}

Homo berri bat aurkitu dute Israelen

2021/06/24 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikusteko dago nola eragiten dion aurkikuntza berriak hominidoen azken milioi urte erdi honetako paisaia ebolutiboari

homo-berri-bat-aurkitu-dute-israelen
Nesher Ramla Homo-ren hezur parietala, masailezurra eta beheko bigarren molarrak, Israelgo aztarnategi berrian aurkitu dituztenak. Arg. Ariel Pokhojaev, Sackler Faculty of Medicine, Tel Aviv University

Israelgo Nesher Ramla herrialdean Homo berri bat aurkitu dutela jakinarazi dute Science aldizkarian. Nesher Ramla Homo izena jarri diote, eta duela 140.000-120.000 urte inguruko arrastoak omen dira. Aspalditik dakite Homo sapiens-en lehen populazioak jada duela 130.000-100.000 urte bizi zirela Ekialde Ertainean. Beraz, baliteke denboran bat egin izana Nesher Ramla Homo-k eta gizaki modernoak.

Aztarnategian azaldutako erreminta litikoak aztertuta, ikusi dute Erdi Pleistozenoko industria eta Levallois teknologia erabiltzen zituela Homo berriak; hain zuzen, sapiensak erabiltzen zuen teknologia litiko bera. Horrek iradokitzen du denbora luzez elkarrekin interakzioan egon zirela bi gizaki-motak.

Nesher Ramlako aztarnategia. Arg. Y. Zaidner

Bestetik, aurkitutako fosilak ere aztertu dituzte, eta argitu dute neandertalen eta gizaki arkaikoagoen ezaugarriak dituztela konbinatuta. Aspalditik uste izan da neandertalak Europan sortu zirela, baina, azken aldian, ikertzaile batzuek iradoki izan dute Europatik kanpoko talde ezezagunen baten ekarpen genetikoren bat ere baduela. Asiako mendebaldeko Nesher Ramla Homo populazio berriaren ezaugarriak ikusita, I. Hershkovitz, J.L. Arsuaga eta ikerketaren beste egileek iradoki dute populazio berriak neandertalekin ere izango zuela interakzioa, eta, beraz, eragin zuzena izango zuela giza eboluzioan.

Nesher Ramla Homo-ak sortutako erraminta litikoa. Arg. Y. Zaidner

Litekeena da Afrika eta Eurasiako bidegurutze horretan uste zena baino korapilatsuagoa izatea populazioen arteko dinamika. Nolanahi ere, populazio berria izendatzean, Homo espezie-izenen ohiko izendapena saihestu dute zientzialariek, apropos. Izan ere, gero eta argiago dagoenez Homo generoko populazioek beren artean hartu-eman kultural eta biologikoa izan zutela, indarra hartzen ari da espezie desberdinak ote ziren zalantzan jartzen duen ikuspegia. Lanaren egileen ustez, berrikusteko dago zenbateraino diren espezie, leinu edo populazio Homo generoa osatzen duten taldeak: erectus, georgicus, antecessor, naledi, floresiensis, luzonensis, heidelbergensis, helmei, denisovanos, neanderthalensis, sapiens…

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia