}

Hominidoak ala homininoak, zer gara gu?

2016/03/01 Iriondo Orensanz, Mikel - Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saila, Zientzia eta Teknologia Fakultatea (UPV/EHU) | Manzano Basabe, Carmen - Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia Saila, Zientzia eta Teknologia Fakultatea (UPV/EHU) Iturria: Elhuyar aldizkaria

hominidoak-ala-homininoak-zer-gara-gu
Arg. Usaid/CCO

Gure ahaide ebolutibo hurbilenak txinpantzeak direla argi eta garbi dugu gaur egun. Orain dela 6-7 milioi urte bizi izan zen gure eta euren arteko azken arbaso komuna, eta banaketa ondoko giza leinuko espezie-fosil ugari ezagutzen ditugu, hala nola, Ardipithecus eta Australopithecus generoko espezieak eta gure generokoak diren Homo habilis, H. erectus edo iaz aurkitutako H. naledi, beste askoren artean. Orain, gure leinuko genero eta espezie horien taldea izendatzerakoan zein izen erabili beharko genuke? Batzuk “hominido” hitza erabiliko lukete; beste batzuk, aldiz, “hominino” izendatuko lituzkete eta aipatu beharra dago azken termino hau dela gaur egun zientzialarien artean hobesten dena. Baina badaude oraindik hain ezagunak ez diren beste aukera batzuk, hala nola, “hominineak” eta “hominoak”. Zein da egokia? Horren inguruan hitz egingo dugu lantxo honetan. Adi, mesedez, irakurle, hitz horiek guztiek esanahi desberdina baitute!

Gizakiak, tximino antropomorfoak bezala ezagutzen ditugun txinpantzeak (txinpantze arrunta eta bonoboa), gorila, orangutana eta giboiekin batera, Hominoidea superfamilian sailkaturik daude. XX. mendearen amaiera arte ikertzaileek hiru adarretan banatzen zituzten “hominoideoak”: gizakia alde batetik (Hominidae familia), giboiak bestetik (Hylobatidae familia) eta txinpantzea, gorila eta orangutana Pongidae familian. Gauzak horrela, “hominido” hitza erabiltzen zen giza leinuari buruz hitz egiterakoan. Baina XX. mendearen bigarren erditik aurrera egindako analisi molekularrei esker behin betiko finkatu genituen hominoideoen arteko erlazio ebolutiboak, eta ahaidetasunaren arabera banatzen dira egun maila taxonomiko desberdinak.

Sailkapen eskola kladista honi jarraiki bi familia bereizten ditugu: Hylobatidae (giboiak) eta Hominidae (beste guztiak; “hominidoak”). Azken honen barruan bi subfamilia daude: Ponginae (orangutanak) eta Homininae (gorila, txinpantzeak eta gizakia; “hominineak”). Homininae subfamiliaren barruan bi tribu bereizten ditugu: Gorillini (gorilak) eta Hominini (txinpantzeak eta gu; “homininoak”); azkenik tribua subtribu mailan bereizten delarik: Panina eta Hominina (erabilera arruntean “hominoak”). Sailkapen-ereduen helburua talde baten filogenia —ahaidetasun-zuhaitza— islatzea izanik, giza leinuko espezie guztien sailkapena subtribu mailaraino eraman beharko genuke, eta gure leinua izendatzeko “hominoak” terminoa erabili.

Baina orduan, zergatik hobesten dugu egun “hominino” terminoa? Bizpahiru gauza hartu behar ditugu kontuan galdera horri erantzuteko. Lehena, kladismoa gero eta onartuagoa dagoela sailkapen-eredu gisa. Bigarren, sailkapenak guk egiten ditugula (beste izaki bizidunek ez dute momentuz proposamenik aurkeztu…), eta ikerlari batzuek ez dute egoki ikusten giza espeziea beste animalietatik hain hurbil egotea; azken batean, lortu dugun garapen mailak ez du parekorik animalien munduan. Sailkapenen inguruko eztabaidaren adibide gisa, beste bi proposamen ekarriko ditugu hona; muturreko adibideak dira baina biek “oinarri zientifikoa” dute.

Lehena J. Huxley-k proposatu zuen 1957. urtean. Bere ustez, gizakiok, beste animalien alde biologikoaz gain, prozesu ebolutiboaren alde berri bat izango genuke, alde psikosoziala. Horrela, Plantae eta Animalia Erreinuak diren bezala, guk Erreinu berri bat osatuko genuke: Psychozoa, hain zuzen. Huxley-ek giza leinuaren bereizketa maila taxonomiko nagusienean jarri zuen. Kontrako muturrean, Elizabeth Watson-ek, S. Eastel-ek eta D. Penny-k 2001. urtean proposaturikoa dugu. Beraiek egindako kalkuluek argi uzten dute gizakien, txinpantzeen eta gorilen arteko ezberdintasun genetikoak, genero berean sailkatuta dauden beste ugaztun ugarien parekoak direla eta hortaz, sailkapen objektibo bat egiterakoan aipaturiko hiru espezie hauek genero berdinean kokatuak egon beharko liratekeela, hots, Homo sapiens, Homo niger eta Homo gorilla izendatu beharko genituzkeela, hurrenez hurren.

Irakurleak ikusi duen bezala aukera ugari ditugu gure espeziea sailkatzeko, bakoitzak oinarri ezberdin bat duelarik, eta horrelako kasuetan adostasuna beharrezkoa da aurrera jarraitzeko. Hori egin zuten 2000. urtean Palman antolaturiko “International Colloquium on Taxonomy and Systematics of the Human Clade” izeneko Nazioarteko Kongresuan. Bilera aurretik, munduko antropologo eta paleontologo guztiei gutun bat luzatu ziguten galdera bakar batekin: “Zein da zure ustez giza leinuko espezieak sailkatzeko maila taxonomiko egokiena?” Erantzun posibleak gorago aipaturiko gehienak ziren: familia, subfamilia, tribua, subtribua edo generoa. Gehiengoak tribuaren alde egin zuen, “homininoak” beraz.

Zientzian, zenbait gauza ez dira beltzak ala zuriak, batez ere gure espeziearekin ari garenean. Gure ezaugarri bereizgarriei, hala nola kontzientziari, balio moralei edo hizkuntzari zein da eman behar diegun garrantzi erlatiboa? Edo agian genetikak ematen duen objektibotasunari egin behar diogu kasu bakarrik? Zer garrantzi izan behar du tradizioak honetan guztian? Ikusi dugun bezala, sailkapen guztiak egokiak izan daitezke, baldin eta argi badugu zer azaldu nahi dugun sailkapenarekin. Gu eta gure leinuko espezieak “hominido” izendatzea egokia izan daiteke, tradizionalki egin den bezala gure ezaugarri bereizgarrien garrantzia azpimarratu nahi badugu, baina antropologoen artean termino hau demodé dagoela esan dezakegu. Egun, gu eta gure leinuko espezieak izendatzeko lortu dugun adostasuna “hominino” terminoan dago. Egun horrela da, etorkizunean, hurrengo belaunaldiko ikertzaileak lanean daudenean, pentsamolde ezberdinekin, auskalo.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia