Hominidoak eta txinpantzeak banatu zirenekoa
2005/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Etiopiako Gona eremuan, gizakiaren eboluzioa ulertzen lagunduko duten fosil batzuk aurkitu dituzte. Ikertzaileak aspalditik ari dira lanean eremu hartan, han baitaude lehenengo hominidoen arrastoak, duela 4,3-4,5 milioi urtekoak. Ardiphitecus ramidus da hominidoa, eta, zientzialarien ustez, huraxe da eboluzioan gizakiaren eta txinpantzearen adarrak banatzean gizakiaren lerroan sortutako lehena.
Hori dela eta, izugarri interesgarriak dira aurkitutako fosilak. Bederatzi banakoren 30 bat fosil dira: hortzak, matrailezur bat, hatzen hezurrak... Datazioa egiteko, hurbil dagoen sumendi baten materialek zituzten argon-isotopoetan oinarritu dira.
Nahiz eta hain aspaldikoa izan, fosilak aztertuta ikusi dute A. ramidus-ek bazuela gaurko gizakiaren antza hainbat gauzatan; esaterako, bi hankan ibiltzen zen eta diamante-itxurako letaginak zituen, ez V-itxurakoak, txinpantzeak dituen bezala. Alabaina, seguruenik txinpantzeen tankera handia izango zuen.