hura errebelatu ondoren, argi-izpi bat pasarazten zuen objektuaren irudia pantaila batean osatzeko.
Gaborrek ez zuen helburua lortu, baina irudiak lortzeko bide interesgarri bat asmatu zuen. Izena grekotik hartu zuen; izan ere, holos-ek ‘osoa’ esan nahi du. Gerora, Emmet Leith-ek eta Juris Upatnieks-ek, laserra erabilita, asko hobetu zuten sistema.
Hologramak, irudi errealenak
Holograma, argazkiarekin alderatuta, askoz ere errealagoa da, osoagoa. Argazki batek argiaren anplitudea eta uhin-luzera besterik ez ditu biltzen. Eta kolorea lortzeko, gainera, oinarrizko hiru koloreak nahasi eta iragazkiak erabili behar izaten dira. Hologramak, berriz, benetako koloreak jasotzen ditu. Zergatik?
Argi-iturri batek uhin esferiko bat bidaltzen du espaziora; iturritik distantzia batera, uhina berdin-berdina da. Objektu batekin topo egiten duenean, ordea, uhina asaldatu egiten da eta esferikotasuna galtzen du. Objektuari begiratzean, bi begiek ez dute informazio bera jasotzen; hala ere, garunak egiten duen lanari esker, irudia berregituratu egiten da eta hiru dimentsiotan ikusten da. Holograma batek, berriz, uhin osoa jasotzen du: anplitudea edo intentsitatea, uhin-luzera edo kolorea, eta fasea edo izpien norabidea.
Holograma egiteko, laserra erabiltzen da. Izan ere, laserraren bidez, uhin-luzera zehatzeko argi-sortak lortzen dira. Argi hori bitan banatzen da: bata, erreferentzia-izpia, zuzenean bidaltzen da euskarrira, eta bestea objektuak islatzen du. Biak elkartzean, interferentziak sortzen dira: fase bereko bi uhinek intentsitate handiagoko uhina sortzen dute, eta uhinen faseak aurkakoak badira ezabatu egiten dira. Faseari lotutako intentsitate-aldaketa horiek materialean erregistratuta gelditzen dira, eta horri esker jasotzen da argi osoa eta lortzen da erliebea.
Holografiaren aplikazio teknologikoak
Holografiaren aplikazioen artean interesgarrienetakoa informazioa metatzeko gaitasuna da. Memoria holografikoa hiru dimentsioko argazkiaren antzekoa da. Baina, argazki-pelikuletan ez bezala, memoria holografikoko materialean hainbat 'irudi' gordetzeko aukera dago, bata bestearen gainean.
Horretarako, angelu desberdinetatik igorritako erreferentzia-izpiak erabiltzen dira. Gero, 'irudiak' irakurtzeko, bi laser-izpi gurutzatu erabiltzen dira, idazterakoan erabilitako argi-eredua berreskuratzeko. Lortzen den informazioa, euskarriari zein angeluetatik begiratzen zaion, modu batekoa edo bestekoa izango da, holograma arruntetan gertatzen den bezala. Hartara, informazio asko gorde daiteke euskarri txiki batean eta, horrekin, CDen memoria ikaragarri handitzea espero dute.
Holografiak materiaren sekretuak argitzeko ere balio du; izan ere, molekulak hiru dimentsiotan ikus daitezke holografian oinarritutako teknikari esker. Teknika honek ikaragarrizko bereizmena du, angstrom baten ingurukoa, hau da, gutxi gorabehera atomo baten neurriaren ingurukoa. Beste aplikazioetan bezala, bi izpien arteko interferentzia erregistratzean datza, bata objektuak asaldatutakoa eta bestea ez. Erabiltzen diren izpiak, ordea, laserrarenak izan beharrean, X izpiak edo elektroiak izaten dira. Horren bidez, molekulen egitura zein den jakin daiteke.
Aipatutako bi aplikazio horiek adibideak besterik ez dira, askoz ere gehiago baitaude; adibidez, holografian oinarrituta, irrati-uhinak irudi bihurtzeko era asmatu dute zientzialari batzuek, telebistaren pantaila laua hiru dimentsiokoa bihurtzeko ere erabil daiteke, neurketa zehatzak egiteko... Argi dago holografiak umeak liluratzeko baino zerbait gehiagorako ere balio duela!
Holografia segurtasun-sistemetan Agian, gehien ezagutzen den eta zabalduen dagoen aplikazioa segurtasun-sistemetakoa da: billeteetan, kreditu-txarteletan, identifikazio-txarteletan... ohikoak dira irudi berezi horiek. Distiratsuak eta deigarriak badira ere, ez dira apaingarri gisa erabiltzen, baizik eta faltsutzaileei lana zailtzeko. Izan ere, holograma bat egitea ez da oso erraza: batetik, egiten jakin behar da eta, bestetik, tresna bereziak behar dira, laserrak, kasu. Gainera, faltsifikazioa egiteko, holografiatutako objektuak eta holograma egiteko prozesu osoak berdin-berdinak izan behar dute. Uhin-luzera bat, angelu bat edo fase bat edo beste aukeratzean, emaitzak desberdinak dira. Emaitza irakurri eta irudia berregiteko, ezinbestekoa da konfigurazio ber-bera erabiltzea. Hainbeste faktore direnez, ia ezinezkoa da holograma bat faltsutzea. |
Zabalik-en argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia