}

Homeopatia, zer da medikuntzaren adar hau?

1988/02/01 Barandiaran, Anselmo Iturria: Elhuyar aldizkaria

Samuel Hahnemann-ek sortu zuen homeopatia. Prussiako Meisen-en jaio zen 1755.eko apirilaren hamarrean. Farmazia, kimika eta toxikologiazko ezagumendu sakonak zituen. Sendagile moduan zenbait urtez lan egin ondoren, lanbide hori utzi egin zuen. Bere idatzietan dioenez, sendatzeko zituen bitartekoen urritasunagatik eta drogen eragin zehatza ez jakiteagatik besteak sendatzeko gai ez zela sentitu zuen eta horregatik utzi egin zuen medikuntza.
Samuel Hahnemann.

Ondorengo urteetan itzulpenak egitea ogibide harturik lan egin zuen. Egun batean kininaren propietate toxikoei buruzko Cullen doktorearen Medikuntz tratatua itzultzen ari zelarik, harrituta gelditu zen. Tratatuan esaten zenez, substantzia horrek dosi toxikoetan aldizkako sukarra sortzen du, baina substantzia berori aldizkako sukarra sendatzeko ere erabiltzen da.

Errebelazio honetatik abiatuz, Hahnemann droga hau bera hartzen hasi zen eta bere lehenengo intuizioa baieztatzen joan zen denboraren poderioz. Saiakuntza hau beste pertsonekin esperimentatu zuen eta emaitza bera lortu zuen. Saiakuntza hori oinarritzat hartuz, ondorengo printzipio hau ezarri zuen: Sukarrak desegiten dituen kininak, sukarraren itxurak sortzen ditu pertsona osasuntsuarengan.

Kinina ondoren beste substantziekin (sufrea, belladonna, pulsatilla, etab.) saiatu zen, emaitza bera lortuz. Horrela gaixotasuna eta sendagaiaren artean dagoen etengabeko erlazioa egiaztatu eta honako lege hau ondorioztatu zuen:

Pertsona osasuntsuarengan sintomak sortzen dituen substantziak, sintoma berauek aurkezten dituen gaixoa senda dezake.

Antzekotasunaren legea da homeopatiaren lehen printzipio nagusia.

Askotan droga bat hartuta, oso dosi txikietan bada ere, droga horren eragin toxikoak esperimentatzailearengan gaizkoadura txar baten eran irauten duela egiaztatzen du Hahnemann-ek. Beraz gero eta toxiko-kantitate txikiagoak erabiltzen ditu eraginkortasun terapeutikoa galtzeko arriskuan jarriz.

Baina une honetan bere bigarren aurkikuntza handia egin zuen: disoluzio bakoitza gogorki astinduz (sukuzioa), gero eta toxikotasun txikiagoko baina indar handiagoko sedagaia lortzen du. Beraz sendagai homeopatikoa substantzia diluitu eta dinamizatuez osatuta dagoela esan dezakegu. Hau da homeopatiaren bigarren printzipio nagusia.

Pertsona osasuntsuarengan egindako saiakuntzak

Pertsona osasuntsuarengan substantzia ezberdinekin egindako saiakuntzari patogenesia deitzen zaio. Sendagai baten patogenesia, sendagai hori hartzean pertsona osasuntsu batek esperimentatzen duen sintoma-multzoa da. Homeopatikoki prestatzeko sendagaia hartzean aldaketa dinamikoa gertatzen da pertsonarengan. Aldaketa dinamiko hau, sintometan erakusten da.

Esate baterako, Pultsatill a hartzen badugu, aire zabalean egoteko gogoa, aho lehorra egarririk gabe, gaizkoadura leku itxietan, nahigabeko negarra, hobekuntza kontsolatzean, inbidia, zeloak, etab. esperimentatzen ditugu. Hori gure energiaren aldaketa dinamikoa litzateke. Gaixo kontsideratzen dugun pertsona sintoma beroriekin badatorkigu antzekoa izango zaion sendagai hori emango diogu eta bere oreka psikofisikora itzuliko du.

Hahnemann-ek emandako diluzio infinitesimalen printzipioak, hartutako substantzien kantitatea asko txikitzen du eta hauek eraginkorrak dira.

Homeopatiak, lehenengo sendagaiak pertsona osasuntsuarengan duen eragina aztertzen du, ondoren gaixoari aplikatzeko. Gizakiarengan, saiakuntzetan erabiltzen diren animaliek erakutsi ezin dezaketeen erreakzio subjektibo asko dago.

Sendagai bakarra

Homeopatian sendagai bakar batek gaixotasunaren sintoma guztiak sendatzen ditu eta bakarrik ematen da.

Alopatian (Medikuntza arruntean) ez bezala, homeopatian ez da sengadai-aldaketa edo polifarmazia erabiltzen. Aldi bakoitzean Hahnemann-ek sendagai bakarra erabili bait zuen. Hahnemann ez zegoen polifarmaziarekin ados, elkarrekin erabilitako bi sendagairen eragina ezin zela aurrikusi uste zuelako; bakoitzaren eragina neurri handi batean ezezaguna denean batez ere. (Beraz aldi bakoitzean sendagai bakar bat hartu behar da eta ez bi edo hiru elkarrekin).

Hahnemann-en lanaren mamia, sintomak edo gaixotasunak sendatzea garrantzitsuena ez izatea da; gaixoa ulertzea baizik.

Tratamendua ez dagokio organo berezi bati; berezkoak diren jarauntsia, konstituzio, mota morfologiko, izaera eta psikismoa duen ingurune ekonomiko eta sozial konkretu batean bizi den pertsonari baizik.

Bizi-printzipioa

Hahnemannek, berak Bizi-printzipio deitzen duen gizakiaren ikusmolde energetikoa garatzen du. Gaixotasuna Bizi-printzipio honen anabasaren ondorio da eta printzipio hau berrezarri gabe ezin da osasuna berreskuratu. Hohnemannen ikuspegitik izakiak animatzen dituena eta beren ekintzak zuzentzen dituena energia da. Bizi-energia honek, osasun-egoera egokia egon dadin nahitaezkoak diren ordena eta armonia funtzionala mantentzen ditu.

Bizi-indar hau alteratzen denean, nahaste funtzionalak sortzen dira eta ehunen aldaketak izaten dira gero. Baina luze igaro daiteke gorputzean kalte organikorik gertatu gabe, bizi-indar horren anabasa besterik ez dagoelarik. Esate baterako, lehenengo aldiz gibel-kolikoa sufritzen duen pertsona, une horretatik aurrera kontsideratzen da gaixo. Hala ere badira hilabeteak, urteak beharbada, gaixo zegoela eta kolikoa gertatu arte azaldu ziren sintoma anormalei ez zitzaien kasorik egin. Hau da, kolikoa askoz ere sintoma ikusgarriagoa delako eta gaixotasunaren etapa lesionalaren hasiera ikuskorra markatzen duelako hartzen da gaixotzat.

Bizi-indarraren anabasa hau kausa askok sortua izan daiteke eta sintoma-multzo baten bidez azaltzen da. Sintoma horiek, alteratutako bizi-indar hori birrordenatzeko baliagarri zaizkigu, kalte organikoak azal daitezen eragotziz. Hori lortzen ez bada, bizi-indarraren anabasa funtzio eta ehunen aldaketa patologiko bilakatzen da.

Beraz gaixotasun lokalak (hepatitisa, amigdalitisa, artrosisa, etab.), anabasa dinamiko honen adierazpenak dira. Gaixotasun hauek anabasa zuzentzeaz kezkatu gabe kentzen badira, zauri organikoa sendatua izango dugu, baina ez gaixoa; bizi-indar desorekatuarekin jarraitu eta geroago desoreka horren ondorioz gaixotasun gehiago jasango bait ditu. Esate baterako: pomadaren bidez beste sintomei jaramorik egin gabe ekzema bat kentzea ez da sendatzea, zeren eta azala gaixorik badago organismo osoa gaixorik dagoelako da.

Botika homeopatikoek landaretan dute jatorria %50ean. Hala ere animaliak (erleak esaterako) eta mineralak ere erabiltzen ditu.

Horregatik geroago gaixo bera asma duela itzultzen denean, zenbaitek gaixotasun ezberdina dela kontsideratzen du, baina oraingo honetan ere gaitza lehen zuzendu ez den bizi-indarraren desorekaren beste agerpen bat da; lehen pomadaz sintoma bakarrik tratatu bait zen, pertsona bere osotasunean batere kontutan hartu gabe.

Bizi-indarren alterazioa sintoma guztiengatik nabaritzen da. Hau da, gaixoak jasatzen dituen ondoez sentsorial, psikiko eta fisikoengatik eta medikuak gaixoarengan ikus ditzakeen gauza guztiengatik, eta horrek, dagokion sendagaia aurkitzeko bide bakarra izan behar du.

Gaixoaren berezitasun guztiei sendagaiaren egokitzapenaren behar honek, gaixo batzuk besteengandik bereizten dituzten mauz txikienak aztertzera behartzen du.

Beraz Homeopatian ez dago gaixotasun bakoitzarentzat sendagai bat, zeren eta sintomatologiaren arabera sendagai ezberdinak eman diezazkiekegu gaixotasun bera duten bi pertsonei. Esate baterako: amigdalitisa askatzen duten bi pertsonetan batek minduagoa eskuineko aldea izan dezake eta besteak ezkerrekoa. Gainera eskuin aldekoa oso suminkorra egongo da eta ezkerrekoa ez. Bat egarri izango da, bestea ez eta horregatik gaixo bakoitzaren berezitasunak bilatu beharko ditugu sintoma guztiak estaltzen dituen sendagaia aurkitu arte. Sendagaia ezberdina izango da gaixo bakoitzarentzat; bakoitzak gaixotasuna (amigdalitisa) bere erara adierazten bait du, eta tratatu behar duguna ez da gaixotasuna: bere ezaugarri guztiekin gaixoa baizik.

Antzeko sendagaia gaixoak aurkezten dituen sintoma guztiei badagokie, hura hartzean sintoma-multzo osoa desagertu egingo da eta honekin batera gaixotasuna.

Supresioa

Organismoak etengabe, bere barnetik energia askatzen du; erdigunetik inguruetara. Bizi-energia honen adierazpen librearen aurka doan edozein gauzak, bizi-disfuntzioa sortuko duen desoreka energetikoa erakarriko du. Disfuntzio horren ondorioz sintoma mordoa agertuko da, hala nola: atsekabeak, depresioak, fobiak, inflamazioak, zorna-jarioak, ultzerak, tumoreak, etab. Beraz sintoma guztiek gaixoarengan jatorri amankomuna dute eta baita beren artean oso erlazio estua ere. Esate baterako ekzema, buruko mina, iluntasunarekiko beldurra, kontzientzi estutasuna eta amigdalitisa edukitzeko joera konektatuta egongo dira.

Zer da supresioa? Sintoma edo gaixotasuna era isolatuan sendatzea da, sintoma guztiak eta gaixoaren biopatografia kontutan hartu gabe.

Supresioaren ideia ez da arraroa Medikuntza Klasikoan. Medikuntza hori gaixoari traba egiten dion guztia kentzen saiatzen da eta sendatutzat hartzen du supresioa egindakoan. Horrela sendatzen da beherakoa, opiozko sendagai edo lehorgarrien bidez gaixotasuna kenduz; edo bozioa edo fibroma berauek erauziz sendatzen dira; edo ekzema pomaden bidez barruratuz sendatzen da.

Homeopatia marjinala da gure artean, baina erabilpen zabala du Frantzian. Botika homeopatiko komertzialak.

Honenbestez gaixoa bere gaitzez sendatuta dagoela uste da, eta handik epe batera sintoma behiak aurkezten baditu, kendutako gaitza eta agertu berriaren artean ez da erlaziorik ezartzen.

Supresioen ondorio txarrak ezagutzeak, gaitz berria agertzen denean gaixoaren aurrekinetan kendutako edo diotenez sendatutako beste sintomatologiarik ba ote dagoen bilarazten digu.

Homeopatiak aspalditik ezagutzen du supresioaren ideia eta bere ondorio txarrak.

Efektu txar horiek era askotakoak dira eta ondorioak ustekabekoak eta bereziak izan daitezke. Adibidez, askotan jario baten supresioa edo erupzio batena, maiz asma, buruko mina edo erreumatismoa agertzea dute ondorio.

Ezezagunagoa dena eta batez ere zientzia ofizialak onartzen ez duena, zera da: aldaketa askoz ere gehiago eta maiz askoz ere larriagoak, supresio baten ondorio izatea.

Organismoan oraindik ezagutzen ez ditugun metastasi- edo substituzio-mekanismoak badirela onartu behar dugu. Baina nahiz eta ezagutu ez, mekanismo hauek badira eta zentzu horretan behaketa sistematikoak egin beharrean aurkitzen gara.

Jarioa moztu, haurtokia erauzi edo garatxo soil bat kendu baino lehen, aurkako eta aldeko arrazoiak baloratu behar ditugu. Bizi-indarraren gainazaleko zatiaren desorekak sortutako sintomak (garatxo, jarioa, etab.) bakarrik kontutan hartzen baditugu eta horiekin batera beti azaltzen diren sintoma sakonagoak baloratzen ez baditugu, supresio bat egingo dugu. Hori egin nahi ez badugu, gaixoaren aldaketa dinamiko eta sakona tratatu beharko dugu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia